2023ko uztailaren 6a
Iñigo Ansola, Francisco Maza, Raquél Gonzalez, Imanol Iturrioz, Jose Ignacio Zudaire, Emiliano López Atxurra, José Gregorio Luque, Mikel Amundarain, Iván Martén, Berta Cabello, Victor del Barrio, Pedro Cotera eta Jorge Fernández ekitaldian.
Energy Intelligence Centerren egin den lehen ekitaldia izan da, energia-teknologien berrikuntzaren arloan nazioartean erreferentzia izan nahi duen gune hau inauguratu zenetik.
Garraioaren sektoreak eraldaketa sakona izan behar du Europar Batasunak 2050erako ezarritako helburua betetzeko: berotegi-efektuko gasen emisioak % 90 murriztea. Erregai berriztagarriak eta hidrogenoa dira emisio horiek murrizteko alternatiba nagusietako batzuk.
Gaur goizean, Petronorrek eta Orkestrak antolatutako ekitaldi bat egin da Energy Intelligence Centerren. Ekitaldi horren helburua zen sektoreko erakunde eta enpresa liderren arteko topagunea izatea, erregai berriztagarrien eta hidrogeno berdearen garapenak Euskadiri dakarzkion aukerak aztertzeko.
Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak ireki du topaketa, jasangarritasun energetikorantz etengabe lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratuz eta Orkestrarekin duen konpromisoa berretsiz, "ezagutza zaindu gabe ez baitugu jakingo nola gauden gaur egun, ezta nolakoa izango den etorkizuna ere".
Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuorde Mikel Amundarainek lankidetza publiko-pribatua eta teknologiari eta ezagutzari lotutako ikerketa eta garapena aipatu ditu ekonomia iraunkorrago baterantz aurrera egiteko ezinbesteko elementu gisa. Horretan bat zetorren Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, eta bere hitzaldian azpimarratu du garrantzitsua dela "energia garbi eta berriztagarrien garapena ekuazioaren erdigunean jarriko duten ekimenak bultzatzea, mugikortasun iraunkorrerantz aurrera egiteko".
Baina, zer dira erregai berriztagarriak? Zer onura dakarzkie horiek garatzeak mugikortasunaren sektoreko enpresei? Victor del Barrio, ALSAko project managerra; Berta Cabello, Repsoleko Erregai Berriztagarrien zuzendaria eta Pedro Cotera, Scania Groupeko Espainiako Hiri Autobusen Negozioaren zuzendaria galdera horiei erantzuten saiatu dira Orkestrako Energia eta Ingurumen Labeko koordinatzaile Jorge Fernándezek moderatutako mahai-inguru batean.
Bigarren mahai-inguruan, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak hidrogeno berriztagarriaren potentzialari buruzko gogoeta egin du, eta Eusko Jaurlaritzak hidrogenoaren balio-katea bultzatzeko abian jarri dituen ekimenetako batzuen berri eman du. Imanol Iturrioz, CAFeko I+Gko zuzendaria; Raquel González, Talgoko Produktuaren Berrikuntzako Industria Diseinuko ingeniari seniorra; Francisco Maza, Repsoleko Hidrogeno Zuzendaritzakoa, eta Jose Ignacio Zudaire, Hidrogenoaren Euskal Korridoreko presidentea izan dira mahai-inguruko partaideak.
Ivan Marten Uliarte Orkestrako presidenteak jardunaldiaren amaieran ondorioztatu duenez, garraioko emisioak murriztea ezinbestekoa da, baina konplexua da eta ez dago aurre egin beharreko erronka guztiei erantzun eraginkorra emango dien irtenbide teknologiko bakarra. Hala ere, erregai berriztagarriek aukera ematen digute deskarbonizazioan aurrera egiteko errepide bidezko garraio astunean, lineak elektrifikatuta ez dauden trenbide bidezko garraioan, itsas garraioan edo abiazioan.