2022ko irailaren 29a

DeustoForum 2022

  • Topaketa UPLIFT proiektuaren barruan dago. Europako proiektu horretan Orkestrak eta Barakaldoko Udalak hartzen dute parte 

  • Proiektuak Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko 16 hiri aztertuko ditu, horien artean Barakaldo, eta gazteriari lotutako politika publikoen erdian gazteen ahotsa jartzea du helburu, besteak beste, etxebizitzaren, hezkuntzaren eta enpleguaren esparruan.

  • Ikerketako nazioarteko 15 erakundetako profesionalekin batera, Barakaldoko eta Europako beste hiri batzuetako gazteek ere hartuko dute parte topaketan, beren esperientziak azaltzeko.

Azken hamarkadako finantza krisiak eta pandemiak areagotu egin dituzte, Europan, gizarte eta ekonomia desberdintasunak eta gazteek dute pobrezian erortzeko arriskurik handiena. Aste honetan, UPLIFT proiektuari lotutako topaketa izango da Barakaldon. Europar proiektu horretan, Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko ikertzaileek eta 16 hiritako gazteek hartzen dute parte.

UPLIFT europar proiektua Europako Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatzen du. Gazteriari bideratutako politika publikoetan, besteak beste, etxebizitzaren, hezkuntzaren eta enpleguaren esparruetan, gazteen ahotsak erdian nola jarri aztertzea du helburu.

2020ko urtarrilaz geroztik, gazteei eragiten dieten desberdintasunak sakon ulertzeko, datuak aztertu eta politikak erabakitzeko eta ezartzeko arduradunekin elkarrizketak eta parte hartze tailerrak egin dituzte. Gainera, elkarlanean sortzeko prozesu bat ere ari dira egiten, hiri bakoitzeko gazte batzuekin.

Irailaren 29an eta 30ean elkartu dira Barakaldon proiektuko kideak, pandemiaren ondorengo lehen bilera presentzialean. Topaketa hori antolatzen aritu dira Barakaldoko Udala, Eretza Hirigintza Elkartea eta Orkestra. Ekitaldian 50 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte. Besteak beste, lan bilerak egingo dituzte, ikaskuntzak partekatzeko; hiri desberdinetako gazteen esperientziak ezagutzeko saioak izango dira; eta Barakaldoko toki ezagunenetako batzuetara bisitak.

Orkestra, gazteen eta erabakitzaile publikoen arteko lotura

Proiektuan parte hartzen duten hamasei hirietatik lautan politikak elkarlanean sortzeko prozesu bat egin da eta horri esker, gazteek desberdintasunaren inguruan bizi izan dituzten esperientzia gainditzeko irtenbide posibleak diseinatu ahal izan dituzte. Lau hiri horietako bat da Barakaldo, proiektuan parte hartzen duen Espainiako hiri bakarra.

2021eko abenduaz geroztik, udalerriko gazte talde batek elkarlaneko prozesu batean parte hartu du, Orkestrako ikertzaileek koordinatuta. Prozesu horretan parte hartu dute, halaber, Udaleko hainbat zinegotzik eta Udaleko, Eretzako eta Gazte Bulegoko teknikariek.

Orkestrako ikertzaileek lanerako bi eremu diseinatu dituzte, parte hartzaileek elkarri entzuteko eta eztabaidatzeko. Lehenengoa, Youth Board da: hainbat topaketa dinamiko egin dira, konfiantzazko giroan, gazteek beren kezkak eta zalantzak azaltzeko. Bigarrenean, Social Lab deitutakoan, Youth Boardeko bi gaztek beren zalantzak eta ekarpenak helarazi dizkiete zinegotziei. Hala, gazteen arazoen irtenbide posibleak aztertu ahal izan dira, igurikimenak mugatu eta beste bide batzuk ireki, ekintza plan bideragarria eta errealista diseinatzeko pausoak emateko.

Usue Lorenz ikertzaile eta proiektuaren arduradunak ziurtatu du Orkestrak bi helburu zituela: “Alde batetik, desberdintasuna zer den eta nola neur daitekeen ulertzea, bereziki gazteen artean, eta, beste alde batetik, lehiakortasuneko hiri politikak egiteko modua berritzea, politika horien erdi-erdian herritarren ahotsa jartzeko”. Era berean, azpimarratu du Institutua izan dela gazteen eta erabakitzaile publikoen arteko lotura eta “oso pozgarria” izan dela bi taldeek nolako elkarreragina izan duten eta elkarrekin gogoetarako agenda nola landu duten ikustea. Zehazki, etxebizitza eskuratzeko esparruan, hobetzeko 4 proposamen zehaztu dituzte.