2020ko azaroaren 30a

Encuentro digitalización

Orkestrak eta Prestakuntza Dualeko Bankia Fundazioak Espainiako Lanbide Heziketako lehen Behatokia aurkeztu dute, hezkuntza sistema honen gaur egungo egoera eta azken urteetako bilakaera aztertzeko helburua duena

Lanbide Heziketa garrantzi handikoa da, gizarte ongizatea bultzatzeko aukera ematen duelako; lehiakortasuna eta berrikuntza indartzeko ahalmena duelako; eta banakako, eskualdeko eta tokiko garapenari laguntzen diolako. Arrazoi hori dela eta, azken urteetan Orkestra Prestakuntza Dualeko Bankia Fundazioarekin lanean aritu da, autonomia erkidegoetan lanbide heziketaren egoera eta bilakaera zein izan den aztertzen.

Atzo aurkeztu zen Madrilen Espainiako Lanbide Heziketako lehen Behatokia, bi erakundeen elkarlanaren emaitza. Plataforma horrek lanbide heziketari lotutako datu ugari eskaintzen ditu, hasierako lanbide heziketari, lanbide heziketa dualari eta lanerako lanbide heziketari dagokionez. Gainera, beste arlo batzuk ere lantzen ditu: lanbide heziketa eta gizarte erronkak, lan merkatua eta laneratzea, eta eskariaren eta eskaintzaren arteko doikuntza. Ekitaldian Lanbide Heziketaren Espainiako eta autonomia erkidego eta hiri autonomoetako egoeraren urteko txostena aurkeztu zen.

Aurkezpenean parte hartu zuten, Orkestraren izenean, Juan Gamboa eta Mikel Albizu ikertzaileek. Haiekin batera izan ziren José Ignacio Goirigolzarri, Bankiako eta Bankia Fundazioko presidentea; Clara Sanz, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko lanbide heziketako idazkari nagusia; eta Prestakuntza Dualeko Bankia Fundazioko hainbat kide, erakunde horrek lagundu baitu txostena prestatzen eta Behatokia sortzen.

Lanbide Heziketari buruzko 2020ko txostena

Orkestrak dagoeneko hainbat ikerketa egin ditu Lanbide Heziketako sistemari buruz, Nafarroan, Errioxan, Gaztela eta Leonen eta Gaztela-Mantxan, Bankia Fundazioarekin elkarlanean. Oraingoan, aurkeztutako txostenak lanbide heziketak Espainian eta herrialdeko autonomia erkidego eta hiri autonomoetan izan duen aurrerapenaren ikuspegi orokorra eta xehea eskaintzen digu, Behatokiko datu ugari aztertuta.

Txostenaren ondorio nagusietako bat da lanbide heziketa lan merkatuan sartzeko ate nagusietako bat dela epe labur eta ertainera, bereziki pandemiak ekarri duen egoeran, alegia, langabezia handiagoko egoeran. Horregatik, beharrezkoa da enplegurako Lanbide Heziketa bultzatzea eta profesionaltasun ziurtagiriak indartzea, aukera ematen baitute ibilbide bat egiaztatzeko eta langileei gaitasun berriei lotutako prestakuntza eskaintzeko eta kualifikazioak eguneratzeko, modu dinamikoan eta azkarrean.

Gainera, lanbide heziketak gazteei prestakuntza eskaini behar die lan merkatuan eraginkortasunez eta azkar barneratzeko. Mikel Albizuk txostenaren aurkezpenean esaten zuen bezala, lanbide heziketaren bidez kualifikazioak eguneratzeko lana “epe ertain eta luzeko trantsizioetara bideratu behar da, ibilbide luzea izango duten eta lanbide ibilbide trinkoak sortuko dituzten prestakuntza esparruetan”.

Lanbide Heziketako Behatokia

Lanbide Heziketako komunitateak www.observatoriofp.com helbidean eskura ditzake hainbat adierazle oinarrizko eta aurreratu, mailen, lanbide familien edo eskualdeen arabera banatuak. Datu horiekin, alderapenak egin eta bilakaera aztertu ahal izango da. Datuak erakunde ofizialetatik hartzen dira eta etengabe eguneratzen dira.

Juan Gamboak, Orkestran proiektuaren gidari izan den ikertzaileak, Behatokiaren lurralde ikuspegia azpimarratu zuen aurkezpenean: “Espainiako Lanbide Heziketaren sistemaren ikuspegi orokorra edukitzea oso garrantzitsua da, baina autonomia erkidegoetako eta hiri autonomoetako datuak aztertu ahal izatea funtsezkoa da lanbide heziketak aurrera egin dezan”.

Pertsonen gaitasunak, funtsezkoak Euskal Autonomia Erkidegoko erresilientziarako

Orkestrak proiektu honetan parte hartzea Institutuaren Etorkizuneko trebetasun eta enpleguari buruzko ikerrildoaren barruan dago. Euskal Autonomia Erkidegoak gehiegizko kualifikazioaren eta gazteen langabeziaren erronkei egin behar die aurre. Beraz, lanbide heziketak pertsonen gaitasunak optimizatzeko eta haien enplegagarritasuna indartzeko eskaintzen ditzakeen aukerak ezagutzea oso garrantzitsua da erkidego honetan.

Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenak gaitasunak aztertu zituen, Euskal Autonomia Erkidegoak datozen urteetarako behar izango dituen baliabideak baitira, bai banaka eta bai multzoan. Gainera, 2020ko Txosteneko diagnostikoak ere pertsonen gaitasunak aipatzen ditu pandemiaren ondoren Euskal Autonomia Erkidegoaren erresilientziarako 7 gako azaltzerakoan.