2020ko otsailak 25

Entrevista grupo uplift

  • Euskal Autonomia Erkidegoko gazteak, batez beste, 29 urte eta erdi dituztela joaten dira beren kasa bizitzera, independente izateko ustez adinik egokiena dena baino sei urte geroago

UPLIFT Europako Horizon 2020 programaren barruan (akordioaren zenbakia: 870898) dagoen proiektu bat da, gazteek etxebizitza eskuratzeko orduan bizi duten desberdintasuna eta gizarte bazterketa lantzea helburu duena. Orkestrak proiektuan parte hartzen du, Barakaldoko udaleko hainbat zinegotzirekin batera -Etxebizitza eta Hirigintzako plangintza eta kudeaketa arloko zinegotzi ordezkaria buru dela-. Proiektuan laguntzaile dira, halaber, ERETZA -Barakaldoko Hirigintza Elkartea-, BIC Bizkaia Ezkerraldea eta Goiztiri gobernuz kanpoko erakundea. “Hurrengo hiru urteetan, gure helburuko taldearen gaur egungo eta etorkizuneko egoera aztertu eta ulertu nahi dugu, desberdintasun horiek murriztera bideratutako hirigintza politikak ikuspegi berritzaile batekin diseinatzeko”, dio Noel Martín Muñizek, Orkestran UPLIFT proiektuaz arduratuko denak.

Gazteek etxebizitza bat eskuratzeko orduan desberdintasunak eta gizarte bazterketak duten eragina landuko duzue. Gure gazteak arriskuan al daude?

Baliabide ekonomikorik ez edukitzeak eta etxebizitzak garestiak izateak gazteei emantzipatzea zailtzen diete. Euskadiko gazteriaren behatokiaren arabera, 18 eta 34 urte arteko gazteen erdia baino gutxiago emantzipatu da. Ez emantzipatzeko arrazoi nagusia da etxebizitza bat alokatzeak edo erosteak hileko soldataren erdia baino gehiago hartzen duela. Hori ikusirik, aztertu nahi da gazteek nola eskuratzen duten etxebizitza eta zein eragin duen horrek gazteen etorkizuneko gizarte inklusioan, ohituren, hezkuntzaren, energiaren edo familia bat osatzeko aukeren ikuspuntutik.

Epe ertaineko proiektu europar bat da. Nola helduko diozue erronka horri?

UPLIFT Europako 15 erakundek osatzen dute (“partnerrak”), diziplina askotako profil teknikoak dituztenak eta hainbat herrialdetan kokatuak. Orkestrarekin eta Barakaldoko Udalarekin batera, proiektuan beste erakunde hauek hartzen dute parte, besteak beste: The Metropolitan Research Institute (Hungaria), The Delft University of Technology (Herbehereak), The University of Tartu (Estonia), SUPPEDITO SRL (Errumania), Centro de Estudos para la Intervençao Social (Portugal), The Young Foundation (Erresuma Batua), UrbanPlus Droste Partner (Alemania) eta The Uppsala University (Suedia).

Lehenengo fasean, arazo honen egoera aztertuko dugu, erabiltzen diren jardunbideak eta toki bakoitzeko esperientziak. Ondoren, lau “gizarte laborategi” erabiliz lan egingo dugu: Amsterdam (Herbehereak), Sfantu Gheorghe (Errumania), Tallinn (Estonia) eta Barakaldo (Espainia). Lau hiri horiek askotariko errealitateak dituzte, baina osagarriak dira, gazteen etxebizitza arazoari erreparatuta. Kasuetako bakoitza aztertuko dugu, Europan gertatzen denaren ikuspegi holistikoa edukitzeko, proiektuaren helburua baita kontinente zahar osoari eragiten dion erronka hau aztertu eta irtenbideak bilatzea.

"Proiektuak lau hiriburu hauen egoera ikertu nahi du Europan gertatzen denaren ikuspegi holistikoa edukitzeko"

Zergatik aukeratu duzue Barakaldo laborategi bizi gisa?

Barakaldon etxebizitza bat eskuratzea nahiko zaila da, nahiz eta prezioak Bilbon baino % 18-25 merkeagoak izan. Familia batek etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratu behar duen hileko soldataren ehunekoak etxeko diru sarrera errealen zati handi bat hartzen du. Emantzipatu nahi duen gazteak etxebizitza merkatua gero eta garestiagoa dela ikusiko du, bai etxebizitza hori errentan hartu nahi duenean eta bai erosi nahi duenean. Proiektuak gazteekin ez ezik, ama ezkongabeekin, seme-alabak dituzten migratzaileekin eta abarrekin ere lan egin nahi du. Bilboren ostean, Barakaldok du migratzaileen populaziorik handiena Bizkaian eta horregatik aukeratu dugu hiri hori UPLIFT proiekturako. Bide batez, biztanleriaren integrazio maila eta bizi baldintzak ere ezagutu nahi ditugu.

Hasieran esan duzu proiektuak Europako hiri askoren erronka denari irtenbideak bilatzea duela helburu. Zerbait aurreratu al diezagukezu Europan gazteek etxebizitza lortzeko dituzten arazoen inguruan?

Proiektu honetan, gure bazkidetako bat Erresuma Batua da. Londresen, gazte helduen herenak oraindik ez du emantzipatzea lortu, eta erdiak baino gutxiagok lortu du, baina alokairuan joanda, ez etxea erosita. Denbora gutxian, hiri handietako etxebizitzen prezioak izugarri egin du gora, baita etxebizitzari lotutako gastuek ere. Eta soldata, askotan, ez da nahikoa gastu horiei guztiei aurre egiteko.
Kasu batzuetan, irtenbide berritzaileak bilatu dira gazteek etxebizitza eskuratu dezaten. 

Nolakoak dira irtenbide berritzaile horiek?

Amsterdamen, adibidez, Starblok Riekerhaven proiektuak ordaintzeko moduko etxebizitzak eskaintzen dizkie gazte errefuxiatuei eta bertakoei, proportzio berean nahastuta. Ekimen honen bidez gazteen gaitasunak hobetu nahi dira, lan merkatura oinarri sendoekin irits daitezen eta, aurrerago, etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten. Parte hartzaileek bost urteko alokairu kontratu bat dute eta epe hori igarota, higiezinen merkatuan modu autonomoan sartzeko aukera izango dutela espero da.

Bilbon ere hainbat ekimen ari dira aurrera eramaten. Alde batetik, Kuvu egitasmoa dugu. Egitasmo honek gazteei laguntzen die etxebizitza partekatu bat aurkitzen, antzeko ezaugarriak izanik ere, beste belaunaldi batekoak diren pertsonekin. Beste alde batetik, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen Gazte Solidarioentzako programa dugu, unibertsitateko ikasleei bideratua, udalaren jabetzakoak diren etxebizitzak partekatzeko, prezio sinboliko batean, komunitatearentzat lan batzuk egitearen truke.

"Barakaldok metodologia jakin bat kudeatzea eta bere sentitu eta aitortzea nahi dugu, arazoa duen kolektiboak adierazitakoa aintzat hartuz lantzeko politika berriak"

Proiektu honekin, hain zuzen ere, egoera ulertzea eta hirigintza politiken diseinuan ikuspegi berritzaile batekin lan egitea bilatzen da, desberdintasunak gutxitzeko. Ikerketaren ikuspegitik, horrek nolako eragina izango du?

Proiektuak iraungo duen urteetan, egoera aztertuko dugu, herrialde bakoitzeko esperientziak eta Europan arloko politiketatik ateratako ikasbideak. Metodologia bat sortu nahi dugu lurraldeko interes taldeen artean gogoeta partekaturako dinamikak sustatzeko. Era berean, politikak adosteko behar diren inputak eskaini nahi ditugu, konpondu edo arindu nahi den arazotik ahalik eta hurbilen.

Gure lurraldeari dagokionez, Barakaldok metodologia jakin bat kudeatzea eta bere sentitu eta aitortzea nahi dugu, arazoa duen kolektibo horrek adierazi duenari erantzungo dioten politikak herritarrekin eta interes taldeekin elkarlanean sortzea, garatzea eta ezartzea ahalbidetuko duena.

  

logo European Commission