2019ko azaroaren 22a

Basque cluster 2019

Teknologia berriak eta klima aldaketaren aurkako borroka guztiongan eragina duten bi joera global dira. “Teknologiaren eta energiaren trantsizioari heltzea da Euskadiren helburu handietako bat”, adierazi du Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, klusterren urteko topaketa inauguratzerakoan. Azpimarratu du, gainera, “Euskadi ez dela low cost” herrialdea eta, horregatik, “balio erantsia eskainiz lehiatu behar” dela. Lankidetza “gakoa izango da hurrengo urteetan erronka horietan eta beste batzuetan lan egiteko”.

Klusterren arteko lankidetza izan da, halaber, “La tecnología que viene, retos y necesidad de colaboración” izenburupean, James Wilson Orkestrako ikertzaileak eta Joseba Laka Tecnaliako ordezkariak egin duten hitzaldiaren ardatza, Basque Cluster Day 2019 honetan. Jardunaldia SPRI-Eusko Jaurlaritzak eta Orkestrak antolatzen dute eta gaur izan da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Elkartegian, Zamudion.

Teknologia klusterren negozio ereduen konfigurazioa aldatzen ari da

Wilson eta Lakak klusterretako erakunde dinamizatzaileek bizi izan dituzten aldaketak aipatu dituzte hitzaldian. Erakunde horiek elkarri laguntzen eta berrantolatzen joan dira, bakoitzaren jardueraren, lan egiteko moduaren eta uneko beharren edo erronken arabera.

Joseba Lakak adierazi du “teknologia katalizatzaile bat” dela, lankidetza sustatzen duena eta aurrerago enpresa berri bihur daitezkeen aukera berriak ekartzen dituena. Horregatik, klusterren ikuspegia ere aldatuz eta bilakatuz joan da. Era berean, 4.0 teknologien erabilerak klusterren geografia ere aldatu du eta klusterren arteko harremanak estutu ditu, lotura estuagoa delako. Azken batean, James Wilsonek adierazi duen bezala, “teknologia klusterren konfigurazioa aldatzen ari da, balio kate eta negozio eredu berriak sortzen ari direlako”.

Argudio horren ildotik, Wilsonek aipatu du “etorkizunean, zerbitzuen klusterren pisua handitu” egingo dela. Hala, zerbitzuak industrian txertatzeak dakarren aukera azpimarratu du, etorkizunean lehiatu ahal izateko. Negozio ereduetan ikusten diren joerak, esate baterako, zerbitzutzea, kontuan hartu behar dituzte klusterrek, “teknologiak aukera ematen baitie zerbitzutzeko, klusterren bidez”.

Era berean, Wilsonek aipatu du garrantzitsuak direla klusterretako lankidetza dinamikak, “gizarte eredu iraunkor baterako pausoak eman ahal izateko”. Erantsi du, halaber, klusterrak ongi kokatuta daudela “erronka globalei erantzunak bilatzeko prozesuetan laguntzeko. Horien artean, klima aldaketa aipatu du, ikuspegi ekonomikoa, teknologikoa eta soziala kontuan hartuko duten dimentsio askotako irtenbideak behar dituena. Garapen Iraunkorreko Helburuak esparru egokia izan daitezke helburu horiek lortzen laguntzera bideratutako kluster politikak lantzeko.