2019ko azaroaren 14a.

evento modelos transicion energetica orkestra

Energiaren Euskal Erakundeak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak antolatutako Energia Trantsizioari buruzko jardunaldia hartu du gaur Guggenheim Museoko entzungelak, eta Europan Trantsizioaren alorreko erreferentziazko herrialde diren Norvegiako, Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko adituek parte hartu dute jardunaldi horretan. 300 pertsonatik gora bertaratu dira, eta horrenbestez entzungela mukuru bete da, % 100ean.

Iñigo Ansola Kareaga Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak inauguratu du jardunaldia, eta eztabaidari hasiera emateko honako galdera hau egin du, jardunaldiko ondorengo hausnarketen abiapuntu gisa, ba al da Energia Trantsiziorako eredurik Europarentzat? Bere hitzaldian nabarmendu duenez, egon badaude herrialde guztietarako helburu komunak energia-jasangarritasunaren alorrean, hain zuzen ere Europako instantzietatik ezarritakoak, baina hala ere, “herrialde bakoitzak estrategia bakar bat planteatu behar du, besterenezina, bakoitza errealitate eta egoera energetiko batetik abiatzen delako, bere ezaugarri demografiko, ekonomiko eta politiko propioekin eta lurralde-ezaugarri jakin batzuekin”. Adierazi du, halaber, Euskadiko Energia Trantsizioari dagokionez ez dela aurreikusten energia-sistemaren bilakaera disruptibo bat, pixkanakako bilakaera bat baizik, produkzio-sareak egokitzeko eta aberastasuna, ezagutza eta enplegua sortzearen alorrean lortu dituen mailei eusteko aukera izan dezan. Euskal Energia Estrategia da horretarako ibilbide-orria, energia-efizientziari eta berriztagarriei dagokienez epe luzerako ikuspegia eta asmo handiko helburuak biltzen dituen dokumentu bat.

Norvegiako, Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko Energia Trantsizioko adituek beren energia-politiken alderdi nagusiak aurkeztu dituzte.

Jardunaldiko ponentzia nagusia Eirik Waernes Norvegiako Equinor energia-konpainiako presidenteorde senior eta ekonomialari buruaren kontura izan da. Bere herrialdean energia zehatz-mehatz zertan den azaldu du, eta Norvegiak Energia Trantsizioan aurre egin beharreko erronken berri ere eman digu. Elektrizitateak indar handia du Norvegian, % 50 baita gutxi gora behera, % 20ko batezbesteko globalaren aldean, berriztagarri hidrikoen ekoizpen handiari esker neurri handi batean. Paradoxa bat gertatzen da, ordea. Izan ere, energia-sistemak oinarri berriztagarri garrantzitsua badu ere, petrolio-produktuen eta gas naturalaren produktore eta esportatzaile liderra da aldi berean, erreserba handiekin eta oraindik aurkitzeke dauden baliabide ugariekin gainera.

Jarraian mahai-ingurua izan da, Jorge Fernándezek moderatua (Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko energia-alorreko koordinatzailea eta ikertzailea da, eta hiru herrialde horietan bultzatu ditu Trantsizioari buruzko ikerlanak). Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko Enbaxadetako ordezkari instituzionalek parte hartu dute mahai-inguru horretan, eta bakoitzak bere herrialdearen egoeraren ikuspegi berezia aurkeztu du, bakoitzak deskarbonizazio-helburuak betetzeko hautatutako Estrategien berri emanez.

Steffen Koch Alemaniako Enbaxadako Gai Ekonomikoetarako sailburuaren esanetan, herrialde horrek Energiewende izeneko trantsizioa jarri zuen abian 2050erako emisio kopurua % 95ean murrizteko helburuarekin. Horrez gain, zentral nuklearrak eta ikatz-zentralak pixkanaka ixtea erabaki zuten, 2022rako eta 2038rako den-denak ixteko xedez, hurrenez hurren. Sistema elektrikoan eta energia berriztagarrien zabalkundean (fakturan errekargu bat ezarriz ordainduta) oinarritutako estrategia bat da.

Guztiek ere energia-sistemaren deskarbonizazioa dute helburu, baina herrialde bakoitzak bere estrategiak garatzen ditu helburu hori lortzeko, tokian tokiko egoerak desberdinak direlako.

Frantziako ordezkaria Yasser Absoulhoussen izan da, Frantziako Enbaxadako Garapen Jasangarriko eta Industriako kontseilaria, eta, nabarmendu duenez, bere herrialdea gai izan da energia-sistema eraldatzeko eta prezio merkeekin sorkuntza mix bat lortzeko, emisio txikiak eragiteaz gain, industria- eta enpresa-sarea oso lehiakorra izatea ahalbidetu duena. Trantsizio-estrategiaren oinarri nagusia nuklearra da (mix energetikoaren % 44), eta, horrez gain, energia-efizientzia, energia berriztagarriak eta ekonomia zirkularra sustatu nahi dira, sektore horiek enplegua sortzeko eta espezializazioko bektore bihurtzeko, baina lehiakortasunaren mailei eta energiaren neurriko prezioei eutsiz.

Keiran Bowtell Enbaxadako Klima Aldaketako atxikiak azaldu du Erresuma Batuaren kasua. Nabarmendu duenez, Erresuma Batuak energia-politika egonkorrak iraunarazi ditu denboran ondoz ondoko gobernuen eskutik, eta horri esker arau-esparru egonkorra eduki du orain arte. Ildo horretatik, sistema elektrikoa eraldatu du emisio txikiko teknologiak erabiliz, eta bere emisioak nabarmen murriztu ditu ekoitzitako BPGko puntu bakoitzeko. Izan ere, karbono gutxiko industria baliatzen jakin du hazkunde ekonomikorako tresna gisa.

Euskadiko energia-trantsizioa energia-sistemaren pixkanakako aldaketan oinarritzen da, Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuen bitartez, hau da, berriztagarrien eta efizientziaren aldeko apustu handia eginez eta gas naturala laguntza-energia gisa erabiliz.

Euskadiri dagokionez, energia-sistemaren eraldaketak epe luzerako ikuspegia dauka jatorri fosileko iturriak desagerrarazteko helburuarekin, gas naturala trantsizio-erregai gisa erabiliz pixkanakako prozesu baten esparruan, non energia berriztagarriek gero eta parte-hartze handiagoa izango duten deskarbonizazioa pixkana-pixkana bideratzeko.

Energia-efizientzia estrategia horren funtsezko zutabea da, eta honako hauetan zehazten da:

  • Euskadin energia-eskaria % 25 murriztea 2016-2030 aldian, ordura arte energia-alorrean lortutako aurrezteei erantsi beharrekoa.
  • Energia berriztagarrien erabilera % 126an indartzea 2030an 966.000 ptb (petrolio-tona baliokideak) lortzeko, eta horrenbestez berriztagarrien kuota % 21 izan dadin lortzeko, % 32raino eramateko lanean ari bagara ere.
  • Elektrizitatea sortzeko kogenerazioaren eta berriztagarrien parte-hartzea handitzea, 2015ean % 20 izatetik 2030ean % 40 izatera igaro daitezen.

Argitalpenak

Trantsizio energetikoari buruzko argitalpenak Alemanian

Trantsizio energetikoari buruzko argitalpenak Frantzian

Etiketa: Energia lab-a