2019ko ekainaren 28a 

Orri honek Sebas Zurutuzari (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendariari) eta Ander Arzelusi (Diputatu Nagusiaren Kabineteko zerbitzuburuari) “Desarrollo y Territorio” aldizkariaren 5. alean egindako elkarrizketaren zati bat jasotzen du. Aldizkaria Latino Amerika eta Karibeko Lurralde Garapenerako Sareak argitaratzen du. Elkarrizketa osoa esteka honetan dago ikusgai.

Entrevista Sebas Ander 1 WEBEz dirudi erraza denik politika publikoan gauzak egiteko modua aldatzea. Ez da erraza, ezta ere, maila anitzeko gobernantza eredu bat sustatzea, askotariko gobernu mailak tartean hartuta. Are gehiago, unibertsitateari esleitzen zaion zeregina jakintza teorikoa eskaintzea baino gehiago bada. Baina erronka hori planetako hainbat tokitan azaldu da dagoeneko. Orain dela 10 urte, Gipuzkoako lurralde historikoan edo probintzian, lurraldeko gobernuak, Foru Aldundiak, prozesu bat jarri zuen abian, eragileen arteko harremanen eredua hobetzeko asmoz, horrela, politikak hobetu ahal izateko. Ikertzaile talde bati eskatu zion laguntza, gaur egun Lurralde Garapenerako Ikerketa Ekintza izenaz ezagutzen dugun horretan lehenengo urratsak egiten ari zena. Hiru legealdi igarota, eta erakundearen gobernuan bi alderdi politiko izan ondoren, prozesu horri gaur Lurralde Garapeneko Laborategia deitzen zaio (lehen Gipuzkoa Sarean izena erabiltzen zen). Prozesuari beste estrategia bat ere erantsi zaio, Aldundiak berak bideratutakoa: Etorkizuna Eraikiz. Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiak agenda politika berri bat garatzeko abian jarritako estrategia da, lankidetzako gobernantza batean oinarritzen dena.

Bi prozesu horiek hurbiletik ezagutzen dituzte Sebas Zurutuzak eta Ander Arzelusek. Lehenengoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria eta Laborategiaren gaur egungo arduraduna da; bigarrena, Diputatu Nagusiaren Kabineteko zerbitzuburua, eta Laborategiko kidea, hasiera-hasieratik. Biek, politikariak eta teknikariak (Aldundiko langile iraunkorrak) gobernantzaren, politikaren eta unibertsitatearen arteko harremanaren, eta lankidetzako gobernantza izenaz ezagutzen denaren etorkizuneko erronken inguruko gogoeta egin dute hemen.

[...]

Zein izan da Unibertsitatearen rola prozesuaren urte hauetan?

Ander: nire ustez, funtsezkoa izan da. Administrazioak bere gaitasunak eta gauzak egiteko modua ditu. Horregatik, kanpoko laguntza erabiltzen dugu (esate baterako, aholkularitzak) guk egin nahi duguna egiten laguntzeko, guk egin nahi dugun bezala. Guretzat ohikoa da funtzionatzeko modu hori. Baina hemen beste zerbait planteatzen zen: eraldatzaile izan nahi genuen. Hasieran, nolabaiteko bokazioa edo intuizioa genuen; lan egiteko modua aldatuko zuen proiektu bat eraman nahi genuen aurrera. Eta hori ikertzeko gaitasuna duenaren eskutik besterik ezin da egin. Bidea aurkitu behar zen, guk ezin baikenuen baldintza teknikoen zerrenda bat zehaztu, zer egin nahi genuen zehaztu, kontratazioetan egin ohi den bezala. Bidea aurkitzea eta ikuspegia zabaltzen joatea ikerketak besterik ezin du egin. Ikuspegi horretatik, Deustuko Unibertsitatearen eta, zehazki, Orkestra Institutuaren lankidetza profesionala eta oso eskuzabala topatu dugu. Orkestrarekin, ikerketa ekintzako prozesu bati ekin genion. Alegia, oso ikerketa berezi batez hitz egiten hasi ginen, Gipuzkoa eta bertako erakundeak, bertako enpresak eta jendea, Laborategi handi bat bihurtu baikenuen. Laborategi horretan, unibertsitateak ikertu egiten du, baina gure ekintza politikoak eskatzen duen eguneroko jardunaren inguruan. Eta prozesu hori poliki-poliki doitzen joan gara, politika egiteko modua eraldatzeko aukera ematen zuela ikusten genuelako.

"Unibertsitatea Gipuzkoa Sarean prozesuan edo Lurralde Garapenerako Laborategian txertatzeak ekarri du, ondoren, antzeko zerbait egitea beste proiektu mota batzuetan ere, Etorkizuna Eraikizen esparruaren barruan"

Sebas: Unibertsitatea Gipuzkoa Sarean prozesuan edo Lurralde Garapenerako Laborategian txertatzeak ekarri du, ondoren, antzeko zerbait egitea beste proiektu mota batzuetan ere, Etorkizuna Eraikizen esparruaren barruan. Aldaketa oso bizkorreko prozesu batean murgilduta gaude eta, arrazoi hori dela eta, arazoak eta errealitatea oso konplexuak dira. Horregatik, prozesu edo politika horietan ahalik eta jakintzarik handiena txertatzen ahalegindu behar gara. Hala, Anderrek aipatu duena oso egokia da ingurune konplexu honetan: gai izatea unibertsitatea prozesuetan txertatzeko eta bere jakintza proiektu eta prozesu zehatzetan txertatzeko, ikerketa akademiko soila egin beharrean. Alegia, proiektu zehatzak gauzatzerakoan, bere jakintza aditua, teorizazioa eta esparru teorikoak eskaini behar ditu. Modu sistematikoagoan eta orokorrean beste unibertsitate batzuekin ere hori egin nahian gabiltza, baina ongi dakigu zaila dela, bai ikertzaileentzat eta bai administrazio arloan ari garenontzat.

Nolako gaitasunak eraiki edo indartu behar dira unibertsitateko ikertaldeetan?

Sebas: oro har, lankidetzako gobernantza honek bultzatu behar gaitu gauzak esparru guztietan aldatzera, baita unibertsitatean ere. Ikertzaileek gauzak beste modu batera egiteak duen garrantziaz jabetzen hasi behar dute. Gaur egun, elkarrekin askoz ere gehiago egin daiteke. Ikerketari berari ere balio handiagoa ematen dio horrek.

Ander: nik beste zerbait erantsiko nuke, gaitasunekin lotuta egon beharrean, jarrerekin lotuta dagoena. Uste dut apaltasun handia behar dela, norberaren segurtasun eremutik atera eta gainerako “pertsona arruntekin” nahasteko. Eta zure lurraldeko proiektuekin lotura eta konpromisoa.

Sebas: eta norberaren erosotasun eremutik ateratzea, politikan edo kudeaketa publikoan gertatzen zaigun bezala. Ikerketan ere, norberaren bulegotik ateratzea.

Ander: oraintxe bilera bat bukatu berri dugu eta bertan komentatzen genuen proposamen honek aurrera egin ahala, Gipuzkoako Aldundiak erabaki zuenean Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barruan gauzak horrela egiten hastea, nabarmena dela besteak ahalduntzen dituzun heinean, zuk boterea galtzen duzula. Eta arduradun politiko batek honela zioen: “horrek sufrimendu handia sortzen du”. Erosotasun eremutik ateratzen gara, eta sufritzen hasten gara. Horrelako zerbait gertatzen zaigu guztioi.

Orkestran, Lurralde Garapenerako Ikerketa Ekintzaren garapena prozesu horrekin elikatu da. Zein gaitasun ekarri dio gobernuari elkarrekin eraikitzeko logika horrekin lan egiteak?

Sebas: Etorkizuna Eraikizekin edo Lurralde Garapenerako Laborategiarekin gaitasun kolektibo batzuk sortu nahi dira. Eraikuntza eta ikaskuntza kolektiboa da. Ildo horretatik, unibertsitatearen, eta zehazki, Orkestraren laguntzaz sortu diren dinamikak berak oso baliagarriak izan dira ikaskuntza hori esplizitu egiteko eta sortzen joateko.

Ander: bat nator zurekin. Sortu diren prozesu metodologikoetan gai izaten ari gara ideien mundutik praktika zehatzaren mundura igarotzeko. Badakigu zaila dela eta elkarrekin sortzeaz hitz egiten dugunean, denbora asko inbertitzea eskatzen duela. Ohiko bidetik azkarrago joango ginateke, baina ziur aski ez ginateke hain urrun iritsiko, orain ikusten hasi garen bezala

"Unibertsitateak ikertu egiten du, baina gure ekintza politikoak eskatzen duen eguneroko jardunaren inguruan. Eta prozesu hori poliki-poliki doitzen joan gara, politika egiteko modua eraldatzeko aukera ematen zuela ikusten genuelako"

Sebas: ziur gaude horrela lan egin behar dugula. Baina lan egiteko modu horrek arazo bat du: mugitzen garen giroak, hain zuzen ere, hartatik urruntzen gaitu, gaur egun, politikan, garrantzi handiagoa duelako titularrak, eta bazterrean gelditzen direlako lan egiteko modu hauek, nahiz eta denok argi ikusi bide horretatik joan behar dugula. Herritarrek politika hain urrun ikusten duten garai hauetan, gure ustez lankidetzako gobernantza oso estrategia garrantzitsua da konfiantza berreskuratzeko eta pertsonak eta herritarrak berriro ere politikara hurbiltzea lortzeko. Baina hori, politikaren ikuspegitik, ez da oso salgarria. Titularrera ohituta gaude, txio laburretara. Eta ez dirudi lan egiteko modu hau boladan dagoenik, batez ere ordezkari politikoen artean, ziur aski hauteskunde zikloaren epe laburreko ikuspegiak itsutzen gaituelako.

Ander: nik osatuko nuke, ia titular gisa, lidergo inposatuetan sinesten duenak ez digula deitu behar, azkenean, hau guztiz bestelako lidergo mota bat delako.

Gogoratu elkarrizketa osoa irakur dezakezula ondorengo estekan.