2019ko martxoaren 22an
“Erregioetako gobernuak funtsezkoak dira lurraldeko espezializazio adimenduneko estrategiak definitzeko orduan", dio Kevin Morganek, Europako RIS3 estrategiaren aitak. Orkestrako ikertaldeak hori oso argi du, 2012an, Eusko Jaurlaritzarekin batera, estrategia hori definitzen hasi zenez geroztik. Baina, soilik erregioetako gobernuen zeregina al da?, edo zeregin horretan probintziak, eskualdeak edo hiriak ere sartu beharko genituzke?
Miren Larrea Orkestrako ikertzaileak oso argi du: “Euskal Autonomia Erkidegoak erakunde dentsitate handia du erregio, lurralde historiko, eskualde eta tokiko mailetan. Espezializazio adimenduneko estrategia batek arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da maila askotako gobernantza sistema bat garatzea, eragile guztiei aukera emango diena aurrera egiteko, ikuspegi partekatu bat eraikiz".
Horretan lan egiten du Orkestrak. Maila askotako gobernantza proiektuak bideratzen ari da, horien artean, Etorkizuna Eraikizeko Lurralde Garapeneko Laborategia, Bizkaia Orekan, Araba Errotuz edo Bilbao Next Lab. Gainera, 2018az geroztik, Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari da lurraldeko eragileekin gobernantza eredu berri bat eraikitzeko, gobernantza egoki garatu eta ezarriko dela bermatzeko. Miren Larrearekin hitz egin dugu ulertzeko zergatik ari den bihurtzen prozesu hori nazioartean azterketa kasu.
Erregioa, probintziak, eskualdeak, hiriak… RIS3 estrategia eragile horiek guztiak kontuan hartuta garatzea, itxuraz, behintzat, nahiko konplexua da. Nola artikulatu daitezke harreman horiek Euskal Autonomia Erkidegoan?
Hainbeste eragile tartean direla, horrelako estrategia bat artikulatzeko egin behar den lehenengo urratsa aitorpena da. Aitortu behar da estrategia mota hori zentrifugoa izateaz gainera, hau da, zentro bakarrean sortu eta gainerako eragileetara zabaltzeaz gainera, zentripetoa ere badela. Alegia, Bilboko Udalak, adibidez, bere RIS3 estrategia definitu dezake eta horrek eragina izan dezake Euskal Autonomia Erkidego osoko estrategiaren garapenean. Horrelako eredu baten inguruan eztabaidatzeak eskatzen du estrategia oso sofistikatua izatea, eta pauso hori jada eman du Eusko Jaurlaritzak. Hortik abiatuta, koordinazio mekanismoak landu behar dira, prozesuak aurrera egin dezan.
Nola landu ditzakegu koordinazio mekanismo horiek?
Negoziazioak ez dira beti eredu beraren arabera egiten, oso konplexuak dira eta gerta daiteke, adibidez, Gipuzkoan ongi funtzionatzen duen zerbait egokia ez izatea Bizkaian edo Araban. Asimetria mota horiek ulertzean lortuko dugu efizientzia, desberdintasunak, sarri askotan, testuinguruari lotutako negoziazio baten emaitza izaten baitira. Lurralde historiko bakoitzak bere berezitasunak ditu eta, horrenbestez, gobernantza eredu bat lantzean, beharrezkoa da baldintza horiek kontuan hartzea. Premisa horretatik abiatuta, estrategia homogeneizatzera jo beharrean, esperientzia mota horien arteko loturak landu beharko genituzke.
Esperientzia mota horien arteko loturak lantzeak egokia dirudi, baina Kevin Morganek ikuspegi partekatua eraikitzeaz hitz egiten du, espezializazio adimenduneko estrategiak garatzeko orduan. Nola lortuko dugu hori lurralde bakoitza, errealitate bakoitza eta eredu bakoitza desberdina bada?
Eragile desberdinak tartean sartzen diren unetik, interesak eta interpretazioak askotarikoak izango dira. Horrek prozesuari nolabaiteko konplexutasuna ematen dio, egia da, bai arazoari dagokionez eta bai arazo horrentzat bilatzen diren irtenbideei dagokienez. Helburu komunak daude denentzat, baina helburu horiek lantzerakoan, rolen eta lidergo moten inguruko ikuspegiak askotarikoak izan daitezke. Gure iritziz, ikuspegi partekatua ez da guztiok berdin pentsatzea, baizik eta desberdintasun horien ikuspegi komuna edukitzea, hau da, ulertzea jarrera eta iritzi bakoitza eta hitz egitea, jakinik horrela bakarrik lortu ahal izango dugula elkarrekin lan egiteko eremu bat. Horri ingelesez agreement enough to act esaten zaio, alegia, ekintzara igarotzeko nahikoa den adostasuna. Horrela egiten dugu lan esparru horretan.
Gurean, Euskal Autonomia Erkidegoan, ba al dugu agreement enough to act hori?
Euskal Autonomia Erkidegoan erakunde dentsitatea handia da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritza dago, eta industria politika ezaguna eta indartsua du. Beste alde batetik, foru aldundiak ditugu, ogasun eta berrikuntza politiketan eskumenak dituzte. Eskualdeko garapen agentziak ere hor daude, lurraldean txertatuak. Eta udalak. Gobernantza maila horiekin, bakoitza bere aldetik joango balitz, soilik bere interesei eta planei begiratuta, emaitza kaosa izango litzateke. Aitzitik, maila askotako gobernantza eragile horiekin guztiekin landuz gero, lortu nahi dugu erakunde dentsitate hori indar gune bat bihurtzea.
Eta hainbeste eragile eta ikuspegiren erdian, Orkestra dago. Zein da akademiaren zeregina prozesu horretan?
Guk prozesua bideratzen dugu, ikerketaren bidez. Prozesuan parte hartzen duten eragileen gaitasunak eta jakiteak konbinatzen ditugu, gure jakintza akademikoa ere erantsiz. Horrek kontzeptualizatzen laguntzen du, hau da, gauzei izena jartzen. Kontzeptualizazio horren bidez, eragileen artean elkarrizketa sortzen da, estrategiarik egokiena eraikitzeko. Estrategia eraikitzeko prozesu horretan estrategia emergenteak daude, eta guk ikuspegi emergente horrekin egiten dugu lan. Gure metodologia ez da lineala, baizik eta oinarri metodologiko bat erabiltzen dugu, estrategia emergente hori eraikitzen joateko.
Ikerketa-ekintza ardatz duen oinarri metodologikoa. Zergatik metodologia hori eta ez beste bat?
Ikerketa-ekintza, izatez, prozesu parte hartzailea eta elkarrizketan oinarritutakoa da. Gobernantza parte hartzaile berria ere, izatez, elkarrizketan oinarritzen da. Metodologia horrek aukera ematen du elkarrizketa hasteko eta lidergo partekatu bat eraikitzeko. Ikerketa-ekintzak jendea ahalduntzen du eta horrela, boterea jende gehiagoren artean banatzen da. Hala, erabakiak modu partekatuagoan hartzen dira.
Dagoeneko hamar urte daramatzagu maila askotako gobernantza honetan lanean. Nola baloratzen dugu urte hauetan egin dugun lana?
Pauso oso interesgarriak eman ditugu eta ni neu nahiko pozik nago lortu ditugun gauzekin. Hala ere, tartean dauden alderdien arteko elkarrekikotasuna eta aitorpena lantzen jarraitu behar dugu. Epe luzeko prozesu bat da, legegintzaldiak baino urrunago doana. Horregatik, horrelako proiektuak ziklo politikoetatik babestea funtsezkoa da beren garapen egokia bermatzeko.
Oinarrian praktika du, eta horrek esan nahi du teoriaren eta praktikaren arteko harreman zehatz bat ahalbidetzen duela.
Gu unibertsitatetik gatoz, akademiatik, beraz, teoria batetik abiatzen gara, kontzeptu teoriko batzuetatik. Metodologia horrek gure kontzeptuak praktikara eramateko aukera ematen digu: kontzeptuak probatzen ditugu, funtzionatzen duena indartzen dugu, eta funtzionatzen ez duena baztertzen.
Horrenbestez, gure jakiteak testatu egiten ditugu, praktikan. Horrek, gainera, eragileekin elkarrizketa ireki bat edukitzea ahalbidetzen digu. Bide batez, elkarrizketa horretatik gure esparru teorikoari ekarpena egiten diogu.
Normalean, ikerketa akademiko bat egiten denean, praktikara eramateko hesiak oso handiak izaten dira, eta hori ez da gertatzen ikerketa-ekintzarekin, ikerketa praktikan bertan sortzen baita. Metodologia horrek aukera ematen du estrategia bidea eginez eraikitzeko eta, gauzak ongi ateratzen ez direnean, ibilbidea aldatzeko. Horrela, aurretik erabili izan ditugun beste metodologia batzuek proposatzen duten linealtasuna hausten da.