2018ko ekainaren 11a

Mª Pilar García de Salazar, Arabako Ekonomia Garapeneko eta Lurralde Orekako foru diputatua, Orkestrako Administrazio Kontseiluan sartu da. Arabako Foru Aldundia Orkestran sartzea garrantzitsua da, erakundeak dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten baitu, Euskadiko lehiakortasuna bermatzeko.

Herritarren ongizateari enpresen lehiakortasunaren bidez laguntzeko xedez, Orkestra dagoeneko hasia da Arabako Foru Aldundiarekin batera proiektuak garatzen eta lantzen, lurraldearen gaur egungo eta etorkizuneko lehiakortasun errokei aurre egiten laguntzeko.

Gainerako lurralde historikoetan gertatu den bezala, Arabako gizarte eta ekonomia eragileekin lotura berriak estutzen jarraitzeko aukera ematen du erabaki horrek, aurrera eraman behar diren estrategia eta ikerketa eraldatzaileko ekintzetan modu koordinatuan lan egiteko.

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiaren hitzetan, Arabako Foru Aldundia Institutuan sartzea “aurrerapauso bat da, lurraldeko erakunde guztiekin –hiru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza– batera lan egiteko, gainerako erakundeak, unibertsitate mundua eta enpresak ere kontuan hartuta, Orkestrak hamargarren urteurreneko manifestuan azaldu zituen erronketan". Era berean, Arabako Foru Aldundia Orkestran sartzea “funtsezkoa da Euskadiren lehiakortasuna indartzera bideratutako politikak eta ekintzak koordinatzeko".

 

Orkestrari buruz

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua ikerketa zentro bat da, Deustuko Unibertsitateari atxikia, Unibertsitateko Fundazioaren bidez. Lehiakortasuna eta lurralde garapena ditu aztergai, hiru helbururekin: Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna areagotzeko lan egitea, herritarren ongizatea hobetzen laguntzea eta eskualdeko lehiakortasunari buruzko jakintza sortzea.

2006an sortua, Orkestrak ikerketa eraldatzailea bultzatzen du. Horren ezaugarri dira analisia, gogoeta, ebaluazioa eta erronkei aurre egiteko erantzun berritzaileak ematera bideratutako ekintzen proposamena.

Orkestrak finantzaketa publiko-pribatua du, eta askotariko sare, enpresa, gobernu, erakunde eta proiektuekin lan egiten du, beti ere, azken helburua lurraldearen ekonomia eta gizarte ongizatea izanik. Orkestra nazioartean erreferentzia da, lurralde lehiakortasunari lotutako gaietan. Eredu hori arrakastako kasuen artean aurkezten da, Harvardeko Unibertsitatean.

Ikus hemen Orkestraren manifestua