2018ko martxoaren 27a

Elkarrizketa partekatua: Guillermo Garduño, Volkswagen Mexikoko Kontrol eta Lantegi zuzendaria, eta Joanna Trujillo, Canacintrako Sektore Berdeko burua (Enpresaburuen klusterra) eta Icays enpresako zuzendariordea.

STUDYTRIP PV Entrevista IESDE Joanna y Guillermo

Pueblako IESDE School of Management erakundeko (Mexiko) ordezkaritza bat Euskal Autonomia Erkidegoan izan zen, Azterketa Bisita bat egiten, martxoaren 18tik 23ra bitartean. Bisita Orkestrak eta E-nnovating LABek (ideia, estrategia, lehiakortasun eta eskualde garapeneko Think Tank plataforma, Jon Azuak zuzendua) antolatu zuten elkarrekin, eta LEAD programan parte hartzen duten Pueblako eskualdeko enpresetako zuzendari, jabe eta bazkideek hartu zuten parte. Parte hartzaileek hainbat enpresa eta erakunde ezagutzeko aukera izan zuten, Euskal Kasua deitutakoa praktikan nola gauzatzen den ikusteko. Bidaiaren amaieran, bi parte hartzailerekin hitz egiteko aukera izan genuen: Guillermo Garduño, Volkswagen Mexikoko Kontrol eta Lantegi zuzendaria, eta Joanna Trujillo, Canacintrako Sektore Berdeko burua (Enpresaburuen klusterra) eta Icays enpresako zuzendariordea.

Zergatik bisitatu duzue Euskal Autonomia Erkidegoa?

Joanna: hainbat aukera genituen, baina erabakia Programaren zuzendariak hartu zuen. Beraz, ez dakit oso ongi zein zen arrazoia. Hala ere, herrialdea ezagutu ondoren, berriro aukeratu izan beharko banu edo erabakia neuk hartu behar izango banu, Euskadira etortzea erabakiko nukeen. Herrialdearen historia irakurtzen eta aztertzen aritu gara, eta Lehiakortasunari eta Berrikuntzari lotutako gaiak landu ditugu. Eta asko gustatu zitzaidan ikustea nola lortzen den krisi batetik ateratzea, hobekuntza horiek guztiak eginda.

Guillermo: niretzat, funtsean, Michael Porterren teoriaren arrakastako kasu bat da, bere ideologia errealitatera nola eramaten den erakusten duena, balio handikoa, oro har, munduan. Izan ere, batzuetan teorikoek kontzeptuak garatzen dituzte, baina aplikagarritasun oso txikia izaten dute gero. Eta uste dut Euskal Autonomia Erkidegoan ikus daitekeela idazten dena errealitatera eraman daitekeela. Adibide egoki bat da munduko eskualde askorentzat.

Zer egin duzue aste honetan zehar?

"Klusterren gaia teorikoa izan daiteke, baina horietako bakoitzaren garapen zehatza ikusten joan ginen, baita elkarren osagarri direla ere"

Guillermo: metalmekanikako enpresak bisitatu genituen, eta oso ongi egon zen. Baina klusterren gaia oso zabala da. Energiaz, arteaz (Guggenheimen bertan), gastronomiaz eta abarrez hitz egin genuen. Klusterren gaia teorikoa izan daiteke, baina horietako bakoitzaren garapen zehatza ikusten joan ginen, baita elkarren osagarri direla ere. Bisita nahiko zabala eta aberatsa izan zela iruditzen zait.

Joanna: Oinarrizko gaiak Berrikuntza eta Lehiakortasuna izan ziren. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakundeetako liderrek aurkezpenak egin zizkiguten.

Zer ikasi duzue ikastaroan?

Joanna: Euskal Autonomia Erkidegoan, garrantzitsuena pertsonak garela. Horrekin gelditzen naiz. Hemen irabazi-irabazi harremanak nola lantzen diren. Historiaz kontatu zigutena, ideia berriak, pentsamolde berriak. Munduari erakutsiz, burua irekitzen dizute. Eta itxaropen handia sortzen digu: oraindik ere garatzeko bidean dagoen herrialde batetik etorrita, helmuga eta helburu bat jartzen dizu. Beraz, gehien gustatu zaidana da errealitatean ikusten den adibide bat dela eta eginez erakusten dutela hori.

Guillermo: jendearenarekin, guztiz ados. Eta idiosinkrasia, eta balioa sortzearen, desberdinak izatearen aldeko apustu hori… Odolean daramate. Jendearekin hitz egiten duzu eta guztiok ikuspegi bera dute. Eta, gainera, guztion ongizatea. Nire ustez, plataforma oso ona da, dena eraikitzen laguntzen du. Ez du gizarte eta ekonomia mailak axola, handia edo txikia izan daiteke; baina denek egiten dute lan ideologia berarekin. Eta horrek indar handia ematen du, egiten ari direna egiteko.

Bisitaren bat deigarria izan al zaizue?

Visita IMH IESDE

Guillermo: ingeniaria naiz; horregatik, metalmekanikaren, lanabesen gaia zoragarria izan da.  Bikaina da existitzen direla uste dugun gauzak sortzeko makinak egitea. Harrituta gelditu nintzen.

Joanna: ni industria ingeniaria naiz, baina hondakin uren tratamenduan egiten dut lan. Gure hiriko ibaia oso kutsatuta dago eta gaixotasun asko ari da sortzen. Bere garaian kutsatuta zegoen ibai bat berreskuratu dela jakitea oso polita iruditu zitzaidan. Bisitei dagokienez, esate baterako, Orona (eraikina ikusgarria da) eta Basque Culinary Center.

Beste zerbait gehitu nahi zenukete?

Guillermo: eskerrak eman nahi ditut. Programa oso ongi prestatuta dago eta bisita hau gomendatuko diet Pueblako nire lankideei.

Joanna: gauza bera. Eta zuei ere, Orkestrari, eskerrak eman nahi dizkizuegu. Guztiok duzuen jarrera etsenplu oso ona da. Erakusten duzuen grina harrigarria da, benetan.