2018ko martxoak 14

Foro empleo

Gig economy” terminoari lotuta daude, besteak beste, aldi bateko kontratuak (freelance modukoak) edo onlineko plataformen bidezkoak (Uber, esate baterako). Susana Franco Orkestrako ikertzailearen iritziz, “lana sor badezakete ere, jarduera horietan aritzen diren pertsonen segurtasun eza handitu egiten da, pertsona horien negoziazio ahalmena gutxitzen delako eta sarreren fluxu ezegonkorra sortzen delako”.

“Gero eta aldakorragoa den merkatu honetan nolabaiteko egonkortasuna bermatzearen alde lan egin beharko dute bai langileek, bai enpresek, unibertsitateek eta administrazio publikoek", adierazi du Susana Francok, gaur Bilbon Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Enplegu Foroaren inaugurazio ekitaldian.

Francok dei egin die administrazio publikoei enplegu politikak, lehiakortasuna, gizarte politikak eta hezkuntza politikak elkarri efizientziaz lotzeko lanean jarrai dezaten. Francoren hitzetan, “lotura horrek ekarri beharko luke enpleguaren etorkizuneko belaunaldiari laguntzea eta merkatuan nolabaiteko egonkortasuna ziurtatzea, ezegonkortasuna gero eta handiagoa izango dela aurreikusten baita. Hain zuzen ere, behin-behinekotasuna eta destajuko lana ugaritu egingo dira eta etxeetako diru sarreren fluxua oso aldakorra izango da". 

Foroaren inaugurazioan, Susana Francok xehetasun gehiago eman ditu enpleguaren etorkizunari buruz eta gazteek duten egitekoari buruz.

Francok azpimarratu du, besteak beste, biztanleriaren zahartzeak lan merkatuan gazte gutxiago sartzea ekarriko duela eta, horregatik, enpresak lehian hasi beharko dira gazte horiek erakartzeko. 

Gainera, etorkizunean eskari handieneko lanbideak beste batzuk izango dira. Gaitasun teknikoez edo sozialez gainera, etorkizuneko belaunaldiek zeharkako alderdiak ere landu beharko dituzte (talde lana, lidergoa, hizkuntzak…) eta askotariko zereginak egiteko malgutasuna izan. 

Susana Francorekin batera, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorea izan dira Foroaren inaugurazio ekitaldian, Deustuko Unibertsitatean. Foroa bi egunetan izango da, martxoaren 14an eta 15ean, eta 50 enpresa eta erakunde baino gehiago hurbilduko dira Bilboko campusera, azken mailetako ikasleekin egotera.