2017ko abenduak 17 

Foto profes equipo premio MOC 2017

Harvardeko Unibertsitateko Microeconomics of Competitiveness ikastaroa (MOC), Orkestrak azken urteetan Deusto Business Schooleko Lehiakortasuneko eta Berrikuntzako Masterrean (MUCIn) antolatzen duena, ospakizunetan dago.

Izan ere, 2016ko edizioko ikasle talde batek bigarren lanik onenaren saria jaso du, munduko 100 unibertsitate baino gehiagok osatutako sarean eskaintzen den ikastaroan.
“High-Tech supply chain of electronic components and subsystem cluster’s value chain” da lan irabazlearen izenburua. Izenak dioen bezala, osagai elektronikoen eta azpisistemen high-tech hornitzaile katearen klusterraren balio katea du aztergai.

“Lan osoa eta sofistikatua da”, dio Mikel Navarro MOCeko koordinatzaileak. Navarrok azpimarratu du lantaldeak gaitasun handia erakutsi duela balio kate horren osagai gakoak bereizteko eta modu ulergarrian azaltzeko, baita aurrean dituzten erronkak aztertzeko ere.

Talde irabazlea osatzen dute Mercedes Oleaga Orkestrako ikertzaileak, Iñaki Ganzarain Innobasqueko project managerrak eta Javier Ruiz eta Carla Cordova Masterreko ikasleek. Ikasleek azpimarratzen dute saria lortzeko bidea gogorra eta gorabeheratsua izan dela, baina azkenean, emaitza ona izan dela.

Nola sentitzen zarete Harvardek sari hau eman ondoren?
Saria jasotzea ohore bat izan da. Egin dugun lan gogorra aitortzea esan nahi du. Gutako bakoitzak genuen onena eskaini diogu lanari. Orkestrak gure lana sarira aurkeztea erabakitzea jada albiste bikaina izan zen, baina nazioartean lehiatuz irabaztea, mundu osoko unibertsitateetako talde askorekin lehian, esperientzia paregabea izan da. Zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten talde guztiei eta, bereziki, beste sarituei.

Zuen lana eta esperientzia abiapuntu hartuta, zein osagai eduki behar ditu MOCeko proiektu batek, Harvardeko unibertsitatean nabarmentzeko?

Gure ustez, osagai nagusia lan gogorra da, baita Microeconomics of Competitiveness ikastaroan ikasitako guztia erabiltzea ere. Gainera, gure lan ibilbidean ikasitakoa ere gakoa izan da. Horrek guztiak aukera eman digu ondorio interesgarriak ateratzeko, analisi zehatz eta zorrotzetatik abiatuta. Garrantzitsua izan da argi edukitzea analisia ez dela, bere horretan, azken helburua, baizik eta erabakiak hartzen lagunduko duten ondorioak ateratzeko bitarteko bat. Ondorioak ongi landu behar dira eta ebidentzia sendoetan oinarritu. Harvardek espero duenera egokitu behar izan dugu, proiektuak erakundeari eskaintzen dion balioa erdian jarrita. Bestalde, kluster hori aukeratzea oso egokia izan da, berrikuntzan intentsiboa den errealitate bat ezagutu eta aztertzeko modua izan dugulako eta kontrako egoera bati nola erantzun dion ikusi ahal izan dugulako, hain zuzen ere, berrikuntzan oinarrituta.