2017ko azaroaren 27a

Marijo APD Informe

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2017ko Txostenaren ondorio nagusiak aurkeztu ditu gaur Euskadiko Arrakasta Ereduaren Biltzarrean, APD-Asociación para el Progreso de la Dirección erakundeak antolatuta.

Lehiakortasunari buruzko Txostenean azaltzen diren etorkizuneko erronkei dagokienez, Arangurenek hainbat arlotan lan egiteko beharra azpimarratu du: kalitatezko enplegua sortzea; prestakuntzaren eta lan munduaren arteko sinergiak; belaunaldien arteko lotura, gazteen eta helduen arteko bizikidetza sustatuz; berrikuntza, zergagintzaren eta gizarte zerbitzuen ikuspegitik; eta ekonomiaren garapeneko eta gizarte ongizateko politiken arteko elkarrizketa. “Alderdi horiek guztiak hartu behar dira kontuan epe ertain eta luzera EAEko ongizate ereduan, garapen iraunkorra lortu nahi badugu”, adierazi du.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak esandakoarekin bat, “EAEren aurrerapenaren gakoa pertsonak dira”, azpimarratu du Arangurenek, eta erantsi du gaur egun aurrean dugun erronka nagusia biztanleriaren zahartzea dela. “Ez da nahikoa erretiroa hartzeko adina atzeratzea; aitzitik, atzerritik talentua erakarri behar dugu, etorkizuneko gure belaunaldien prestakuntzan sakondu, eta kalitatezko enpleguak sortu geure talentuari bertan eusteko".

Era berean, eta Lehiakortasunari buruzko Txostenaren ondorio nagusiei erreferentzia eginez, estrategia “anbidiestroak” abian jartzeko erronka azpimarratu du, indarra-ustiapena eta erresistentzia-esplorazioa orekatuko dituztenak, etengabeko aldaketetara egokitzeko eta sortzen diren aukera berriak identifikatzeko. Ildo horretatik, nabarmendu du berrikuntzaren lasterketa horretara hurbiltzen lagundu behar zaiela enpresa txikiei, handiak eta ertainak jada ibilbide horretan aurrera egiten ari baitira.

Beste hainbat elementu ere aipatu ditu: sektore publikoak ere berritu beharra; klusterrak gure industria sektoreko elementu traktoretzat hartzea, eta elementu horiek Eusko Jaurlaritza une hauetan lantzen ari den RIS3 estrategiara egokitzea eta lerrokatzea –proiektu horretan Orkestrak zeregin aktiboa du, ikerketari dagokionez–.