2017ko azaroaren 21a 

BYEF Susana Franco Empleo

“Guztiok gara enplegagarritasunaren arduradun: enpresak, gobernuak eta jakintzaren esparruko eragileak. Lanean jarraitu behar dugu enplegu politikak gizarte politikekin eta hezkuntza politikekin lotzeko”, adierazi zuen Susana Franco Orkestrako ikertzaileak Novia Salcedo Fundazioak urtero antolatzen duen BYEF Gazteen Enplegu Foroan.

Susana Francok nabarmendu zuen curriculumak enpresa eta erakunde errealitate berrira egokitu behar direla. EAEko gazteen enplegagarritasun eredua aztertzeko lanari lotuta –Novia Salcedo Fundazioa aurrera eramaten ari dena, Orkestrak lagunduta–, Francok nabarmendu zuen prestakuntzak "gazteei lagundu behar diela zeharkako gaitasunak garatzen eta askotariko diziplinetara egokitzen, eta, horretarako, beharrezkoa da lan munduarekin lotzea, hezkuntza maila guztietan eta enpresekin elkarlanean".

Ondorio horretara iritsi dira arestian aipatutako lan horretan. Hartan azpimarratzen da berrikuntzari lotutako gaitasunak –sormena, segurtasuna, ekintzailetza eta lidergoa– landu behar direla gazteen artean, modu jarraituan.

Francok, gazteen laneratzeari dagokionez, azpimarratu zuen belaunaldien arteko loturak bermatzeko espazioak bilatu behar direla, belaunaldien arteko erreleboa gerta dadin eta, horrela, enpresen eta/edo erakundeen garapenak hobera egin dezan.

Gazteen enpleguak eta enplegagarritasunak ekonomia eta enpresa hazkundearekin lotuta egon behar du, baina gizarte eraldaketako tresna ere bada, elkarrekiko erantzukizuna, elkartasuna eta konpromisoa indartzen baititu. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen enplegagarritasun azterketaren arabera, gazte gehienek beren gaitasunak garatzeko aukera emango dien lana lortu nahi dute. Interes eta potentzial hori aprobetxatu behar da eta gazteen ahotsa eta jakintza kontuan hartu, gizartearen eraldaketa hori gidatzeko, azken batean, pertsonen ongizatea modu iraunkorrean bermatu ahal izateko.