2017 maiatzak 11

Transporte Foto web

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Deustuko Unibertsitatea) Energia Katedrak uste du Euskadin energia alternatiboek mugitutako ibilgailuak ohiko ibilgailuak baino gehiago izango direla, 2030. urtetik aurrera. Erakundeak gaur aurkeztu du "Energías alternativas para el transporte de pasajeros” txostena. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera aztertu da eta administrazioek automobilak berritzeko egiten dituzten ahaleginak etorkizuneko energietara bideratzea gomendatzen da. Horrek eskatzen du, besteak beste, ohiko ibilgailuak berritzeko gaur egungo politikak aldatzea.

Txostenak Euskadin bidaiarien errepide bidezko garraioak eragiten duen energia kontsumoa eta igorpenak ditu aztergai, eta azpimarratzen du “garrantzitsua dela garraioan energia edo erregai alternatiboen erabileran aurrera egitea". Azterlanak garraioan erabili ohi diren erregaien alternatibak aztertu ditu: Ibilgailu elektrikoa –bateriaduna edo entxufatzeko hibridoa–, gas natural konprimatua, petroliotik eratorritako gas likidotua edo hibridoa. Aukera horietako bakoitzak bere berezitasunak ditu, hainbat alderdiri begiratuta: ibilgailuen prezioa, azpiegituretako inbertsioa, erregaiak edo igorpenak. 

Bi egoera aztertu dira, desberdinak baina osagarriak: automobil guztiak ordezkatzea eta energia alternatiboek mugitutako ibilgailuak urratsez urrats sartzen joatea. Lehenengo egoerak egiturazko aldaketa sakonak egitea eskatzen du, epe luzera. Bigarrenak mailaz mailako aurrerapenak sartzen joatea esan nahi du. Bi kasuetan, funtsezkoa da ibilgailu elektrikoen prezioek etorkizunean izango duten bilakaera.

Azterketak aukerak alderatzen ditu, lau irizpideren arabera: erregaiaren aurrezkia, ekonomia eta ingurumen efizientzia berotegi efektua eragiten duten gasen igorpena murrizteko, kostu txikiagoak igorpen guztietarako (CO2, NOx eta partikulak) eta CO2 igorpenak murrizteko helburuei ekarpena. Ibilgailu mota bakoitzaren ezaugarriek emaitza desberdinak ekartzen dituzte, aipatutako irizpide horiengan duten eragina neurtzeko orduan.

Automobil guztiak ordezkatzea

Kasu honetan, gas likidotua erabiltzen duten edo hibridoak diren ibilgailuen emaitzak hobeak dira ekonomia eta ingurumeneko efizientziari dagokionez; erregaien aurrezkiari begiratzen badiogu eta, zeharka, petrolio inportazioen murrizketari, bateriadun elektrikoak eta gas naturalarekin ibiltzen direnak dira interesgarrienak; berotegi efektuko gasen murrizketei dagokienez, elektrikoek dute eraginik handiena; eta, azkenik, ingurumeneko kostuei begira, entxufatzen diren hibridoak eta ohiko hibridoak dira interesgarrienak.

Irizpide guztiak batera hartzen baditugu eta bakoitzari haztapen bat ematen badiogu, oro har ikus dezakegu ibilgailu egokienak elektrikoak eta hibridoak direla. Sailkapenaren erdialdean edo bukaeran geldituko dira gas naturala edo gas likidotua erabiltzen dutenak.

Orokorrean begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ibilgailu konbentzional guztiak (hau da, gasolinaz eta gasolioz mugitzen direnak) ibilgailu elektrikoekin ordezteak 4.800 milioi euroko gainkostua ekarriko luke eta, halaber, eskatuko luke 570 milioi euro inbertitzea kargatzeko azpiegituretan. Baina, azterlanean erabili ditugun prezioen hipotesiak kontuan hartuta, guztira urtean 600 milioi euro inguru aurreztuko lirateke erregaietan. Beraz, ibilgailuen gainkostua erregaiaren aurrezkiaren bidetik berreskuratzeko zortzi urte inguru beharko lirateke. Azpimarratu beharko litzateke, halaber, igorpen kutsatzaileak gutxitu egingo liratekeela.

Energia alternatiboek mugitutako ibilgailuak urratsez urrats sartzen joatea
Hipotesi horrekin, hainbat jokaleku garatu dira, 2030erako oraindik ere gaur egungo ibilgailu guztiak energia alternatiboekin mugitzen direnekin ordezkatzerik izan ez den kasuetarako.

 

Imagen NdP energia 11 05 2017

Jokalekuek erakusten dute edozein konbinaziok beti ere ingurumenean onura handiak eragiten dituela. Hortaz, ezin da baztertu askotariko teknologiak batera erabiltzeko aukera. 

Kasu horretan, gainkostu garbia (ibilgailuetako gainkostua ken erregaiaren aurrezkia) eta azpiegituretako inbertsioa handiak dira, ikuspegi ekonomikotik, guztira edo modu agregatuan hartuta. Baina igorpen kutsagarriak murrizten lagunduko luke eta Klima 2050-Aldaketa Klimatikoaren Euskal Estrategian jasotako helburuetara iristeko bidea emango luke.

Orkestraren Energia Katedrak egindako azterketak gomendatzen du administrazioek automobilak berritzeko egiten dituzten ahaleginak etorkizuneko energietara bideratzea. Horrek eskatzen du, besteak beste, ohiko ibilgailuak berritzeko gaur egungo politikak aldatzea.

Ildo horretatik, txostenak agerian uzten du administrazioek egiteko garrantzitsua dutela, ibilgailu alternatiboak erosteko pizgarriak eskain baititzakete, baita kargatzeko eta hornitzeko azpiegiturak sustatu ere.