2017 martxoak 22

Reunion Economia Digital WEB

InFocus proiektuko tokiko taldea joan den martxoaren 17an elkartu zen, Bilbo hiriaren eraldaketa ekonomikoan lehenetsitako hirugarren espezializazio esparrua lantzeko. Aurreko saioetan, sormen eta kultur industrien sektorea eta zerbitzu aurreratuen sektorea aztertu ziren. Orain, Ekonomia Digitala garatzeko hiriak zein erronka dituen aztertu nahi zen, aurrekoetan bezala, RIS3 espezializazioko estrategiekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan abian dauden beste ekimen batzuekin lerrokatuta.

Ekonomia Digitalak jauzi kualitatiboa dakar informazioaren gizartearen garapenean. Ekonomiaren ikuspuntutik, IKTetako industriaren ohiko jarduerak hartzen ditu barne, baina harantzago doa, eta ekonomiaren sektore guztietan gero eta ugariagoak diren jarduera digitalak ere barneratzen ditu. Hain zuzen ere, bigarren osagai horretan ari da gertatzen iraultza digitala. Gaur egun, lehenengo urratsetan gaude, baina hurrengo urteetan bai ekonomian eta bai gizartean eraldaketa askoz ere sakonagoak espero dira.

Ekonomia Digitalaren barruan, bi esparru aztertu ziren bileran: fintech erakundeak eta gauzen internet (IoT). Aurreko bi saioetan, sormen eta kultur industrien eta zerbitzua aurreratuen sektoreak bultzatzeko gai izango ziren proiektu traktoreak aurkeztu baziren ere, Ekonomia Digitalari eskainitako saioan, parte hartzaileek Bilbok erroka horri nola egin diezaiokeen aurre azaldu zuten. Hala, Ekonomia Digitalean espezializatu nahi bada, zein alderdi hartu behar diren kontuan identifikatzeko aukera eman zuen saioak.

Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko dekanoak unibertsitateek fintech esparrua garatzen laguntzeko duten egitekoa azaldu zuen. Haren iritziz, unibertsitateak fintech horiek garatzen lagundu dezake, baina erronka nagusia talentuari bertan eustea da. Sergio Chalbaud-ek Fintonik startu-upa sortzeko esperientzia kontatu zuen. Azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela erakundeen babesa duen ekosistema ekintzailea edukitzea.

Gauzen internetari dagokionez, Tecnaliako Guillermo Gilek aipatu zuen garrantzitsua izango litzatekeela Bilbon Digital Innovation Hub bat edukitzea, ekosistema digitaleko eragileek hiriaren eta lurraldearen enpresa ehuna digitalizatzen laguntzeko eskain ditzaketen zerbitzuak bertan biltzeko. Gaiako Tomas Iriondok, Tecnaliak proposatutako ideiari lotuta, aipatu zuen Euskadik lankidetza irekiko plataforma bat eduki beharko lukeela, enpresetan eraldaketa digitala bizkortzeko. Eduardo Jacobek, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, teknologia digital berriak erabiltzeak eta aplikatzeak ekarriko duen paradigma aldaketaren inguruko gogoeta eskaini zuen. Teknologia digital berri horien artean azpimarratu zuen 5G konektagarritasuna. Azkenik, Prometec enpresako Juan Carlos Machok, Gauzen Internetean lan egiten duenak, parte hartzaileei azaldu zien enpresaren ibilbidea eta aurrean dituzten aukerak eta aldaketak, hain azkar aurreratzen ari den iraultza digitalaren eraginez.

Tokiko taldearen hurrengo bilera martxoaren 26an izango da. Ekintzailetza izango du ardatz, ekintzailetzak lagundu baitezake espezializatzen, lehentasunez aukeratutako sektore horietan.