2017 martxoak 10

Bilbao Ekintzak eta Orkestrak Eskualdeen Europako Batzordeak antolatutako workshop batean hartu dute parte, aditu moduan, Espezializazio Adimenduneko Estrategiek Europako eskualdeetan duten eraginari nola lagundu aztertzeko.
Europako Batzordeak maiatzean 'Espezializazio Adimenduna: Europako hazkundera eta enplegura hurbiltzea, eskualdeko berrikuntza estrategien bidez' lana argitaratuko du, Europar Batasuneko estatu kideek erabil dezaten, indarrean dagoen legeriaren barruan, espezializazio adimenduna bultzatzeko.
11 eskualde eta estatu kidetako adituak elkartu ziren martxoaren 6an Bruselan, “TIA-Territorial Impact Assessment” programak antolatutako workshop batean, Europako Eskualdeetako Batzordeak komunikazio horren inguruan duen ikuspegia aberasteko asmoz. Mikel Irujok (Nafarroak Europan duen ordezkari eta Eskualdeetako Batzordeko kideak) ‘Smart Specialization Strategies (RIS3): impact for regions and inter-regional cooperation’ txostena aurkeztu zuen bertan, Eskualdeetako Batzordearen ikuspegia azaltzeko Espezializazio Adimenduneko Estrategien garapenaren erronken eta hobekuntza posibleen aurrean. Estrategia horien lurralde dimentsioari lotutako input bat biltzea zen helburua. Gainera, RIS3ak Europako eskualdeetan izan duen eragina neurtzeko TIAko taldeak prestatu duen tresna ere aurkeztu zen bileran. Adituek aukera izan zuten tresna horren inguruko iritzia emateko eta hobetzeko proposamenak egiteko.
Bilbo hiriaren ordezkari izan ziren Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendaria eta Miren Estensoro Orkestrako ikertzailea. Elkarrekin ari dira Bilbao Next Lab proiektuan. Proiektu horren helburua da hiriaren garapen ekonomikoari laguntzea espezializazio estrategiaren bidez eta estrategia hori EAEko RIS3 estrategiarekin uztartuta.
Saioak hainbat erronka eta ondorio definitzeko aukera eman zuen:
• RIS3aren lurralde eragina, neurri handi batean, maila askotako gobernantza eredu bat garatzearen araberakoa da.
• Estrategia horien balio nagusia aurrera egitea ahalbidetzen duen prozesuan bertan aurkituko dugu. Behar-beharrezkoa da prozesuaren balioa jasoko duten adierazleak definitzea.
• RIS3ari lege esparru mugatuago bat emateak sortzen dituen aukerak/eragozpenak.
• Europako balio kateek' eta eskualdeen arteko lankidetzak izan dezakeen eragina.