2017 otsailak 15

reunion CES

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGAB) eta Nouvelle Aquitaine Frantziako eskualdeko Ekonomia eta Gizarte Kontseilua (CESER Région Aquitaine Limousin Poitou-Charentes) Donostian elkartu dira, otsailaren 14an eta 15ean, berrikuntzaz, teknologiaren transferentziaz eta fabrikazio aurreratuaz hitz egiteko.

Erakunde horien xedea da ekonomia eta gizarte eragileek politika publikoetan duten parte hartzea bideratzea, nork bere lurraldean. Dagoeneko hainbat bilera egin dituzte bi erakundeek, mugaren alde bateko eta besteko lurraldeetako gizarte eta ekonomia errealitatea elkarri ezagutarazteko.

Orkestra eta Bihartean topaketan parte hartzera gonbidatu dituzte, 2013tik 2016ra Interclustering mugaz haraindiko proiektuan egindako lanaren emaitzak aurkezteko. Interclustering proiektua Euskadi-Akitania euroeskualdeak finantzatzen du eta Olga Irastorzak (Bihartean), Henar Alcaldek (Orkestra)eta Usue Lorenzek (Orkestra) azaldu dituzte 2013-2016 urteen artean egindako lanak. Alde batetik, Akitaniaren eta Euskadiren ekoizpen ehunaren azterketa alderatua eta patenteetan oinarritutako analisi teknologikoa aurkeztu dira. Hain zuzen ere, bi azterketa horiek erabili ziren 2013tik 2016ra mugaz haraindiko lankidetzarako aukeren inguruan gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko, eremu horretako eragile ekonomikoak elkartuta. Beste aldetik, partaidetzazko gogoeta horren ondoren antzemandako elkarlanerako aukera zehatzak aurkeztu dira, baita prozesuaren ondorio izan ziren aukerak ere (aurkezpena eskuragarri hemen).

Orkestra eta Bihartean elkarrekin ari dira lanean 2014az geroztik, Euskadi-Akitania Euroeskualdearekin hitzarmen estrategiko bat sinatu ondoren. Hitzarmen horren helburua da mugaz haraindiko enpresen arteko lankidetza bultzatzea eta sustatzea. Ildo horretatik, gaur egun Competitiv’eko proiektua ari dira aurrera eramaten, enpresen eta erakundeen mugaz haraindiko lankidetzan sakontzeko, hiru eskualdeen (Nouvelle Aquitaine, Nafarroa eta Euskadi) espezializazio ekonomikoan oinarrituta.