18 julio 2016
Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak, Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko arduradun nagusiak hartu ditu gaur goizean Gasteizko udaletxean. Orkestrako arduradunek “Normaltasun berri baterantz” manifestua eman diote alkateari, Orkestrak prestatu duena Euskal Autonomia Erkidegoak etorkizun hurbilean dituen erronka nagusietako batzuk identifikatzeko.
Topaketa Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren sorreraren 10. urteurrenari lotuta dago. Alkatearekin batera izan da Nerea Melgosa, Enplegu eta Ekonomia Garapen Jasangarriko zinegotzia. Orkestraren izenean udaletxean izan dira Ignacio Mª Echeberria presidentea, Jose Luis Larrea ohorezko presidentea eta Maria Jose Aranguren zuzendari nagusia.
Bileran, Orkestrako arduradunek alkateari aurkeztu dizkiote Institutuak hamar urte hauetan izan dituen lorpen nagusiak eta bultzatu dituen proiektuak. Azpimarratu dute lankidetza publiko-pribatuko ekimena dela eta ekarpen garrantzitsua egin diola herrialdearen lehiakortasunari eta herritarren ongizateari.
Horrela, Orkestra nazioarteko erreferentzia bihurtu da eskualdeko lehiakortasunaren azterketan. Gaur, Gasteizko Udalarekin elkarrizketarako gune bat ireki nahi izan du partekatzeko tokiko esparrutik ere garrantzitsua dela etorkizuneko erronka nagusiei aurre egiten lagunduko diguten ekimenak abian jartzea.
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) 10. urteurrena du aurten eta, sortu zenean bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna bultzatzen laguntzen jarraitu nahi du. Urteurrenaren harira, Institutuko arduradun nagusiak hainbat topaketa ari dira egiten gizarte, ekonomia eta erakundeetako eragileekin, Euskal Autonomia Erkidegoak etorkizun hurbilean dituen erronka nagusiak partekatzeko, Orkestraren “Normaltasun berri baterantz” manifestuan jasotzen den moduan.
