Laburpena

Txosten honetan, euskal kooperatiben azken hamarkadako azterketa demografikoa aurkezten da. Kooperatibak garrantzi handiko enpresa egitura dira Euskal Autonomia Erkidegoan: 2.576 kooperatiba aktibo inguru daude, eta horietatik 1.848 kooperatibaren datu zehatzak daude eskuragarri. Kooperatibak autonomia erkidegoko enpresa guztien % 1,28 dira. DIRAE-Eustaten datuen arabera, kooperatiben kopurua 2015ean 1.587 izatetik 2020an 1.732 izatera igo zen, % 9,1eko hazkundea, hain zuzen ere. Joera positibo horrek jarraitu egin zuen, 2023an 1.848 kooperatiba izatera iritsi arte. Kopuru horrek % 16,4ko hazkundea adierazten du 2015az geroztik, eta % 6,7koa, pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta.

Beste forma juridiko batzuetako enpresen kopuruak behera egin badu ere, kooperatiben pisuak gora egin du, eta 2015ean enpresa guztien % 1 izatetik 2023an enpresa guztien % 1,3 izatera igaro dira. Enpleguari dagokionez, kooperatibek 55.268 pertsonari ematen zieten lana 2023an, eta lanpostu horietan, genero banaketa ia orekatua zen (% 48,47 emakumeak).

Kooperatiben kopurua % 11 hazi da 2015 eta 2022 artean, eta horrek erakusten du berritzeko eta enpresa berriak sortzeko gaitasuna dutela.

Pertsonen parte hartzea funtsezko elementua da eredu kooperatiboan. Guztira 1.512.576 bazkide erabiltzaile daude kontsumo, kreditu, hezkuntza, nekazaritza eta garraio kooperatibetan, eta modu aktiboan hartzen dute parte erabakiak hartzeko prozesuetan.

Laburbilduz, Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibek eragin nabarmena dute euskal ekonomian, eta XX. mendearen bigarren erdialdean hedatzen hasi zirenetik, erresilientzia eta moldagarritasuna erakutsi dute.