“Etengabe nor naizen eta zer egiten dudan frogatu behar dudala sentitzen dut. Nire burua eta nire lan zientifikoa balioan jarri behar ditut une oro” (M.L. doktoretza aurreko ikertzailea, 2023)

 2023ko martxoaren 8aren harira, solasaldi informalak izan genituen doktoretza tesiak egiten ari diren emakume gazteekin. Harremantze ereduak, ikusezintasuna, hazkunde komunitarioa… protagonismoa hartu zuten ikerketa eta generoaren inguruko ikuspegiek. Elkarrizketa horietatik hasi dugu harremantzearen eta generoaren inguruko hausnarketa. Lehenik, ikusezintasunaren ikuspegitik. Bigarrenik, estrategiaren perspektibatik. Gai horiek lantzeko estilo femenino eta maskulinoan oinarritu gara. Gizonezkoetan sarriago ikusten diren portaerei egiten die erreferentzia estilo maskulinoak. Emakumeetan maizago identifikatzen ditugun jarrerei lotuta dago estilo femeninoa. Estiloa sexuaz harago doan ezaugarria da: emakume guztiek ez dute zertan estilo femeninoa jarraitu. 

Emakume gazte eta ikertzaile moduan, ikusezintasunaren abizen guztiak motxilan ditudala sentitzen dut”  (M.D. doktoretza aurreko ikertzailea, 2023)

Partekatutako sentipena da ikusezintasunarena. Harremantzean oinarritutako lanak ikusezintzat jotzen dira. Talde eta pertsonen fazilitazioa, esaterako. Miren Larrearen (2021; 2023) ideien haritik, lorpena eta eraginkortasuna ulertzeko bi modu daude: bata maskulinoa eta bestea femeninoa. Lehenengoak gaitasun indibidualetik ulertzen du hazkundea; bigarrenak, aldiz, gaitasun kolektibotik. Izaera kolektiboa estu loturik dago harremantzearekin. Harremantze lana ikusezintzat jotzen da; eta lan ikusezina, abstraktutzat. Flecther-en (2001) hitzetan, harremantze sistematikoki bilakatzen dute ikusezin erakunde eta enpresen egiturek. Horri aurre egiteko gakoa da ikusezintasuna ezaugarri abstraktu gisa irudikatzeko joera eraldatzea. Lan ikusezinaren atzean praktika eta ebidentzia errealak daude. Hala ere, harremantze lanei gain jartzen zaizkie emaitza materialak. Miren Larrearen arabera harremantze lanari aitortza, balioa eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio. Lan horren aldarrikapena, estilo femeninoa ikusaraztea, eta joeren eraldaketaren aldeko aldarrikapena ez dira kapritxo hutsak. Erakundearen ongizateari eragiten dieten posizionamenduak baizik.

“Produktibitatea saritzen den heinean, zaintza lanak itzalean gelditzen dira”  (I.S. doktoretza aurreko ikertzailea, 2023)

Errekonozimendua lan egituren parte da. Estilo femeninoak estrategikotik ere badu. Balioan jarri nahi ditugu norbere hazkundea besteen ongizatearekin bateratzen dituzten harremantze ereduak. Hazkunde kolektiboak parada ematen digu elkarri bidelaguntza emateko. Baita zaintza eta emozioak erdigunean jartzeko ere. Ez gara ari bizipenak partekatzeko espazio hutsez; are gutxiago, negar egiteko espazioez. Norbere burua kokatzeko modu berriak esploratzeaz eta bidelaguntzari ateak irekitzeaz ari gara. Bizipenak partekatze hutsa gainditzea, emozioak eta zaintza aintzatestea, eta bizipenak betaurreko berriekin irakurtzera ausartzea. Estilo femeninotzat dugunarekin bat egiten duten jardunbideei merezi tokia eskaintzea delakoan gaude. Gu geu gara horren adibide. Lerrook idaztera eraman gaituen kontzientzia horrek bultzatu gaitu hainbat doktoregaion lantalde bat osatzera, izatez malkartsua den prozesua elkarri arintzea xede. Ez baitugu nahi gure ihesbide iturri izan dadin egun amaieran alboan dugun pertsonarengan kentzea gure emozio erauntsiaren karga. Hala, sinetsita gaude estrategia ez dela soilik arrazional eta objektibotzat dugun hori, eta bai, badela estrategikoa ere egitura erlazionalak sortu eta indartzea, hazkunde komunitarioa sustatze aldera (Estensoro, 2021).

Jakin badakigu ikuspuntu ugaritik landu genezakeela gai hau; kapa ugariko errealitate konplexua baita. Hala, gure hautua egin dugu, jakinda elkarreragiten duten hamaika faktore esanguratsu gure gogoeta labur honetatik kanpo geratu direla. Hitz gutxitan, genero ikuspegia eta harremantze ereduak mahaigaineratu nahi izan ditugu lerrootan. Hain zuzen, gogoetarako hizpide hartu dugu nola lurreratzen den estilo femeninoa eremu akademikoan, eta gure esperientzia islatzeko formatua bilatu dugu generoa eta erakundea eztabaidan jartzen dituen literaturan. Hala, bizipenak problematizatzeko ariketa egin dugu, ohartu baikara lehenengo pertsonan izandako esperientziak, bizipen partekatuak ere badirela.


miren larrea

Maddalen Alkorta

Maddalen doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran, eta egun bi arlotako proiektuetan ari da, ongizate eta enpresa adimendunarekin lotutako proiektuetan

Perfil osoa ikusi

 


Ibon Gil de San Vicente

Naia Begiristain

Naia doktorego aurreko ikertzailea da Orkestran. Bertan, ikerketa-ekintza proiektuen esparruan egiten du lan. Egun, bere ikerketa arlo nagusiak dialogo demokratikoa, lankidetzazko gobernantza eta parte-hartzea dira. Ezaguera alor horiek barne hartzen ditu lurralde garapenaren eremuan. Komunikazioan graduduna da eta Nazioarteko Harremanetako eta Enpresa Diplomaziako masterrarekin osatu du bere formakuntza. Orain, Naia doktorego tesia egiten ari da politika publikoen ko-sortze prozesuen demokratizazioaren inguruan. Tesian bereziki azpimarratzen du elkarrizketaren eta parte-hartzearen ekarpena.