2016ko martxoaren 16a

2016 03 05 Lurraldetasuna Mintegia034


Eusko Ikaskuntzak lurraldetasuna modu berri eta partekatu batean garatzeko helburua du. Eta kontzeptualizazio berri horretan Orkestrak bere ekarpena egin du. Joan den martxoaren 5ean, Miren Larrea ikertzaile seniorrak honen dimentsio sozioekonomikoaz hitz egin zuen Eusko Ikaskuntzak antolaturiko ‘Lurraldetasuna eta Kontzeptualizazioa’ mintegian. Mintegia Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria proiektuaren lehen pausoa besterik ez da, 2018ra arte iraungo duena.

Zubigintza-Gipuzkoa Sareanen Ekintza Ikerketarako Laborategian izandako esperientzia abiapuntutzat hartuta, honen baitan lurralde garapenak duen esanahiaz hitz egin zuen. Proiektuaren baitan lurraldea aktore multzoa da eta lurralde garapena berriz aktoreen dinamizazio eta parte haratzean oinarritzen da. Aipatutakoaz gain, mintegian lurraldetasunaren beste dimentsio batzuk ere jorratu ziren, hala nola, dimentsio juridiko, politiko, instituzional eta sinbolikoa. Eta horiek guztiak kontuan hartuz, kontzeptu nagusiak identifikatu eta ideia berriak atera ziren.

Hala Orkestrak lurraldearekiko duen konpromisoari erantzuten dio, modu honetako ekarpenak egiten ari diren beste erakundeekin elkarlanerako bideak bultzatuz eta eginiko ikerketaren emaitzan gizarteratzeko bide berriak jorratuz. Lehiakortasunerako Euskal Institutuak ia hasieratik landu du lurralde garapenerako ekintza ikerketaren lan ildoa, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz eta garapen agentziekin lankidetzan. Egun, egindako lanen emaitzak partekatzeko ahaleginean dirau.

Eusko Ikaskuntzaren proiektuari dagokionez, honen baitan bi emaitza planteatzen dira: alde batetik, 2016ean Euskal Herriko lurraldearen liburu berdearen lanketa,egungo egituraketa sozio-politikoan oinarrituriko dena; bestetik, 2017ra begira, Euskal Herriko lurraldearen liburu zuria egitea, etorkizuneko irtenbide eta proposamenak jasoko dituena, gobernantza eredu berriek eskaintzen dituzten aukerak kontuan hartuz. Martxoaren bostean egindako mintegiko kontzeptualizazioak liburu berdean islatuko den egungo egituraketa soziopolitikoan eta liburu zurian jasoko den ondorengo proposamen fasearen ardatzak markatuko ditu.