2016ko otsailaren 22a

Elkarrizketa: Garikoitz Agote, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza departamentuko Zuzendari Nagusia

 


 

Equipo Garikoitz Agote cuadrado

Gipuzkoa Sareanen 2016ko planaren ardatzak finkatzeko Ekonomia Sustapenerako departamentuaren rola oinarrizkoa izan da. Baina hemendik aurrera ere proiektuko aktore garrantzitsu izaten jarraituko du, honen mahai ezberdinetan egongo baita. Garikoitz Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza departamentuko zuzendari nagusiak gai horiek jorratzen ditu, besteak beste, ondorengo elkarrizketan. Hau da, enpresa txikiekin lan egitearen zergatiak azaldu eta beraien departamentuak Gipuzkoa Sareanera egin dezaken ekarpenaz hitz egiten du.


Zein da zuen Departamentuak Gipuzkoa Sareanen baitan garatu nahi duen lan ildoa?

Gipuzkoako enpresa txikietara zuzendutako elkarlana, eta enpresa txikiaren lehiakortasuna indartu eta sendotzea modernizazioaren eta gobernantza onaren bidetik.

Zergatik enpresa txikiak?

Batik bat, hiru arrazoirengatik: lehenik eta behin, gure ekonomian duten pisuagatik. Gipuzkoan, hiru eta berrogeita bederatzi langile bitarteko enpresak Gipuzkoako enpresa guztien % 22 dira eta Gipuzkoako enpleguaren % 41. Horrek enpresa txikiek gure ekonomian duten garrantzia adierazten du. Bigarrenik, neurri handi batean behar handienak dituzten agente ekonomikoak direlako. Eta, hirugarrenik, elkarlanean aritzea edozein enpresari datorkiolako ondo, eta enpresa txikiei are gehiago. Honek erabateko zentzua du, hain zuzen ere, dimentsio txiki horrek hainbat muga jartzen dizkielako beren jardunean. Gainera, lehiakorragoa egiteko enpresa txikien arteko elkarlana ezinbestekoa da.

"Gipuzkoa Sareaneko filosofiak enpresa txikien arteko elkarlanean lagunduko digu, eta hori ezinbestekoa da enpresa txikien modernizaziorako"

Departamentutik lantzen ari zareten zein planetan dago enmarkaturik proposamen hau?

Departamentuak oso argi definitu duen Gipuzkoako Ekonomiaren Suspertzeko Planean sartzen da Gipuzkoa Sareaneko lan ildoa. Honek bost helburu nagusi ditu. Lehenengoa da Gipuzkoako Industriaren alde egin eta lurralde lehiakor bat bultzatzea. Horren barruan, bi jarduera nagusi izango ditugu: enpresa txikienganako programa integral bat bultzatzea eta erreferentzia izan daitezkeen enpresen eta gainontzekoen arteko elkarlan bat bultzatzea. Hain zuzen ere, helburu honen pean dauka zentzua Gipuzkoa Sareanen lan ildoak.

Horrez gain, gainontzeko helburuak dira Ekonomia parte hartzaile eta konprometitu baten aldeko apustua, Gipuzkoa berritzaile eta adimentsuago baten aldeko apustua, sormenez beteriko Gipuzkoa ekintzaile baten aldeko apustua, eta Gipuzkoa ireki eta erakargarri bat bultzatzeko apustua.

Zein zentzutan pentsatzen duzue lagun dezakela Gipuzkoa Sareanen filosofiak proiektua bultzatzerakoan?

Enpresei dagokienez, Gipuzkoa Sareaneko filosofiak enpresa txikien arteko elkarlana bultzatuko du,lehiakortasun maila areagotzeko helburuarekin. Hori ezinbestekoa da enpresa txikien modernizaziorako hainbat alorretan: produktu/zerbitzuen dibertsifikazioa, merkatu berrietara heltzeko aukera berriak jorratzea,…. Horrez gain, enpresekin lotuta gauden hainbat erakunde eta eragile instituzionalen arteko elkarlan eraginkorra bultzatuko duela iruditzen zaigu, Foru Aldundia gai honetan ez baitago bakarrik. Garapen agentziekin, udalekin eta beste zenbait eragile ekonomikorekin batera modu lerrokatu eta eraginkorrean lan egitea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta, zentzu horretan, Gipuzkoa Sarean ekimenak lagundu egingo digu. 

Eta zein zentzutan uste duzu lagun dezakela Sustapen Departamentuak proiektua? Zein ekarpen egin dakioke?

Nik uste dut ekarpen handia izan dakiokela. Gure departamentuak, industriari dagokionean, 27.5 milioi euroko dirulaguntzak eta programak jarriko ditu martxan 2016an eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere osotasunean Ekonomia Suspertzeko planean 50 milioi euro jarriko ditu urtero datozen lau urtetan. Horrek baliabide ugari emango dizkie enpresei eta eragile instituzionalei elkarlanerako eta lehiakortasunerako ildo horretan. Gainera, uste dut lurraldearen estrategia ekonomikoa eta gobernantza berria definitzerakoan, gu agente aktibo bat izango garela, lurraldearekiko eredu berri bat sortu nahi dugulako. Alde hortatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia departamentuko zuzendariak eta ekipoak hor lan egin nahi du beste batzuekin batera.

Nola interpretatzen duzue ikerketaren papera prozesuan?

Nire iritziz, Gipuzkoa Sareanek garbi definituta du ikerketa eredu jakin bat, ekintzari lotuta. Eredu horretan, ikuspegi akademikotik, eta arrakastatsuak izan diren beste esperientzia eta eredu batzuk kontuan hartuta, akziorako estrategia bat definitzen da. Gero, estrategia hori praktikara eramaten da eta ekintzek  erakusten digute zein puntutaraino asmatzen dugun aurretik definituriko estrategian. Ekintza horien emaitzek eragiten dute estrategian berriro ere, hausnartu eta hobetzeko bidea ematen baitute. Eta, alde horretatik, gu eroso sentitzen gara. Iruditzen zaigu ikerketa eta ekintza eredu egokia direla aldaketa eta modernizazio prozesu honetarako.