Elkarrizketa: Itziar Salaberria, Uggasako gerentea

Itziar Salaberria Uggasako (Urola Garaiko Garapenerako Agentzia) gerentea da 2004. urteaz geroztik. Gipuzkoa Sarean proiektuan parte hartu du, Eskualde Arteko Mahaian. Mahai horren helburua eskualdeen arteko elkarlana bultzatzea izanik, Gipuzkoa Sarean Uggasarentzat zer izan den azaldu digu elkarrizketa honetan, alderdi positiboak, baina baita zailtasun eta hobekuntzak ere azpimarratuz.
Zein izan da Gipuzkoa Sarean prozesuan landutako proiektua?
Guk Onbideratu ekimenaren saretze lana landu dugu. Eskualdeak, Urola Garaiak, Onbideratu estrategiaren baitan, helburu du ortoprotesien, errehabilitazio sistemen eta laguntza teknikoen inguruan industria berri bat garatzea. Eta Gipuzkoa Sareanen bitartez landu dugu eragileen arteko saretze lana.
Nola erabili dituzue Gipuzkoa Sareanen ikasitakoak proiektu hori errealitate bihurtzeko?
Onbideratu proiektuak, berez, eskualdeko plangintza estrategikoan erabateko adostasuna zuen. Hau da, proiektua lantzeko abiapuntua bazegoen Gipuzkoa Sarean sortu aurretik, hura lantzen hasita geundelako. Hori kontuan izanik, prozesuan ikasitako metodologia alderatuz eta, ahal den neurrian, aplikatuz joan gara. Bidean edo saretze bide horretan izan ditugun zailtasunen arrazoiak identifikatzen lagundu digu, eta elementu horiei arreta gehiago jartzen saiatu gara ondoren. Beraz, esan daiteke metodologiaren eta horren aplikazioaren inguruko ikasketa izan dela batik bat.
Esan dezakezue Gipuzkoa Sareanen parte hartzeak prozesua erraztu egin dizuela?
Alde batetik, proiektuari dagokionez, ekimen estrategiko bat modu partekatu batean lantzeak, lidergo partekatu batekin, hasiera batean, behintzat, ez du lana errazten. Are gehiago, alderantziz esango nuke; askoz ere konplexuagoa da ikuspegi partekatu hori nolabait adostea. Baina pentsatzen dugu, aurrera begiratuz gero, modu honetan lan egiteak emaitzak edo prozesua bera erraztuko dizkigula. Bestetik, sustapen mailan egin dugun lanean asko lagundu digula adierazi behar da, adibidez, sustapen mahaitik atera den dekretuaren ikuspuntua proiektu estrategiko bezala lantzeko. Uste dut guztion ekarpenekin landu zen dekretu hori oso garrantzitsua izan dela eskualdeetako proiektu estrategikoentzat. Gure kasuan, behintzat, Onbideratu estrategia lantzeko oso inportantea izan da.
Zer jasotzen du dekretu horrek, zehazki?
Tokian tokiko enplegua dinamizatzea zuen helburu eta proiektu estrategikoetatik abiatzen ziren ekimenak barneratzen zituen. Horrelako ekimen estrategikoak finantzatzeko orain arte ez zegoen horrelako dekreturik. Nik uste dut, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera landu genuenez, dekretu hori oso garrantzitsua izan zela, hala diputazioak berak ere proiektuaren helburuak eta nondik norakoak hobeto ulertzen dituelako.
Uste duzu prozesu honetan parte hartu izan ez bazenute, bestelakoa izango litzatekeela saretze prozesua?
Gure proiektuari dagokionez, pentsatzen dut askoz ere lokalagoa izango litzatekeela. Lokalagoa esanez, eskualdekoa esan nahi dut. Agian, prozesu horretan guztian, proiektua partekatzeak Gipuzkoa osoko proiektu bezala ikustea eramaten gaitu. Eta, nire ustez, egitasmoak beste eskualdeekin eta Foru Aldundiarekin zuzenean partekatzeak mesede handia egiten die proiektuei.
Zer da Gipuzkoa Sareanen parte hartuz ikasi duzuen gauza azpimarragarriena?
Gipuzkoa Sareanen metodologian planteatzen diren oinarrizko elementuak: ikuspegi konpartitu baten beharra, konfiantzazko espazioak lantzearen beharra, eta egitura ondo sortzearen beharra. Hiru elementu horiek ondo eta argi ez baldin badaude, gerora prozesuan zailtasunak bata bestearen atzetik datozela esan daiteke. Eta hori enpirikoki ere ikusi egin dugu. Nire ustez, beraz, hiru elementu horien garrantzia da ikasi dugun gauza azpimarragarriena, horrelako proiektuak lortzeko hiru elementu horiek ondo eraikitzearen beharra.
Eta zerbaiten falta sumatu duzue Gipuzkoa Sarean programan parte hartu duzuenean?
Aurreko galderan esan dudanarekin lotuta, hiru elementu horien inguruan prestakuntza sakonago bat, agian. Ez da erraza ikuspegi konpartitu bat eraikitzea edo konfiantzazko espazio horiek lantzea. Gipuzkoa Sareanen barnean egon da fazilitadore rola zuten teknikarientzako formazioa gai ezberdinetan, baina oinarrian dauden elementu horien inguruko prestakuntza teknikari eta zuzendari guztiek behar dugula uste dut nik. Azkenean, lan talde bat edo edozein sare dinamizatzen duen teknikari batek modu horretan lan egin ahal izateko bakoitzak kapazitate asko behar ditu. Beraz, esan bezala, oinarrian dagoen ikuspegi konpartitu hori eraikitzeko gaitasuna lantzeko formazio sakonagoa beharrezkoa dela uste dut.