Elkarrizketa: Andoni Egia, Beterriko Garapen agentziko kidea

Andoni Egia

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo garapen sozioekonomikoa bultzatu eta bertako biztanleen ongizatea bermatzeko helburuarekin, martxoan Beterriko Garapen Agentzia sortu da Buruntzaldean. Garapen Agentziako kide da Andoni Egia; 2013az geroztik, agentzia hau sortzeko ikerketa eta saretze lanetan aritu izan da eskualdeko udaletako alkate eta teknikariekin batera. Denbora honetan Gipuzkoa Sareanen eskualdeko eragile moduan ibili da, sare honetako Eskualde Arteko Mahaiko eta fazilitadoreen ekintza-ikerketa prozesuko kide izan baita. 


Zerk eraman zaituzte Beterriko Garapen Agentzia sortzera?

Arrazoi askok eraman gaituzte Beterriko Garapen Agentzia martxan jartzera. Lehenik eta behin, Buruntzaldea zen Gipuzkoan Garapen Sozioekonomikorako egiturarik ez zuen eskualde bakarra, eta honek, zailtasunak sortzen zituen goragoko (Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta EB) egitura administratiboek eskaintzen dituzten diru laguntzak eta baliabideak jasotzeko eta kudeatzeko.

"Egun bizi dugun egiturazko krisi multidimentsional honek ziklo historiko berri baten aurrean kokatzen gaitu parez pare, eta honen aurrean, ezinbestekoa da berrikuste kritiko bat egitea"

Honetaz gain, egun bizi dugun egiturazko krisi multidimentsional honek (ekonomikoa, ingurumenarena, zaintzena, balioena...) ziklo historiko berri baten aurrean kokatzen gaitu parez pare, eta honen aurrean, ezinbestekoa da administrazio publikoek, orain arte egin den guztiaren berrikuste kritiko bat egin, eta jendartearen beharrei erantzun zehatzak ematea. Alde batetik egoera honek eragiten dituen sufrikarioak ezabatzeko, eta bestetik, emergentziazko egoera sozioekonomiko honetara eraman gaituen, eta ez bururik eta ez hankarik ez duen sistema sozioekonomiko hau, justuagoa, jasangarriagoa eta parte hartzaileago izango den beste sistema batengatik eraldatzeko baliabide bat sortzeko beharrak eraman gaitu Garapen Integralerako Agentzia berri bat sortzera.   

Zein dira garapen agentzia honek dituen helburuak eta nola gauzatuko dituzue?

Arestian esan bezala, egungo errealitatearen azterketa kritiko eta serio guztiek dioten moduan, hazkunde ekonomikoan, energiaren erabilera intentsiboan, deslokalizatutako lan eskuaren ustiakuntzan eta emakumeen bazterketan oinarritzen den egitura soizoekonomiko honen funtzionamendu normala izan da aterabiderik ez duen egoera honetara eraman gaituena. Horrenbestez, agentzia honek dituen helburuen artean nagusiena, emergentzia sozialeko egoera honi buelta eman ahal izateko bide berriak bilatu eta aurkitzearena izango da, orain arte erabili diren horiek alde batera utziz.

"Elkarlanean, kooperazioan eta elkartasunean oinarrituko diren bide berriak bilatzen eta aurkitzen saiatuko gara"

Horrela, garapenerako paradigma berriak sortzea izango da helburu nagusia, hazkundea eta produktibitatea bezalako kontzeptu desfasatu eta arriskutsuak (lurralde finituetan ezin daiteke infinituki hazi) bigarren planoan utziz eta elkarlanean, kooperazioan eta elkartasunean oinarrituko diren bide berriak bilatzen eta aurkitzen saiatuko gara.

Hau guztia lortzeko erabiliko diren bideak eta metodologiak ere berritzaileak izango dira, aniztasuna, inteligentzia kolektiboa, parekidetasuna, parte hartzea, ezagutza eta berrikuntza soziala izango baitira eredu berri honen muinean kokatuko diren kontzeptuak.

Zer eragin izan du eta dauka Gipuzkoa Sareanek ekimen honetan?

Gipuzkoa Sareanen eduki dudan parte hartzeak izugarri lagundu dio Buruntzaldearen egituratze prozesuari eta Beterriko Garapen Agentziaren sorkuntzari.

"Prozesu honetan jaso ditugun prestakuntza saioak  eta beste agentzietako lankideen aportazioak izugarrizko laguntza izan dira agentzia eratzerakoan"

Alde batetik, prozesu honetan jaso ditugun prestakuntza saioak izugarrizko laguntza izan dira Lurralde garapenaren kontzeptu eta metodologiak ezagutu eta berauetan sakontzeko. Eta bestetik, ekintza-ikerketa honen baitan gainerako agentzietako teknikariak eta zuzendariak ezagutzeak beste lekuetan zer eta nola egiten duten ikusteko eta eduki dituzten arazoak, eta asmakuntzak zeintzuk izan diren ikasteko oso baliagarriak egin zaizkit. Bestalde, formazioan zehar eduki ditugun formatzaileen kalitatea eta erakutsi duten interesa eta dedikazioa apartak izan dira, beraz, esan genezake gure prozesuaren baitan ezinbesteko mugarria izan dela Gipuzkoa Sareanen parte hartzea.

Gipuzkoa Sarean bultzatzen ari den harremantze eredu berri honetako elementurik erabiltzen ari al zarete eskualdeko eragileen arteko harremanak bultzatzeko?

Bai, noski. Garapen Agentziaren gobernantza eredua behetik gorako norabidea izango duen harremantze eredu batean oinarritzen da, nahiz eta oraindik egituratze fasean dagoen, ezinbestekoa iruditzen zaigu garapenaren subjektuak eskualdeko eragileak izatea. Horrela, hiru motatako eragileak identifikatzen ditugu, batetik administrazio publikoak, bestetik eragile ekonomikoak eta azkenik eragile sozialak. Ildo horretatik, administrazio publikoek garapenerako baliabideen jabetza publikoa bermatu behar dute, edozein klasetako, jatorritako edo sexutako pertsonek baliabide hauek erabiltzeko eskubidea izan dezaten. Bestetik, eragile sozialek edo/eta komunitateak garapen planaren norabide estrategikoa markatu behar du, eskualdean bizi diren pertsonak baitira garapen planaren oinarri eta helburu, eta beraz hauek markatu behar dituzte zeintzuk diren euren beharrak alde batetik, eta desioak bestetik. Azkenik, eragile ekonomikoek komunitateak ezarri duen norabide estrategiko hau egikaritu behar dute, egikaritze bide honetan balio ekonomikoa sortuz eta banatuz. Horrela Giza Garapen Jasangarrian oinarrituko den garapen eredu bat indartu eta hedatzea helburu izango duen prozesua abiarazi nahi dugu.

Gipuzkoa Sareaneko Eskualde Arteko Mahaian eta fazilitadoreen ekintza-ikerketa prozesuan aritu izan zara lanean. Bi talde hauetan ikasitakoen konbinazioa kontuan hartuta, eta eskualdeko lurralde garapenari dagokionez, zerekin geldituko zinateke edo zein izan da prozesuan zehar jasotako ikasgai nagusia?

Bai, bi prozesuetan hartu dut parte, eta azpimarratu nahi nuke zein aberasgarria izan den horrelako bi prozesu hauetan parte hartu izana, garapen agentzien plano ezberdinetan egiten diren lanak eta planteatzen diren erronkak lehen eskutik ikusi eta bizi ahal izan baititut. Horrela, uste dut jaso dudan irakaspen praktiko nagusia energia eta sustapenerako dekretuetarako egin zen lanketa izan dela. Dekretu hau modu parte hartzailean landu dugu eta horrek erakutsi dit zein garrantzitsua den gure jardueren eragina jasotzen duten interes taldeak kontuan hartu eta hauek garapenerako ekintzen objektu izatetik subjektu izatera pasaraztea. Inork ez baitaki interes talde horiek bezala (kasu honetan eskualde ezberdinetako garapen agentzien ordezkariak) momentu bakoitzean zein ekintza egin behar diren, eta ekintza hauek zein modutara gauzatu behar diren. Honetaz gain, gure eskualdean, eta gainerakoetan, oso erabilgarri izan daitekeen metodoa bizi izan nuen lehengo pertsonan, bi dekretuak gure interes eta beharren arabera osatu baitziren.

Nola baloratuko zenuke Gipuzkoa Sareanek etapa honetan egindako lana? Gipuzkoako lurraldearen garapena sendotzeko baliagarria izan dela deritzozu eta zer hobetuko zenuke?

Gipuzkoa Sareanen baitan egin den lana eta lan honen oinarrian egon den harremantze eredua ezin hobeagoa eta aproposagoa izan dela uste dut. Alde batetik, lan teorikoa oso trinkoa izan da, eta horretan, Orkestraren ekarpena azpimarratu nahiko nuke. Gainera, atzerriko esperientziak aztertu eta ikusi ditugu, hala nola, Argentinan ConectaDELen baitan ematen ari dena orokorrean eta zehazki, Rafaela hirian bizitakoa, Pablo Costamagnaren eskutik.

Bestalde, oso modu interesgarrian uztartu da alderdi teorikoa, Fazilitadoreen formakuntza prozesuan landutakoa, eta alde praktikoa, Eskualde Arteko Mahaian egikaritu dena. Bi prozesuak bizitzeak prozesuaren alde teorikoa eta praktikoa ikusteko aukera eman dit, eta honenbestez, prozesu honen osotasuna bizitzeko aukera.

"Etorkizuneko garapen planek askatu beharko dituzten korapiloak dira Gipuzkoa Sareanen baitan landu direnak"

Azkenik, Gipuzkoarako proposatzen den garapen ereduaren eta harremantze eredu honen egokitasuna azpimarratu nahiko nuke, lurraldean barreiatuta dauden agente zein aktore ezberdinen ahalduntze prozesuan oinarritzen baita. Aktore hauek dira edozein garapen prozesuren muina, berauek bizi baitute lurraldearen egoera zehatza, eta berauek baitakite zein alderdi zuzendu behar diren eta zein indartu. Honetaz gain, boterea deszentralizatzeak garapen eredu demokratiko bat sortzeko aukera ematen du, orekatuagoa, jasangarriagoa eta justuagoa izango dena. Horrela bada, elkarrizketaren hasieran nioen bezala, etorkizuneko garapen planek askatu beharko dituzten korapiloak dira Gipuzkoa Sareanen baitan landu direnak, eta ezinbestekoa da gaurdanik, oinarri horien gainean garatuko diren prozesuak abiaraztea.

Etiketa: