2020ko ekainaren 26a

LH 2Tailerra 20191003 8425 pequeño

Departamentuaren helburu nagusia kalitatezko enplegua sustatzea da, bi alor landuz: pertsona arduratsua, batetik, eta enpresa berritzaileak, bestetik.

COVID-19ak gizartean izan duen eragina ikaragarria izan da, baita ekonomian izan duena ere. Horregatik, Ekonomia Sustapeneko departamentuak hainbat laguntza bideratu ditu, Ogasun Departamentuarekin batera.

Laguntza hauek, Aldundiak sortutakoak nahiz beste instituzioek bultzatutakoak, era egokian iritsi behar zaizkie beharra duten autonomo edo enpresa txiki eta ertainei. Laguntzen irisgarritasuna eta argitasuna erabat garrantzizkoa dela iruditu zitzaigun eta, horretarako, Gipuzkoan sortua dugun elkarte eta agenteen sare zabala aktibatu genuen.

Alde batetik, http://gipuzkoa.eus/covid19ekonomia plataforma sortuz; Segurtasunean, Lanean, Laguntzetan edo Ogasunean argitaratu diren era guztietako laguntzak modu ordenatuan jasotzeko. Foru Aldundiko laguntzak, Eusko Jaurlaritzakoak, Estatukoak edo Europakoak.

Eta bestetik, Elkargiren bidez bideratutako likidezia laguntzen inguruko formazioa jasoz.

Plataforma sortzea baino garrantzitsuagoa, dena den, Gipuzkoan sortutako lan sarea azpimarratuko genuke, enpresa txiki eta ertainei laguntza emateko artikulatu den sare zabala. Bertan, garapen agentziak, elkarteak, patronalak, eta abar parte hartu dute, denon artean, eta elkarlanean, bakoitzak besteari laguntza emanez.

Ekonomia Sustapeneko Zuzendaritzak gertutasun hori indartu nahi izan du, elkarte eta garapen agentzien bidez, baita gerturatu diren zenbait enpresa eta pertsonei ere.

Behin itxialdia bukatu ostean, eta ekonomia jarduera berreskuratzen hasi denean, sortu diren zalantzei aurre egiten saiatu gara.

Baina etorkizuneko begirada inoiz ahaztu gabe. Oraina kudeatu, etorkizunari begiratuz. Laborategian orainaren eta geroaren inguruan landu dugun hausnarketa kontuan hartuz, COVID-19aren krisiak enpresa bakoitzaren etorkizunean sor ditzakeen erronka eta onurak ere aztertzeko aukera aztertu dugu.

Horretarako, BERRABIARAZI hausnarketarako ekimena plazaratu da, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. http://berrabiarazi.aplikazioak.gipuzkoa.eus/

berrabiarazi onaaa

Berrabiarazi etorkizunari begira auto–hausnarketa bat da, gauden egoeraren aurrean erreflexio bat egin eta etorkizun hurbilean izan ditzakegun erronkei buruz hausnartzeko. Zer aldatu behar dugu gure negozioan? Berdin jarraitu behar al dugu? Produktu edo merkatu berri bati aurre egin beharko al genioke?

Hausnarketa hori elkarte eta garapen agentzietako sare zabalaren bidez zabaldu nahi dugu, eta dagokion balioa eman urteetan zehar sortzen joan garen ekosistema osoari. Krisi garaietan ikusten baita egunez egun sortzen diren konfiantzazko guneen eta elkarlana sustatzeko aukera berrien garrantzia.