2017ko urriaren 23a

Elkarrizketa: Belen Larrión, Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko Zuzendari Nagusia, eta Sebas Zurutuza, Diputatu Nagusiaren Kabineteko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria

Sebas eta Belen 2

Diputatu Nagusiaren Kabineteak eta Sustapen departamentuak Gizarte Politikako departamentua dute bidelagun berri Etorkizuna Eraikizen Lurralde Garapenerako Laborategian. Ekainean sinatutako hitzarmenaren harira, Kudeaketa Estrategiako Sebas Zurutuza eta Gizarte Politikako Belen Larrionek “bide natural” bezala ikusi zuten Elkar-EKIN programa laborategian txertatzea. Elkarlan honek zer ekarriko duen galdetu genien, bai egitura, bai potentzial eta erronkei dagokienez. Elkarrizketak beren erantzunak jasotzen ditu. 

Zein testuingurutan erabakitzen da Gizarte Politikako prozesua Etorkizuna Eraikizen Lurralde Garapenerako Laborategian txertatzea?

Sebas: Laborategi horretan gobernantza eredua finkatzen aritu gara azkeneko urte eta erdian. Eta horren baitan hitzarmena sinatu genuen garapen agentziekin. Era berean, ekainean, gure deialdi ireki baten bitartez, Debagoiena eta Debegesak aurkeztutako proiektu bat onartu zen, Gizarte Politikatik garatzen ari diren Elkar-EKINen txertatzen zena. Bi elementu horiek kontutan izanda, orain arte Sustapenetik garapen agentziekin lerrokatze nahi horretan ibili garen bezala, aukera bat ikusten genuen Gizarte Politikatik bultzatzen ari ziren Elkar-Ekin programa neurri batean marko berean sartzeko, hau da, garapen agentziekin sinatu dugun hitzarmen horren barruan.

Belen: Sebasek esan bezala, uste dut gauzak denboretan bat etorri zirela. Gure aldetik, Elkar-EKIN planean, besteak beste, indar gehiagorekin landu nahi dugu enpleagarritasuna. Planak bere baitan dauka ko-generazio eta ko-partehartzea, besteekin nahi ditugulako aurrera atera ekintzak, betiere Aldundiaren lidergoarekin. Eta enpleagarritasunaren gaiari helduta, garapen agentziak ezinbestekoak dira. Zenbaitek bere historian gizarte zerbitzuekin lan egiteko ohitura izan dute, baina beste batzuk, agian, ez hainbeste. Hori dela eta, ziurrenik desberdintasunak egongo dira. Baina horretan lan egin nahi dugu. Sebasek aipatutako Debegesa eta Debagoienarekin dugun proiektu pilotuak pista asko emango dizkigula iruditzen zaigu. Proiektu pilotua ondo ateratzen bada, beste garapen agentzietan erreplika bat egin genezake.

Zertan datza prozesu honek? Nola eragiten dio Lurralde Garapenerako Laborategiak Elkar-EKINi eta alderantziz?

"Enpleagarritasuna ez da soilik Gizarte Politikak kudeatu behar duen zerbait; besteekin egin behar du. Ikusten diodan potentzial handiena da Sustapenetik sortutako gune hau, metodologia berean oinarritutakoa, aukera paregabea dela elkarlanerako" -Belen Larrion

Sebas: hitzarmenean zenbait egitura aipatzen dira: Eskualde Arteko Mahaia, Batzorde Exekutiboa, Talde Eragilea… Alde horretatik, lan ildo hau bete-betean txertatuko da egitura horietan beste lan ildo bat bezala. Berezitasun bat du: orain arte Industria 4.0, adibidez, fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesuan sartu da eta Sustapeneko programak Koordinazio fazilitadoreen bilera-tailerretan landu dira. Bakoitzak bere dinamika darama bere garapenean. Kasu honetan, enpleagarritasun proiektu horren garapenak ere dinamika propioa eramango du, baina Belenek eta bere taldeak egin duten antolaketan oinarrituko da. Oinarrian, aldiz, erabakiak, koordinazioa eta abar, hitzarmenean jasotzen diren egituren bitartez emango dira.

Belen: bidelagun izan gaitezkeela ikusten dugu, gure ekintzak eta ekimenekin. Eta hori guztia, errespetu osoz, orain arte sortutako prozesuan txertatuko litzateke. Abantaila bat dago: Elkar-EKIN gobernantza metodologia berberarekin eramaten dela. Bestalde, Sebasek aipatzen zuen antolaketarena hartuz, enpleagarritasun hau lantzeko eta indartzeko, mintegi sozialak jarri ditugu martxan, iraila eta urria bitartean egin direnak. Bertan helburua izan da enpleguaren inguruan dauden eragile guztiak, horien artean agentziak, elkarrekin aritzea AMIA bat eta abar egiten. Lortu nahi dena da mahai gainean ipintzea bertan ateratakoa. Era berean, jardunaldi bat egingo dugu azaroan. Ea metodologia honek nora garamatzan. 

Zein da elkarlan honi ikusten diozuen potentzialitate handiena?

Sebas eta Belen hizketan 1

Belen: gai hau, enpleagarritasunarena, ez da soilik Gizarte Politikak kudeatu behar duena. Bai edo bai besteekin egin behar du. Beraz ikusten diodan potentzial handiena da Sustapenetik sortutako gune hau, metodologia berean oinarritutakoa, aukera paregabea dela elkarlanerako. Ez balitz existituko, ez dakit nola egingo genuke. Baina ondoan izanda,bidelagun izan behar dugu.

Sebas: erabat ados. Hor sare bat, egitura batzuk, metodologia bat, ibilbide bat daude. Eta nik uste dut aukerak ematen dizkiola Gizarte Politikatik lantzen ari den proiektu horri. Belenek esan bezala eragile ekonomikoak hor txertatzea edo elkarrekin aritzea oso garrantzitsua da. Eta alderantziz: ikuspegi sozialago bat lehiakortasuneko politiketan sartzea. Orain arte landu izan diren horiek aberastu egiten ditu Gizarte Politika eta beste eragile batzuk (hirugarren sektorea, Lanbide…) proiektu oso horretan sartzea. Nik uste dut bi aldeak indartuta ateratzen direla.

Zein da aurreikusten duzuen erronka nagusia prozesuan?

Sebas: bat hasieran aipatu du Belenek: garapen agentzia guztiek ez daramatela erritmo berdina gai honekiko.  Eta bestea, zuentzat, Belen, orain hasi berri duzuen lanketa bat da, eta Sustapenekoek urteak daramatela programa batzuekin. Beti dudak sortzen ditu hasitako bide horrek zenbateraino eraman dezaken.  Dena den, Gizarte Politikatik haratago erabat bereganatuta dauka proiektu horren garrantzia eta garapen agentzien lan egiteari lagunduko diola uste dut.

Belen: historikoki, Gizarte Politikatik egin den bidea ez da izan garapen agentzietatik, baizik eta gizarte zerbitzuetatik. Beraz, beste norabide bat hartuta, goazen garapen agentzien lana borobiltzera gizarte zerbitzuekin ere. Esan bezala, badakigu zenbaitetan lan hori eginda dagoela. Horietan seguraski lehendik egindakoa errekuperatuko dugu eta besteetan sortuko aukera berriak ditugu.

Etiketa: