2016ko abenduaren 13a

Elkarrizketa: Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko ikertzailea, eta Ion Irurzun, Orkestrako kidea.


DSC 0004DSC 0044

Uztaila eta abendua bitartean Eskualde Arteko Mahaia ikasketa fase batean murgilduta egon da. Helburua zen negoziazio fasera iristerako gatazkak agerian uztea eta elkarren arteko ezagutza hobetzea. 

Horretarako garatu den prozesuetako bat diagnostiko objektiboa izan da eta hura koordinatzen aritu da Mondragon Unibertsitateko ikertzaile den Andoni Eizagirre. Ion Irurzun Orkestrako kidea izan du laguntzaile. Lortutako emaitzak taldearen azkeneko bileran aurkezteko aukera izan zuten. Baina, beraientzat, emaitzak baino, prozesuak eta sortutako sistemak izan du bereziki balioa. Oraindik emaitzen kontrastea agentziekin egitea falta bazaie ere, egindako lanaren inguruan elkarrizketa bat egitea proposatu zitzaien. Baina, hitz egiten hastean, bien arteko solasaldia bihurtu zen.

Oharra: letra etzanez agertzen diren esaldiak elkarrizketatzaileak txertatutakoak dira.

Nola baloratzen duzue prozesua?

Ion: Niretzat positiboa izan da. Testuinguruan jarri behar da –Gipuzkoa Sareanena- prozesu baten osagai txiki bat delako, nik ulertzen dudanaren arabera, diagnostiko subjektiboari euskarria emateko, alegia. Horretarako diseinatu eta pentsatu genuen. Eskualdeko garapen agentziek ateak ireki dizkigute, datu konplexu batzuen inguruan aritu gara eta nik uste dut konfiantza landu dela.

Horrez gain, beste helburu bat zen baldintzak sortzea gero negoziazio prozesua ahalbidetzeko. Beraz nik uste dut helburu esplizitua eta inplizitua dituela. Inplizitua zen, hain zuzen ere, baldintzak sortzea. Esplizitua, kasu honetan, gutxiengoa da, atzo ondorioztatu genituen gauzak –emaitzak- oso intuitiboak zirelako, argi ikusten zirenak, sustapenak zuela pisu guztia, adibidez.

Andoni: Nik ere prozesua positiboki baloratuko nuke. Nabarmenduko nuke elkarrekin eraikitako sistema bera eta horrek ahalbidetu dizkigun emaitzak. Garapen agentziak heterogeneoak eta oso desberdinak dira. Eta desberdinak diren garapen agentzia horiekin, elkarrekin, sistema bat eraikitzea posible den konprobatu nahi izan dugu. Kontraste bileretan ikusi genuen zein zaila den kategoria komunetan sartzea eta kategoria horiei esanahi berbera edo antzekoa ematea. Mirenek zenbaitetan esan duen bezala, askotan zailena lehenengo urrats hau da, sistema bat sortzea. Orain nekatuta gaude oso astuna egin zaigulako. Baina badirudi horrelako prozesuetan zailena sistema bera eraikitzea dela. Ez zoaz garapen agentzia batengana, hamaikarengana baizik. Eta aurkitu behar genuen zerbait non denak ondo sentituko ziren.

Ion, zuk esandakoa, egia da, baina ñabardura batekin. Datuak ziurrenik, gehiago edo gutxiago, susma daitezke. Eta ez dut uste inor harriturik geratu zenik datuekin. Baina balio du intuitiboa zen hori berresteko. Sistema bat sortu dugu –hobetu beharko dena, noski- datu horiek berresteko.

Ion: Horregatik esaten nuen emaitza esplizitua zegoela, baina nik nabarmenduko nukeela emaitza horretara eraman gaituen ariketa, prozesua. Eta beraientzat ariketa hori, dena hankaz gora jartzearena eta zalantza horiek mahaian botatzeko aukera izatea, ona dela uste dut.

"Berez diagnostiko objektiboak datu hotzak izan behar ditu. Baina paradoxa izan da: ikusi da datu objektibo horietara iritsita, modu hotzean jarrita ez direla baliagarriak, agentzia bakoitzak duelako bere jatorria, bere bilakaera eta abar."

Andoni: Nik ere hori azpimarratuko nuke. Kontzeptuak oso hotzak dira, baina apur bat saiatu gara beraiek elkarrizketetan kualitatiboki esan digutena agerian uzten,  kontatu dizkiguten gauza guztiak jasotzen.

Ion: Nik ardura hori ere banuen. Berez diagnostiko objektiboak datu hotzak izan behar ditu. Baina paradoxa izan da: ikusi da datu objektibo horietara iritsita, modu hotzean jarrita ez direla baliagarriak, agentzia bakoitzak duelako bere jatorria, bere bilakaera eta abar. Erlatibizatu egin behar dira apur bat datu objektiboak. Horregatik, esan genuen batez bestekoak ez direla adierazgarriak. Egia da hamar agentziatatik hiruk adierazgarri egiten dituztela datuak. Baina objektiboaren paradoxa da: datu hotzak eskatzen dizkizute, horietara iristen zara eta nolabait ikusten duzu objektibotasuna apurtu behar dela justua izateko.

Zein izan da zuentzat zailtasunik handiena?

Ion: Aurkibide batera iristea. Eta, ondoren, agendaren kontua. Argi dago niretzat lehentasuna zuela; beraientzat ez. Gero, oso ondo. Baina zailtasuna, neurri batean, hortik etorri da. Horrez gain, gu ere irizpide batekin joan gara. Baina jartzen zara beraiekin eta beraiek beste modu batera interpretatzen dituzte datuak. Azkenean hor egon dira kontraste asko eta hori bideratzen joan gara.

Andoni: Horri lotuta –eta errepikatuko dut- garapen agentziak heterogeneoak dira. Hori zaintzen saiatu gara beti, eraiki dugun metodologian horri arreta ipintzen. Uste dut sortu dugun sistemak balio duela aniztasuna aitortzeko. Eta horri dagokion balioa ematea garrantzitsua da.

Ion: Zentzu horretan, hasierako zailtasunak ekidin ditugu eta iritsi gara eredu batera, non denok eroso sentitu diren. Baina hasiera batean, zailtasun handiak ikusten nituen.

Andoni: Horrelako sistema bat egiten duzunean beti zaindu behar dituzu bi ideia nagusi. Batetik, biltzen dituzun kontzeptu edo indikadoreak adierazgarriak izatea. Eta, bigarrenik, sortzen duzun sistemak erraza izatea bi zentzutan: ulergarria izan behar du, kasu honetan garapen agentzientzat eta, bestetik, denbora gehiegi ezin diozu eskatu.

(Agentzien heterogeneotasunaz hizketan, promozioaren definizioaz sortu den debatera iristen dira)

Ion: Eta hor, azkenean, negoziazio prozesu bat da. Pisua kendu nahi zitzaion negoziazioari. Ez. Tentsioa egon behar du. Ez zaio beldurrez heldu behar prozesu horiei.

Andoni: Horregatik, diodanean kontzeptu esanguratsuak osatu behar direla, guk erabili dugun irizpideetako bat izan da garapen agentzia bakoitza arduradun izatea nola definitu sustapena. Gero horrek konparaketak zaildu egiten ditu, bakoitzak modu batean ulertzen badu datuak ez direlako konparagarriak. Baina hala adostu zen.

Sorpresarik eraman duzue?

"Horrelako sistema bat egiten duzunean beti zaindu behar dituzu bi ideia nagusi. Batetik, biltzen dituzun kontzeptu edo indikadoreak adierazgarriak izatea. Eta, bigarrenik, sortzen duzun sistemak erraza izatea"

Ion: Ez da sorpresa izan, baina jarrera ona topatu dut. Agentzia guztien aldetik. Lehen esandakoari kontra egingo diot orain, lehentasun kontua dela (azkenean guretzat lehentasuna dela eta beraientzat ez). Beraiekin geundenean oso jarrera ona azaldu dute eta asko ireki dira gurekin. Hori oso positiboki hartzen dut.

Andoni: Desberdintasun handiak daudela agentzien artean. Eta azpimarratu nahiko nuke nola egiten duten lan: erakundearen ezagutza handia dute eta modu profesionalean kudeatzen dute. Argi dago desberdintasunak daudela garapen agentzien artean. Neurri batean bailarako desberdintasunei zor zaie.

Ion: Baina hori ikustea polita da. Bailaren arteko desberdintasunak eta bakoitzak nola bizi duen eta nola eman nahi dien balioa beraiek dituzten ezaugarriak. Eskualde Arteko Mahaiko bileran ere hori islatu zen. Eta niretzat sorpresa polita izan zen talde eragilearen bileran ikustea zein eztabaida maila ematen zen Aldundiko Sebas, Ander eta Josebarekin. Beraiek oinarrizko zenbait gauza eztabaidatzen ari dira eta horrek ematen du aditzera prozesua bera zintzoa dela, ez dagoela dena finkatuta eta gu hemendik goaz. Ez. Guztiz irekia ikusi nuen.

Andoni: Ez dakit diagnostiko objektiboaz ari garen edo beste aspektu batez. Baina plano horretan nik izan dudan bizipena ere hori izan da.

Ion: Baina bestela diagnostiko objektiboaz ez dago esatekorik

Andoni: Azpimarratu daitekeen sorpresarik ez, behintzat. Baina hori ez dagokigu guri. Hori bai, amaitu aurretik, esan behar da sortu dugun sistemak balio digula eskatu zigutena baino emaitza gehiagotara iristeko. Eta egindako lanaren eta sortutako sistemaren ondoren egin beharko direla gauza gehiago. Era berean, horrekin lotuta, argazki estatikoa baino garrantzitsuagoa da urtez urte sistema berarekin edo antzekoarekin lan egitea. Balioan jarriko nuke garapen agentziek kontuan izan dezaten egin duten lanak probetxu bat duela ez atzorako bakarrik, baizik eta sistema bat sortzeko.