2013 Ekainak 6

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Deusto Business Alumnik, Deusto Alumnik, Deusto Entrepreneurship Centrek eta Deustotech-ek ekimen ekintzaileei laguntzeko sare bat sortu dute
Deustuko Unibertsitateak beste urrats bat egin du ekintzailetza bultzatzeko, esparru horretan lanean ari diren erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatuz, inbertsiogileen eta ekintzaileen arteko harremanak errazteko. Deusto Business Alumni, Deusto Alumni, Deusto Entrepreneurship Centre eta Deustotech inguruan sortzen diren ekimen ekintzaileek Orkestraren Crecer+ inbertsiogileen sarean sartzeko aukera izango dute. Deusto Business Alumnik eta Deusto Alumnik Deustuko Unibertsitateko 10.000 ikasle ohi inguru biltzen dituzte.
Ekintzaileentzat arazo konplexuenetako bat da proiektuak aurrera eramateko finantzaketa egokia bilatzea. Orkestrak, Crecer+ ekimenaren bidez, inbertsiogileak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko gune berezi bat du. Gune honek bi funtzio ditu: alde batetik, ekintzaileen ondoan egotea finantzaketa bilatzeko prozesuan, eta, beste aldetik, proiektuak ebaluatzea eta finantzatzeko proiektuak bilatzen ari diren inbertsiogileei aurkeztea. Crecer+ sare globalak Euskal Autonomia Erkidegoko 40 inbertsio talde baino gehiago biltzen ditu (inbertsogile korporatiboak, banakakoak, family officeak...) eta sareko kideek proiektuak elkarrekin finantzatzea sustatzen du.
Crecer+ sarea eta Deusto Business Alumni orain dela lau urte hasi ziren proiektuak batera finantzatzeko aukera bultzatzen, DeustoInvest-en bidez. DeustoInvestek inbertsioari lotutako ekimenak sustatzen eta laguntzen ditu, gero Crecer+ sareak aurkeztutako proiektuak finantzatzeko.
Hitzarmenak Orkestraren eta Deusto Business Alumniren azken urteetako lankidetza esparrua zabaldu nahi du. Horrela, Deusto Business Alumniko (DBA) edo Deusto Alumniko (DA) elkartekideren batek finantzaketa behar duen proiektu ekintzaileren bat badu, Crecer+-en inbertsio sarean parte hartu ahal izango du. Hitzarmen horrekin, gehiago dira ekintzailetza proiektuetan inbertitzeko interesa izanik, horrelako eragiketak ixten esperientzia duten inbertsiogileen sektore askotako sare batean par har dezaketen Alumniak. Ildo horretatik, Alumniren bi elkarteek, guztira 9.741 bazkide dituztenak, aukera izango dute beren bazkideei lehentasunez eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzeko.
Deustotech-i dagokionez, hitzarmenari esker sarearen laguntza behar duten oinarri teknologikoko proiektu berritzaileek aukera izango dute finantzaketa hori zuzenean eskuratzeko edo ekosistema ekintzaileko beste erakundeetara hurbiltzeko. Gainera, Deustotechek proiektu desberdinen arteko lankidetza bultza dezake, bere ikerketa esparruan, nagusiki Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei lotuta.
Bestalde, Deusto Entrepreneuship Centre Deustuko Unibertsitatean ekintzailetza berritzailea bultzatzeaz arduratzen den zentroa da. Inbertsiogile sareari bere jakintza eskainiko dio, inbertsio prozesuak hobeto ulertzeko eta haiek errazteko faktoreen gainean eragiteko. Gainera, egoki ikusten denean, pertsona ekintzaileei lagunduko die beren enpresa abenturan.
Hitzarmenak Deustuko Unibertsitatea bere barneko erakunde desberdinak koordinatzeko egiten ari den ahalegina sendotzen eta bultzatzen du, oraingoan ekintzailetzaren arlo garrantzitsuan, proiektuen finantzaketan eta inbertsiogileen bilaketan.