2016 Maiatzak 23

Energiewende WEB

Orkestrako Energia Katedrak  txosten bat aurkeztu du gaur goizean, bertan  Espainiako Energia Klubaren lankidetzarekin sakon aztertzen du Alemaniako kasua.

Eloy Álvarez Pelegryk, Katedrako zuzendari eta txostenaren egileetako batek, sakon analizatu du Alemaniaren kasua: Alemaniak, azken urteetan, aldaketa sakonak izan ditu energia ekoizteko eta kontsumitzeko prozesuetan, eta horrek eragin esanguratsua izan du herrialdearen industria politikan. Energia trantsizio horrek, “Energiewende” deitutakoak, herrialdearen mugak gainditzen ditu, Alemaniak eragin handia baitauka Europar Batasunean, eta ekonomia eta industria potentzia garrantzitsua baita.

Energiewende asmo handiko programa da, 2050. urteari begira hainbat aldaketa proposatzen dituena, berotegi efektuko gasen igorpenak murriztera iristeko, energia efizientziari lotutako prozesuen eta energia berriztagarriak garatzearen bidez (energia eolikoa, eguzki energia, fotovoltaikoa, biomasa eta biogasa).

Alemaniako energia eraldaketa prozesu horretan eragin garrantzitsua du politikariak eta gizartea, oro har, energia nuklearraren aurka azaltzeak. Iritzi hori kontuan hartuta, zentral nuklearrak espero baino bizkorrago eraistea erabaki berri du herrialdeak.

Alemanian bizi den bilakaera horrek energiaren faktura nabarmen handitu du eta igoera hori bere gain hartu dute, nagusiki, banakako kontsumitzaileek eta enpresa txiki eta ertainek. Korporazio handiek, ordea, salbuespenak dituzte.

Hortxe dago, hain zuzen ere, ereduaren ahultasunetako bat: energia pobreziaren arriskuan dauden gero eta etxe gehiago dago eta hori eragozpena izan daiteke Energiewenderentzat. Enpresa txiki eta ertainen egoera ere aztertu beharko dute. Izan ere, enpresa horiek ez dute salbuespenik eta energiaren prezio handiak ari dira ordaintzen. Era berean, energiaren kontsumoan intentsiboa den industriarentzat energia berriztagarrietarako jauzia egiteko sariak kendu egin dira.

Orkestrako Energia Katedrako patronatu eta Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurraren iritziz, "azterlana oso erabilgarria izan daiteke, etorkizunari begira, gure energia eta industria politikak diseinatzeko, kontuan izanik zenbateko garrantzia duen energiaren trantsizioaren gaiak eta Alemaniaren eraginak Europar Batasuneko industria eta energia politiketan".

Energiewende horren ondorio eta zailtasunen artean azpimarratzekoa da ekonomiari lotutakoa, energia berriztagarriak garatzeko egin behardiren inbertsio handiek azken kontsumitzaileari eta industriaren lehiakortasunari eragiten baitiote, azken prezioak igotzen direlako. Gainera, beste kostu batzuk ere hartu beharko dira kontuan: elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko inbertsioenak, zentral nuklearrak itxi eta eraistearenak, eta ikatzezko zentral berriak garatzekoak, kostu handiak baitituzte.

Nolanahi ere, Energia Katedraren txostenak adierazten du, Alemaniak Europan duen garrantzia kontuan hartuta, energian intentsiboak diren industrientzako salbuespenak Europar Batasunetik datozela, horrela nazioartean lehiakortasunik ez galtzeko.

Txosten osoa hemen aurki dezakezu.