2016 maitzak 10

 

recepcion lehendakari manifiesto

Orkestrak hamar puntuko Manifestu bat kaleratu du gaur arratsaldean, Euskadik, aldaketa sakoneko garai hauetan, lehiakortasuna indartzen jarraitu nahi badu aurrean dituen erronka garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituena. Manifestuak Orkestrak etorkizunean landuko dituen ildoetako batzuk identifikatzen ditu eta lankidetzarako deia egiten die gizarte eragile guztiei, Euskadin ongizate eta gizarte kohesio maila areagotzen jarraitu ahal izateko

Iñigo Urkullu lehendakariak Orkestraren Administrazio Kontseiluari harrera egin dio gaur arratsaldean, Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren sorreraren hamargarren urteurrenean. Hain zuzen ere, Institutua Deustuko Unibertsitateak bultzatu zuen, 2006an. Ignacio María Echeberria Orkestrako presidenteak lehendakariari Manifestu bat eman dio, Institutuaren ustez, Euskadik hurrengo urteetan aurrean izango dituen erronka garrantzitsuenak zehazten dituena.

Erronka horiek, Orkestrako arduradunek azaldu duten bezala, “normaltasun berri baten” barne daude, eta Euskadiren lehiakortasunari eragingo diote. Eta erronka horietako asko ekonomia eta gizarte joera globaletatik eratorriak badira ere, badago aukera Euskadiren etorkizunean eragingo duten faktoreetako batzuen gainean jarduteko.

Manifestu hau argitaratuz, erantzun proaktibo bat koordinatzeko oinarriak jarri nahi dira, Euskadiren lehiakortasuna bultzatzen jarraitzeko, lurralde berezia, lehiakorra, irekia eta munduari konektatua izan dadin.

Erronkak hamar gairen ingurukoak dira:

1. Ongizatea eta gizarte kohesioa
2. Irekitzea eta nazioartekotzea
3. Lankidetza
4. Enpresen erresilientzia
5. Ekonomia digitala
6. Berrikuntza sektore publikoan
7. Ikasteko gaitasuna
8. Energia eredua, ingurumena eta jasangarritasuna
9. Lehiakortasunari lagunduko dion zerga eta finantza sistema
10. Demografia eta gizarte konplexutasuna

Orkestraren gogoetak azpimarratzen du ekonomia eta gizarte eragile publiko eta pribatuek aukera paregabea dutela esparru horietan guztietan elkarrekin lan egiteko, guztiok helburu berbera baitute: Euskadiren lehiakortasuna indartzea, aurrerapen eta bizikidetzarako gizarte eremu bat eraikitzeko, lehiakortasuna ahalik eta pertsona gehienentzako ongizatea lortzeko bitartekoa dela ulertuta.