2016 maitzak 5

Gaur goizean, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Energia Katedrak prestatutako txosten bat aurkeztu du: "Precios de la energía y competitividad indistrial", energiaren prezioek enpresen lehiakortasunean duten eraginari buruzkoa.
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Deustuko Unibertsitatea) Energia Katedrako ikertzaileek energiaren prezioak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako industriaren lehiakortasunean duten eragina aztertu dute, zehaztasun handiz. Horretarako, ekoizpen prozesuari begiratuta, energian intentsiboak diren hainbat sektore aztertu dituzte, horien artean, siderurgia, beira, papera, zementua, zura, kimika eta kautxua. Aztergai izan duten aldian (2000tik 2015era), elektrizitatearen, gasaren eta bestelako erregaien prezioek etengabe egin dute gora, nahiz eta energia baliabide batzuek kotizazioa oso gorabeheratsua izan, une jakin batzuetan, nazioarteko merkatuetan.
Azterlanaren ondorio nagusia da energiaren prezioak eragin handia duela industria batzuen lehiakortasunean. Industria horiek lehiatzeko baldintza okerragoak dituzte, beste herrialde batzuetako lehiakideekin alderatuta, esate baterako, Italia, Alemania edo Frantziakoekin alderatuta. Izan ere, EAEko eta Espainiako enpresek ezin dute energiaren prezioaren gorakada produktuen preziora eraman eta, orduan, kostuetan desabantaila handia izango dute. Egoera are larriagoa da estatu batzuek energiaren prezioaren gorakada gerarazten dutelako, salbuespenez baliatuz.
Horrenbestez, energiaren prezioak aztertutako sektoreetan duen eragina Europar Batasuneko (EB-27) batez bestekoan baino handiagoa da.
Batez beste, energiaren prezioa produktuen prezioa baino % 19 gehiago handitu da. Ehuneko hori beste herrialde batzuetakoa baino askoz ere handiagoa da: Frantzian, energiaren prezioa % 9 handitu da, eta Alemanian, % 3.
Kaltetuenak nazioarteko merkatuetan lehiatzen diren sektoreak dira. Halaber, eragin handia dute instalazioak herrialde desberdinetan dituzten enpresa taldeetan, herrialdeen arteko kostuen aldeek baldintzatuko baitituzte ekoizpen edo inbertsio erabakiak. Gainera, egoera horretan kaltetuenak dira desberdintasun txikiko produktuak ekoizten dituzten eta merkatu globalizatuetan lehiatzen diren sektoreak.
Orkestrako Energia Katedraren azterlanak azpimarratzen du enpresek, lehiatzeko desabantaila hori gainditzeko, beste aldagai batzuk indartu behar izan dituztela, horien artean produktuen eta zerbitzuen berrikuntza, produktua desberdintzeko gaitasuna edo markaren balioa, kostu maila, produktibitatea, etab. Alegia, lehiatzeko beste abantaila batzuk lortu behar dituzte energiaren fakturak dakartzan eragin kaltegarriei aurre egiteko, kontuan hartuta, gainera, energiaren kostua garrantzitsua dela eta erabakigarria izan daitekeela, baina ez dela industria baten arrakastaren edo porrotaren erantzule bakarra.
Azterlanak azpimarratzen du, halaber, gas eta elektrizitate kontsumoa handitu egin dela industrian, beste energia iturri batzuekin alderatuta. Bilakaerari begiratuz gero, gutxitzen ari da beste erregai batzuek industriako ekoizpen prozesuetan duten pisua. Gainera, sektore batzuek funtsean elektrizitatea kontsumitzen dute (siderurgia, paper orea eta kautxua) eta beste batzuek, berriz, gasa (papera, kartoia eta beira).
Txosten osoa hemen aurki dezakezu.