2016ko otsailaren 18a
Deustuko Unibertsitateak kualifikazio handiko doktorego aurreko ikertzaileak kontratatu nahi ditu, DIRS-Deusto International Research School doktorego eskolaren bidez. Guztira 16 ikertzaile kontratatu nahi dira, hiru urterako. Hautatuak Deustuko ikertaldeetara eta programetara sartuko dira, 2016/2017 eta 2017/2018 ikasturteetan, hurrenez hurren. Informazio gehiago nahi baduzu edo zure hautagaitza aurkeztu nahi baduzu, egin klik hemen.
Deustu ikertzaileak kontratatzeko Europako finantzaketa jasotzen duen Espainiako unibertsitate bakarra da. Lorpen horrek zerikusia du Deustuko Unibertsitateak, ikerkuntzari dagokionez, bikaintasunaren, nazioartekotzearen, diziplinartekotasunaren eta sektoreartekotasunaren alde egin duen apustu estrategikoarekin. Ikerketa ezinbestekoa da, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearen hitzetan, talentua erakartzeko eta berreskuratzeko.
Ildo horretatik, Deustuko Unibertsitateak lehentasunezko helburu du ikerketa integratzea eta jakintza transferitzea. Ikerketak gizartean ondorio eraldatzaileak eta aplikazio erreala izan behar ditu. Eta, horretarako, funtsezkoa da sektore publikoko zein pribatuko gizarte eragileekin elkarlanean aritzea.
Helburu horixe bera du Orkestrak ere, Deustuko Unibertsitatearen babesean eta erakunde bazkideen laguntzari esker, ikerketa eraldatzailea bultzatzen baitu. Ikerketa eraldatzaileak azterketa, gogoeta, ebaluazioa eta ekintzen proposamena bideratzen ditu, etengabe, aurkeztutako erronkei erantzun berritzaileak emateko eta, aldi berean, ikerketako jakintza eskuratzeko.