2016ko otsailaren 1a
Orkestra orain dela hamar urte hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte eta ekonomia garapena aldatzeko eragile lanetan. Orduz geroztik, Institutuak ikerketa egiten du, lurraldearen lehiakortasuna eta, horren ondorioz, herritarren ongizatea, hobetzeko elementuak bilatzeko. Urte hauetan egindako lanari esker, Lehiakortasunerako Euskal Institutua nazioarteko erreferentzia bihurtu da lehiakortasunari eta lurralde garapenari buruzko jakintza berriaren sorreran.
Orkestra sortu zenean, ekonomia eta gizarte ingurunea gaurkoaz oso bestelakoa zen. Gaur bezala, galdera asko genituen, baina ziurtasuna ere handiagoa zen. Orain, mundua etengabe ari da aldatzen, eta, inoiz baino gehiago, geure sinesmenak eta gauzak egiteko modua behin eta berriro berrikusi beharrean gaude. Orain dela hamar urte, klusterretan oinarritutako lehiakortasun kontzeptua lantzen hasi ginen. Gaur, lurraldearen garapen inklusiboari lotutako kontzeptuak aztertzen ditugu, pertsona erdi-erdian jarrita, ondoren erakundea, eta gero lurraldea, sistema…
Ikertzen duguna, gure ikerrildo nagusiak, aldatu egin dira. Baina baita gure ikertzeko modua ere. Lurraldearen lehiakortasunean eragina duen eragile izanik, gure inguruko aldaketak aintzat hartu behar ditugu, ezin bestela izan, ingurunearekin lan egiteko eta elkar eragiteko dugun moduan. Horregatik, gure taldea bilakatzen joan da, gure ikerketaren ardatz elkar eragitea, ikerketa-ekintza... izan daitezen, lurraldeko eragileekin lan egiteko hurbilpenik onenaren bila.
Orkestra laborategi bizia da, ingurua aldatuz doan heinean, eraldatu eta harekin mimetizatzen dena, bere barrura begiratzen duena eta bere burua ebaluatzen duena, hobetzeko bideak bilatzeko, horixe baita etorkizunari begiratzeko modu bakarra.
Eta hori guztia, noski, ezinezkoa izango litzateke babesleen laguntzarik gabe eta gurekin elkarlanean aritzen diren sareen lankidetzarik gabe.