2015eko azaroaren 24a

Orkestrako Energia Katedrak eta Johns Hopkins Unibertsitateko Atlantikoaz Haraindiko Ikasketen Zentroak gaur arratsaldez aurkeztu dute Madrilen, Deusto Business Schoolen egoitzan, “The Future of Energy in the Atlantic Basin” liburua, Atlantikoaren Arroak energiaren jokaleku berrian izan ditzakeen aukerak aztertzen dituena.
Lanak Atlantikoaren Arroan bizi den iraultzan sakondu nahi du, energiaren ekoizpenari, banaketari eta merkaturatzeari dagokionez. Energia ez konbentzionalek, horien artean, shale gasak, offshore energiak eta karbono gutxiko energiak, petrolio gordinaren prezioen erorketan, energia berrikuntzan eta, horrenbestez, munduko energia mapa berrian, duten eragina ere aztergai du.
Liburua Orkestrako Energia Katedrak eta Johns Hopkins Unibertsitateak 2013ko urrian elkarrekin antolatu zuten mintegi batean du abiapuntua. Hiru zati nagusi ditu eta horietan ondoko gaiak lantzen dira: Atlantikoko eta mundu osoko energia jokalekuaren joera berriak, energia konbentzionalei eta ez konbentzional fosilei, energia berriztagarriei eta bioerregaiei dagokienez, eskualdeko merkataritza fluxuak eta fluxu globalak begiratuta; Afrikako eta Hego Amerikako eremua, energia berriztagarrien, gasaren eta petrolioaren ikuspegitik, eskualdeko energia integrazioa eta energia politika eta erreforma aurrean izanik; Europako energia politikaren bilakaera sektore pribatuaren ikuspuntutik, Atlantikoko Arroko estatuz beheragoko lurraldeen dinamikak kontuan hartuta eta Atlantikoko kostaldearen egiteko gero eta garrantzitsuagoa energia esparruan.
Hainbat kapitulutan, Atlantikoaren Arroari lotutako gai asko eta asko lantzen ditu eta, energiari dagokionez, Arro horrek, iparraldetik hegoaldera, osotasunean, duen gero eta balio estrategiko handiagoa aurkezten du. Eremu berezi horrek aukera ugari eskaintzen ditu eta, etorkizunean, munduko energia erreserben gune nagusi izan daiteke, baita energia Indiako Ozeanoaren eta Ozeano Barearen Arroetara esportatzeko abiaburu ere, nahiz eta orain arte nagusiki Ekialde Ertaineko energiaren inportatzaile eta kontsumitzaile izan den.
Liburuaren aurkezpenean, Emiliano López Atxurra Energia Katedrako Patronatuko buruak, Eloy Álvarez Pelegry Orkestrako Energia Katedrako zuzendariak eta Paul Isbell CAF Atlantic Energy Fellow Johns Hopkins Unibertsitateko Atlantikoaz Haraindiko Harremanetako Zentrokoak adierazi dute, Ozeano Barearen goraldiaren ondoan, behar-beharrezkoa dela "Atlantikoaren mundua" indartzea. Horretarako, Atlantikoaren Arroko erkidegoek eta erakundeek interesak partekatu behar dituzte eta beren politikak lurraldeak dituen ahalmenetara bideratu, jokaleku berria errealitate bihur dadin.
Helburu horrekin sortu zen, 2013an, Atlantikoaren Arroko ekimena. 2014an, berriz, energia gaietan Atlantikoaz haraindiko lurraldeekin lankidetzan aritzeko beharra ikusita, Energiaren Atlantikoko Foroa bihurtu zen.
Hain zuzen ere, liburuaren aurkezpena Energiaren Atlantikoko II. Foroarekin batera egin da, Foroa hilabete honetan izan baita Mexikon. Etorkizunean ere lan gehiago argitaratu nahi dira Atlantikoko Arroko Energiaren inguruan.