2015eko azaroaren 4a

Eloy climate change cop21

Hainbat enpresa eta erakundetako 200 profesional baino gehiagok hartu dute parte, gaur, Climate Change: Implications for Technological Developments and Industrial Competitiveness jardunaldian, Orkestrako Energia Katedrak, FUNSEAM-Energia eta Ingurumen Jasangarritasunerako Fundazioak eta Repsol Fundazioak antolatuta.

Ekitaldiaren helburua zen klima aldaketaren kontrako borrokan teknologiaren garapenerako eta industriaren lehiakortasunerako ondorio nagusiak lantzea, azaroaren amaieran Parisen izango den goi bilerari begira. Jardunaldia Repsol Fundazioaren Entzungelan izan da, Madrilen.

Eloy Álvarez Pelegry Orkestrako Energia Katedraren zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari, ondoan Antonio Bufrau Repsoleko presidentea, Antonio Llardén Enagaseko eta FUNSEAMeko presidentea eta Eduardo González Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko Klima Aldaketaren aurreko Ekintzak Koordinatzeko Zuzendariordetza Orokorreko zuzendaria zituela.

Jardunaldiaren amaieran, egunean zehar landutako gai nagusiak ere laburtu ditu, CO2 isuriak murrizteko helburuarekin. Pariseko goi bilera iristear dela, Eloyk azpimarratu du goi bilera katalizatzaile izatea espero dela, berotegi efektuko gasen isuriak murriztera bideratutako plan berriak adosteko. Ildo horretatik, adierazi du behar-beharrezkoa dela 2050 urterako isuri horiek murrizteko helburuak zehaztea. Murrizte horiek lortzeko erronka nagusietako bat da ekonomian helburu hori barneratzea eta murrizketak lortzera bideratutako tresnak finantzatzea.

Beharrezkoa da energiaren efizientziari, energia berriztagarriei, karbonoa atzeman eta biltegiratzeari, eta industria eta garraioa hobetzeari lagunduko dioten teknologien aldeko apustua egitea; baita sare eta hiri adimendunak sortzen lagunduko dutenak bultzatzea ere. Horretarako ezinbestekoa da, gainera, ekimen publikoak eta ekimen pribatuak elkarrekin lan egitea, maila globalean. Azkenik, azpimarratu du klima aldaketa gai mikroa eta mesoa dela, jokaleku geopolitikoak askotarikoak baitira. Horregatik, arazoari hurbileko irtenbideak eman behar zaizkio, lurralde bakoitzaren errealitateari erantzungo diotenak.

Jardunaldian Espainiako energia enpresa handietako eragile eta zuzendariek hartu dute parte, besteak beste  Enagas, Iberdrola, Repsol, UNIDO, Energiaren Nazioarteko Agentzia, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa, Garapen Jasangarriaren eta Nazioarteko Harremanen Institutua, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, erakunde antolatzaileez gainera.

Informazio erlazionatua