Elkarrizketa: Aitziber Elola, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea

Aitziber Elola

Gipuzkoa Sareaneko Energia Mahaiko bileretan, energia sektorean lan egiten duten enpresei buruzko diagnostiko bat egiteko beharra identifikatu zen. Hortik abiatuta, "Energia balio kateak lantzeko gaitze prozesua" izeneko proiektua jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak,Orkestrarekin elkarlanean. 

Proiektuaren helburua bikoitza izan da. Alde batetik, proiektuko parte hartzaileei gaikuntza prozesu bat eskaini zaie, non beren eskualdeko energia balio kateak lantzeko behar zituzten kontzeptuak, erremintak eta gaitasunak eskaini zaizkien. Beste alde batetik, eskualdeetako teknikariei eskualdeko energia sektoreko balio katea marrazteko eta eskualdeko energia industriaren sareak aztertzeko prozesuan fazilitazioa eskaini zaie. Behin eskualdeko diagnostikoak izanda, Orkestrako lan taldeak, eskualde mailako lanetatik abiatuz, Gipuzkoa mailako energia balio katea aztertzea izan du azken helburu. 

Grupo Energia Map

Guztira 9 mintegi egin dituzte. Ekaineko azken mintegian, gainera, parte hartzaileek beren proiektuak aurkeztu zituzten.

Ikasitakoaren, proiektuaren eta saio horien nondik norakoen inguruan galdetu diogu proiektuaren buru izan den Aitziber Elolari. Erantzunak ondoko elkarrizketan jaso ditugu.


Zer landu duzue Energia Katearen proiektuaren barruan izan dituzuen mintegietan?

Mintegietan landutako gaiak prozesuan parte hartu dutenek nork bere eskualdeko energia sektoreko balio kateak eta sareak aztertzeko behar zituzten kontzeptuak eta erremintak lantzera bideratuta zeuden eta 3 alorretan multzokatu genituen. Alde batetik, lehiakortasunaren eta balio kateen inguruko gaiak landu ditugu, hala nola, lurralde garapena, balio kateak eta klusterrak, enpresa estrategia eta jakintza azpiegiturak. Bestetik, energia sektoreari buruzko hainbat saio izan ditugu, non, besteak beste, gasa eta hornidura elektrikoaren balio kateak, hainbat sorkuntza teknologiaren balio kateak eta garraio eta banaketa sareei buruz jardun dugun. Azkenik, lantegietan eskuragarri dauden datu baseei buruzko informazioa eman da eta proiekturako beharrezko ziren hainbat erreminta landu ditugu: elkarrizketetarako gida osatu, Social Network Analysis-erako software-a erabiltzen ikasi, eta abar. 

Mintegietan egindako lanak izan du eraginik parte hartzaileen proiektuetan?

"Mintegietan landutako gaiak eskualdeetako energia kateak irudikatzera bideratuta zeuden"

Mintegietan egindako lana ezinbestekoa izan da proiektuak aurrera eramateko. Izan ere, lehen aipatu bezala, mintegietan landutako gaiak proiektua aurrera eramatera bideratuta zeuden. Mintegietan landutako gai desberdinak gero beraien eskualdeko proiektuetan aplikatzen joan dira parte hartzaileak.

Gipuzkoako energia balio kateen mapaketa osatzea izan da proiektu honen helburua, lortu al duzue?

Hasiera batean, eskualde mailako mapaketa egin da, eta behin eskualdeetako proiektuak burututa, proiektuak integratu eta Gipuzkoako mapaketa egin da. Eskualdeei dagokienez, eskuragarri zeuden datu base eta enpresa direktorioetatik hasi eta prozesuko parte hartzaileek beraien eskualdean energia sektorean lan egiten duten enpresen lehenengo mapaketa bat egin zuten. Behin lehenengo mapa hori izanda, energia sektorean lan egin zezaketen enpresetan elkarrizketak egin ditugu, beraien jarduerak energia sektorearekin lotura duela jakiteko eta enpresaren jarduerari buruzko informazio gehiago izateko. Esate baterako, galdetu diegu eskualdean edota Gipuzkoako beste eskualde batzuetan energia sektorean diharduten beste zein enpresarekin lan egiten duten, saretze mapak osatu ahal izateko. Behin informazio hori lortuta, aztertu eta eskualde mailako txostenak osatu dituzte prozesuko parte hartzaileek. Txosten horietan, eskualdeko energia sektoreko enpresen mapaketa eta sareak eta beraien indargune eta ahultasunak jaso dira. Banakako txostenetatik abiatuta, Gipuzkoa mailako mapaketa eta txosten orokorra egin dira.

Zein dira Gipuzkoak, energiari begiratuta, dituen indarguneak? Edo nondik nora joan beharra dauka?

Jasotako informaziotik hainbat gauza azpimarratu daitezke. Alde batetik, Gipuzkoan energiaren sektorean diharduten enpresa gehienek energiaren sorkuntzan dihardute, sorkuntzako teknologien osagaien hornitzaile dira, batez ere energia eolikoaren arloan (onshore). Dena den, badira garatzen ari diren teknologietara beraien jarduera dibertsifikatzen eta etorkizunari begira teknologia horietan kokatzen ari diren enpresak ere. Bestetik, eskualdeko eta probintziako gainerako enpresekin trakzio lana egiten duten hainbat enpresa garrantzitsu badaude ere, aipatu behar da energia sektorean diharduten enpresa gehienak hornitzaile txikiak direla, askotan produktu propiorik gabekoak, eta, orokorrean, ez daudela Gipuzkoan balio kateko lehenengo mailetan kokatzen diren enpresa asko. Etorkizunari begira, tamainak dakartzan mugak gainditzeko eta enpresa hauek balio erantsi handiagoko produktuak eskaintzea ahalbidetzeko egitarauak martxan jartzea izango litzateke erronka bat.

Azkenik, aipatu behar da, halaber, eskualdeen artean desberdintasun garrantzitsuak daudela. Eskualde batzuetan, energia sektorean diharduen enpresa garrantzitsuren baten trakzio lanak bultzatuta edo, energia sektoreko enpresen presentzia esanguratsua da. Beste eskualde batzuetan, ordea, energia sektorea ez dago hain garatua.