2016ko martxoaren 17a

Markel Olano Jose Luis Larrea Sebas Zurutuza Firma Acuerdo Gipuzkoa Sarean 2016


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak atzo arratsaldean sinatu zuten hitzarmena Zubigintza Gipuzkoa Sarean proiektuari lotutako ikerketa ekintzarako laborategiari jarraipena emateko.

Hitzarmena 2016. urte osorako sinatu zen eta Gipuzkoa Sarearen bi jarduera ildori laguntzea du helburu: enpresa txikiei laguntzeko plan integrala, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, eta gobernantza onaren eredu bat garatzea. Helburu horiek aurrera eramateko, ekintzaren ikerketaren metodologia erabiliko da. Ikuspegi akademikotik, hurbilpen horrek politikak definitzeko prozesuetan egin dezakeen ekarpena agerian jartzea da erronka. 

Bilera Foru Aldundian izan zen. Bertan, Markel Olanok adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak unibertsitateekin lan egin nahi duela gobernantza onaren eredu bat garatzeko. Gainera, nabarmendu zuen hitzarmena sinatzeak legegintzaldi honetarako lankidetzarako bidea irekitzen duela. Foru Aldundiaren egitasmo politikoaz ere hitz egin zuen. Ildo horretatik, Sebastian Zurutuza Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiaren zuzendariak eta Gipuzkoa Sarean proiektuaren arduradun politikoak nabarmendu zuen proiektuak, lehenengo aldiz, gidaritza politiko partekatua izango duela, Kabinetearen eta Berrikuntza Departamentuaren eskutik.

Jose Luis Larrea Orkestrako ohorezko presidenteak gogora ekarri zuen Foru Aldundiak, beste eragile batzuekin batera, garrantzi handia izan zuela orain dela hamar urte Orkestra sortzeko garaian. Halaber, bi erakundeen arteko elkarlana azpimarratu zuen, besteak beste, orain dela sei urte abian jarritako ikerketa ekintzako proiektu hau aurrera eramateko orduan. Errealitatera aplikatzeko moduko jakintza sortzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.