Elkarrizketa: Koldo Azkoitia, Debagoieneko Garapen Agentziako zuzendaria

Debagoieneko Garapen Agentziaren zuzendari da Koldo Azkoitia, baita Gipuzkoa Sarean proiektuko kidea ere. Zehazki, Eskualde Arteko Mahaiko kide izan da, eta Fazilitadoreen Ikerketa prozesuko lehen zatian parte hartu zuen. Garapen Agentziak azkeneko urteetan izandako eboluzioa azaltzen digu, baita Gipuzkoa Sareanek garapen horretan izandako eragina ere.
Zein izan da proiektua?
Debagoieneko Mankomunitateak proposaturiko proiektuak bi ildo nagusi zituen: batetik, Garapen Agentziaren estrategia bat adostea eta hori garatzeko plangintza finkatzea eta, bestetik, Garapen Agentzia osatzen duten pertsonen arteko harreman eredu berri eta iraunkorrak diseinatzea. Era berean, eskualdeko eragileekin ditugun lankidetza harremanak sendotu eta egituratzea zuen helburu.
Zein zen zuen abiapuntua eta nora iritsi zarete?
Agentziaren lana egunerokoari lotuta zegoen, hau da, plangintza ez zegoen helburu estrategikoetan oinarrituta. Bestalde, barneko informazio bideak ez zeuden egituratuta. Horrez gain, Agentziaren eta Udalen arteko harremanak eta koordinazioak ahulezia nabarmenak zituen.
Garapen agentziaren estrategia, helburuak eta lan lerroak definitzeko eta, batez ere, lehentasunak ezartzeko, kudeaketa planak garatu dira arloka eta proiektuka. Udalen eta Agentziaren arteko komunikazioa eta harremanak sendotzeko ordezkari politikoen arteko bilerak egin dira eta teknikarien arteko batzorde bateratua eta iraunkorra jarri da abian. Bestalde, eskualdeko eragile sozio-ekonomikoekin lankidetza, azkeneko urteetan garatutako proiektuen bitartez, nabarmen sendotu da.
Arlo operatiboan, Agentziaren orain arteko antolaketa, departamentuetan edo lan arloetan oinarrituta zegoena, zeharkakoa egitearen bidean gaude, hau da, lana proiektuka antolatzeko pausoak ematen ari gara.
Udal ordezkari politikoen parte hartzea hobetu da, baina udalen eta agentziaren arteko lana batera egituratzeko lehen pausoak eman dira soilik, hausnarketa estrategikoaren beharrean jarraitzen dugu.
Alderdi berritzailea izan duzue: orain arte garapen agentziako lehendakari izandakoak horri sakon heltzeko aukera…
Batzorde eta Gobernu Juntarekin loturak sendotzeko eta barne antolaketari astindu bat emateko balio izan du arduradun politikoak dedikazioa izatea. Agentzia barruko dinamiken ezagutza sakonagoa ahalbideratu du arduraldi horrek eta ondorioz, dinamikak aldatzeko bideak irekitzeko aukera eman du. Agentziaren misioa eta rola birdefinitzeko lehenengo pausoak eman dira.
Bestalde, ordezkari politikoen artean hausnarketaren beharra sustatu da, eta, ondorioz, parte-hartze handiagoa antzeman da legealdiaren bukaeran.
Zein zentzutan lagundu zaituzte Gipuzkoa Sarean programan egindakoak? Edo zein zentzutan aldatu du zuen egiteko modua?
Gipuzkoa Sarean programak tokiko eragileei eta, bereziki, garapen agentziei Foru Aldundiko politiken partaide izateko aukera eman die. Gipuzkoa Sarean programaren bidez, Foru Aldundiak aintzat hartu ditu lurraldeko Garapen Agentzien tokian tokiko ehun sarea eta hauek aurrera eramaten duten lana. Agerian geratu da Foru Aldundia hobeto baliatu daitekeela Agentziek lurraldean duten kapilaritateaz, alegia, Aldundiaren politikak lurraldeko muturretara eramateko Agentziekin lankidetza baliagarria dela.
Programak eskualde mailako garapen dinamika ezberdinei markoa jarri die eta esperientziak trukatzeko eta guztien ardurako gaiak elkarrekin lantzeko aukera eman du. Beste era batean esanda, eskualde edo tokiko ikuspegia lurraldeko lankidetza ikuspegi bilakatzen lagundu du. Horrez gain, Gipuzkoa Sarean programak teknikarien prestakuntza hobetzeko eta politikari eta teknikarien arteko harremanak sendotzeko bideak ireki ditu. Ondorioz, elkar ezagutza nabarmen areagotu da. Eskualde ezberdinen arteko ezagutza eta ordezkari zein teknikarien ikuspegi anitzak batera jartzeko eszenatokia izan da.
Bestetik, zerren falta sumatu duzue Gipuzkoa Sarean proiektuan parte hartu duzuenean?
Erakundeen arteko lankidetzak entrenamendu luzea eskatzen du, iraunkortasuna behar du, eta, batez ere, inplikazio politikoa izatea; ez dakigu hasitakoak nolako jarraipena izango duen. Elkarlaneko dinamikak sustatu dira, baina ez da egiturazko aldaketarik egin.