mario ion

Horixe adierazi dute Mario Zubiaga (UPV/EHU) eta Ion Irurzun (Gipuzkoa Berritzen) Gogoeta Taldeko kideek egindako elkarrizketan. 10 kidez osatutako lan talde honek 2014-2015 urteetan Gipuzkoako lurraldearen eskualdeetako errealitateak ezagutu eta kanpo ikuspegi bat itzuli die eskualdeetako eragileei. Gipuzkoa Sareanek bultzatutako prozesu honetan batez ere garapen agentzietako teknikari, zuzendari eta politikariekin eseri dira, guztiok elkarlanean bere lanaren eragina eskualdeetako erronkei begira zein den hausnartuz, prozesu honetatik ikasi eta, beharrezkoa izanez gero, bide berriak zabaltzeko. Pasa den apirilaren 17an Donostian izan zen Eskualde Arteko Mahaian parte hartu zuten, taldeko beste sei kideekin batera, eta bertan bere lanaren sintesi bat egin zuten.


Gogoeta Taldea eskualdeka ibili da bertako egoeraren diagnosia eginez eta partekatuz, batik bat bertako garapen agentzietako eragile eta politikariekin. Ikusitakoaren arabera, nola bultzatu dezakete eskualdeen lurraldearen garapena?

MARIO: Gure lana nolakotasunean oinarritu da, eskualde bakoitzaren garapen estrategiak finkatzen baino gehiago. Azken puntu honetan eskualde bakoitza ari da lanean, bere pertsonalitate, egitura sozioekonomiko eta sozialaren arabera lehentasunak jarriz. Guk gogoeta talde moduan, RIS3 edo espezializazio adimenduneko estrategiak aintzat hartuz, garapen eredu honen diseinu estrategikoa nola egin beharko litzatekeen edo zein faktore kontuan hartu beharko lituzkeen landu dugu. Garapen agentzietako eta eragileen arteko harreman eta lan dinamikak kontuan hartuz, etorkizunari begira, erronkei aurre egiteko zein puntura arte den lagungarria aztertu dugu. Helize laukoitzari jarraituz, udal-teknikari-politikari-enpresa-sindikatu-gizarte zibil eta bestelako eragileen arteko harremanak teilakatzearen beharra azpimarratu dugu, eta ispilu bat jarri diegu aurrean, eskualdeetako kideak elkarrekin gai honen inguruan eztabaidan eta hausnarketan jarrita.

"Askotan, kanpoko bat etortzeak lagundu egiten du egunerokotasunean dabiltzan eragileak elkartu eta beraien arteko hausnarketa bultzatzen. Kasu horretan gogoeta taldearen lana eraginkorra izan da"

JON: Mariok adierazi duen moduan, gure lana akuilu lana izan da batik bat. Agentziei eta lurraldeko eragile eta politikariei baitagokie jabetzea bere lurraldeko diagnosia eginda dagoen ala ez, eta erronkei erantzuteko prest dauden ala ez, edo zein harremantze eredu bultzatu eta nola bultzatu behar duten jakitea. Askotan, kanpoko bat etortzeak lagundu egiten du egunerokotasunean dabiltzan eragileak elkartu eta beraien arteko hausnarketa bultzatzen. Kasu horretan gure taldearen lana eraginkorra izan dela deritzot.

Nolakotasunari dagokionez, honelako ukiezinak lantzea oso zaila da normalean. Gaurko Eskualde Arteko Mahaian ere nabaria izan da Zer edo ukigaiak jotzeko joera. Epe motzaren beharra eta emaitzak azalaraztearen beharra dago beti eta Nola ez da horren erraz ikusten esparru honetan.

Batez ere garapen agentziekin aritu zarete lanean, eskualdeko gorabeherak ezagutzeko. Zuen iritziz, zein izango litzateke garapen agentziaren papera, garapenari dagokionez?

"Garapen agentziak lurralde garapen estrategikoa bermatzeko gune bat dira"

MARIO: Lurralde bateko garapen estrategikoan kontuan hartu behar da ez bakarrik lehiakortasun produktiboa, baizik eta dimentsio soziala ere. Garapen agentziak, bere kokapen eta helburua kontuan hartuz, zubi lana egin dezake, alegia, aipatutako helize laukoitz horretan agentziak teilakatzea ahalik eta zabalena izaten lagundu dezake. Hori bai, ezin dugu ahaztu garapen agentzia hau guztia posible egiten duen gune bat baino ez dela eta hau lortzeko beharrezkoa dela lurralde honetako eragileek –gizarte zibilak, enpresek, sindikatuek, alderdiek eta abarrek– ere esparru honetan lan egitea.

JON: Azkenean garrantzitsua da eskualdeetako eragile guztiak, nork bere egitekoa definituta, gizartearen ongizaterako elkarlanean aritzea.

Harremanak teilakatzearen beharra dagoela adierazi duzue egindako diagnosian, Garapen agentzien zubigintza egitekoa ere bai. Gipuzkoa Sarean eskualdeetako eta eskualde arteko eragileen arteko harremantze eredu berri bat bultzatzen ari da azken urteetan. Batez ere lurraldeko garapen agentziekin egin du lan; prozesu hau aurrera doala edo hasi dela nabaritu al duzue?

JON: Harremantze eredu berri bat bultzatzeak derrigorrez epe luzeari begiratu behar dio. Gure eskuetan dagoen bakarra da baldintzak sortzea, hau da, harremantze espazio eta prozesu berriak diseinatu eta bultzatzea, adibidez, baina ulertu behar dugu aurreko guztia prozesu bat dela eta emaitzak ez direla berehalakoak izango.

Gipuzkoa Sareanek bultzatu duen lanak, nire ustetan, bi emaitza dauzka. Alde batetik, gaur ikusi duguna: diagnosia, erronkak eta estrategien inguruko eztabaidak eman dituen emaitzak, segurenik dokumenturen batean jasoko direnak, hau da emaitza esplizitua; eta, bestetik, inplizituki bizirik utzi duen prozesua eta eraginkorra izan daitekeena. Ez da gauza bera eztabaida bat ezezagunen artean sustatzea ala ezagunen artean egitea, eta hor nabari da aldaketa bat egon dela.

MARIO: Jonek adierazi duen moduan, gaur egindako Eskualde Arteko Mahaian adibidez, Gipuzkoako eskualde guztiak elkarrekin egon dira eztabaidan eta, bide batez, bere arteko harremana estutuz. Kasu honetan, batera etorri dira diagnostikoa eta diagnostikoaren gabeziak konpontzeko prozesua. Eskualdeen kasuan ere saiakera sendoak ikusi ditugu.