2020ko ekainares 29a
Unai Andueza Lurralde Garapenerako Laborategiko aspaldiko laguna da, azken urteetan Tolosaldeako garapen agentziako kide izanik, Laborategiko hainbat gune eta ekintzatan parte hartu duelako. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategikoetako departamentuko arduraduna da. Bere etapa berri honetako esperientzia eta departamentua ezagutzeko asmoz elkarrizketatu dugu.
1. Proiektu estrategikoetako departamentuan duzuen arduretako bat beste eragile batzuekin elkarlanean Elkarrekin Lanean Estrategia garatzea da. Azken hilabeteetan lanean jardun duzue estrategia hori eraikitzeko. Zer ari zarete garatzen?
Aldundiak legealdi honetarako finkatutako helburuetako bat Gipuzkoa Europan gizarte desberdintasun txikienetako lurraldeetako bat bilakatzea da. Otsailaren hasieran proiektura batu nintzenean eta lehen urratsak ematen hasi ginenean, langabezi tasak nahiko txikiak ziren. Beraz, helburu hori lortzeko asmoz, gure lanaren fokua enplegua lortzeko zailtasunik handienak zituzten kolektiboetan jarri genuen: 16-23 urte bitarteko kualifikazio txikiko gazteak, langabezian kroniko bihurtutako pertsonak, 45 urtetik gorakoak, etab. Azken batean, bazterkeria egoeran edo bazterkeria arriskuan egon zitezkeen giza talde guztiak. Enpleguaren bitartez hauen gizarteratze prozesuak suspertzeko, maiatzean argitaratu den diru laguntza deialdi bat prestatzeari ekin genion, non gizarteratzeko ibilbide integratuak, enplegu-prestakuntza programak edo laneratzeko enpresen sorrera eta mantenua finantzatu nahi izan ditugun.
2. Nortzuk parte hartzen dute estrategian, eta zergatik da hain garrantzitsua horrelako estrategia bat elkarlanean garatzea? Bizi dugun osasun krisiak elkarlanaren garrantzia areagotu du?
Elkar-EKIN Lanean estrategia gauzatzeko, gure departamentua Aldundiko beste sail batzuekin lankidetzan aritu da: Gizarte Politiketako departamentuarekin –kolektibo horien inguruan duten ezagutza berezitua medio–, Sustapen Ekonomikorako departamentuarekin –enpresen inguruan eta lan sormenaren inguruan duten eskarmentua medio– eta Estrategia Zuzendaritzarekin (Kabinetea) –zeharkakotasuna bermatzen duen giltzarri gisa–, batik bat. Kasu honetan, elkarlana garrantzitsua baino gehiago, nahitaezkoa dela esatera ausartuko nintzateke; “etxe” barrutik hasitako lankidetza, baina laster beste eragileetara zabalduko den lankidetza eredua, alegia. Anbizio handiko erronkak gauzatzeko, lerrokatuta arituko diren buru askoren gogoetak eta lan ekintzak hedatzeko, esku askoren beharra dago.Osasun krisiak elkarlanaren garrantzia areagotu baino gehiago, beronen beharra nabarian gehiago jarri duela esango nuke.
3. Zein dira hurrengo hilabeteetarako erronkak? Egoera berri honek erronka berririk ekarri al du?
Covid-19aren ustekabeko agerraldi honek ekonomian eragingo dituen ondorioen hastapenak sumatzen hasiak gara. Zoritxarrez, krisi ekonomikoak orain arte bazterkeria egoeran zeudenen egoera larriagotuko du eta pertsona gehiago egongo dira langabezian eta bazterkeria arriskuan. Elkar-EKIN Lanean koronabirusaren krisiaren aurretik anbizioko erronka bazen, oraingo egoeran zer esanik ez…. Osasun krisiak, kolektibo hauen inguruko estrategiak birdefinitzeko baino gehiago, erakundeak Enplegagarritasun Plan bateratu bakarra izatearen beharra nabarmendu du. Talde batek ez ditu emaitza berdinak lortzen kide bakoitzak bakarka zatiak garatu eta amaieran guztien lana bateratzen duenean, edo elkarlanean proiektua landu ondoren, hura gauzatzeko kideen artean zatikatzen duenean. Beraz, horrek Aldundirako ere balio du: lan eredu berri baten aritzea eskatzen digu. Erronka berria plan bateratu hau elkarrekin sortzea izango da, gero gauzatzea departamentu eta programa desberdinen bitartez egingo den arren.
4. Foru Aldundira iritsi berri zara baina Lurralde garapenerako laborategia aspalditik ezagutzen duzu, garapen agentziako kide moduan. Desberdintasunik ikusten al duzu bi ikuspuntuetatik?
Garapen agentzian nengoenean, laborategiaren garrantzia eta beharra erakunde hauen legitimitate bilaketaren barne ulertzen nuen. Beti defendatu izan dut, garapen agentziak administrazio publikoko kate-maila izanik, zer esana bazutela, eta dutela, proiektu edota deialdien sorkuntza bateratu horretan. Aldundian nagoenetik, horrelako prozesuen beharra, aldiz, beste ikuspuntu batetik ere ikusten dut. Izan ere, Aldunditik estrategia eta helburu orokorrak finkatu genitzake, baina horiek gauzatzeko hainbat eragileren beharra daukagu: enpresak, hirugarren sektoreko eragileak, zentro teknologikoak, bai eta beste hainbat ere, eta horien artean garapen agentziak, noski. Lekuan bertan diharduten eragileek ezagutzen dituzte ondoen zailtasun eta beharrak, beraz, gaurko ikuspuntutik are eta beharrezkoago ikusten dut lan eredu hori.
5. Nola bizi izan duzu hori? Proiektua toki desberdinetatik bizitzeak abantaila du? Zerbait egin zaizu deigarria?
Inongo zalantzarik gabe, eta beste hainbat egoeretan gertatu ohi den moduan, kasu honetan ere, gai bat ikuspuntu desberdinetatik bizi izanak asko laguntzen du, zalantzarik gabe. Bi aldeetan egon zarenean, bi alderdien pentsakizun eta espektatibak ezagutzeko aukera izaten da, beraz, enpatia ariketak egitea errazago gertatzen da, baita bestearen ikuspuntuak ulertzea ere.
Ez nuen uste Lurralde garapenerako laborategian bizi izandakoa hain erabilgarri aurkituko nuenik garapen agentziatik kanpoko lan berri baten! Sarritan aritu ohi nintzen Orkestrako bi Mirenekin solasean, Larrearekin lehen urteetan eta Estensororekin azkenekoetan, lanketa eta ordu haien guztien efizientziaren eta eraginkortasunaren inguruan. Askotan gogorarazi behar izaten zidan Miren Larreak, hastapenetan batik bat, horrelako prozesuek denbora behar izaten zutela, pazientzia beharrezko zela eta fedea ez galtzeko; ibilbide hau hasi eta hainbat urte iraganda, arrazoia zuela aitortu behar diot.
6. Zein uste duzu izan daitekeela Laborategiaren balioa zuen departamentuarentzat legealdi honetan?
Bere sorreratik, Proiektu Estrategikoetako departamentua, Aldundian dauden besteekin alderatuta, zertxobait desberdina dela esan genezake: sailaren azken helburua lurralde mailako estrategiak definitu, garatu eta gauzatzea da. Gipuzkoa hainbat arlotan Europa mailako erreferentzia bilakatu nahi bada, ez da nahiko Aldundiak horretarako diru funtsak bideratzea; eragile desberdinen lankidetza, konfiantza eta konplizitaterik gabe ezingo litzateke sekula lortu. Estrategien garapenak zeharka lan egitea eskatzen du –proiektuetan oinarritutako kudeaketa ereduan, alegia–, eta ez arlokako antolakuntza bidez, beraz honek “etxe” barruan lan egiteko ereduak ere aldatzea eskatzen du. Laborategia, funtsean, gobernantza partekatuko ereduan proiektuak garatu, ikasketak atera eta lan eredu berriak esperimentatzeko gune bezala ikusten dut, beraz, gure departamentua, bere horretan, ikasketa guztiak praktikan jartzeko lekua dela uste dut eta, izatez, laborategiko proiektu bat bezala irudikatzen dut.