2017 ekainak 2

Agentzien eta aldundiaren arteko hitzarmen sinadura

Gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eskualdeetako Garapen Agentziek euren arteko elkarlanerako markoa formalizatzen duen hitzarmen bat sinatu dute. Orkestrarentzat ere badu garrantzia hitzarmenak, izan ere institutuaren Zubigintza izeneko Ekintza ikerketarako laborategiak hitzarmenaren baitan egonkortu diren espazioetan fazilitazio lana garatu du.

“Espazio horiek gune formal bihurtzeak esan nahi du ikerketan landutakoa laborategitik atera eta politika bihurtzen dela ”, zehaztu zuen Miren Larreak. Beraz, ikerketa ikuspuntutik ere hitzarmenaren sinadura hito garrantzitsu bat da.

Aipatutako espazioak hiru dira: Eskualde Arteko Mahaia (EAM), garapen agentzietako lehendakari eta zuzendariek eta Aldundiko kideek osatzen dutena, gobernantzan aurrerapausoak eman eta lurralde politiketan lehentasunak definitzera zuzendua; Fazilitadoreen Mahaia, garapen agentzietako teknikarien eta aldundiaren elkarlanerako espazioa, gaitasunak sortzera bideratuta; eta Talde Eragilea, Aldun Nagusiaren Kabineteko eta  Ekonomia Sustapenerako departamentuko kideek osatuta, proiektuaren koordinaziorako.

Gipuzkoa Sarean 2009an ipini zen martxan gizarte kapitala eta lurralde lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin, eta apurka-apurka, gobernantza eredu berri bat bilatzeko bidea hartu du, batik bat sustapen ekonomikoko politiketan efizientzia eta elkarlana bilatzeko. Prozesu osoaren oinarrian egon da ekintza ikerketa.