2025ko otsailaren 14a

publicacion materias primas minerales2

 

  • Sartu Ezkutuko Txapeldunen Behatoki berrian, www.ezkutukotxapaldunak.eus webgunean.
  • Ezkutuko Txapeldunak nazioarteko merkatu nitxoetako liderrak diren euskal enpresak dira, eta haien arrakastaren oinarria kalitatea, nazioartekotzea eta berrikuntza dira.
  • Oraingoz, 38 Ezkutuko Txapeldun identifikatu dira, eta 15.000 pertsona baino gehiagori ematen diote lana. Gainera, beste 50 Ezkutuko Txapeldun potentzial daude.

  • Behatokiaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat balio handikoak eta ongizate iturri diren enpresa horien ezaugarriak xehetasun handiagoz ezagutzen laguntzeko metodologia hobetzea.

  • Ekimen honi lotuta, Ezkutuko Txapeldunen komunitate bat sortu nahi da, horrelako enpresa gehiagoren garapena bultzatzeko.

BBK Banku Fundazioak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, elkarlanean, Behatoki bat sortu dute, nazioarteko merkatu nitxoetako liderrak diren euskal enpresak ikusarazteko, babesteko eta bultzatzeko. Enpresa horiei Ezkutuko Txapeldunak ere esaten zaie, oro har, ez baitira ezagunak herritarrentzat; izan ere, nitxo jakin batzuetako enpresak dira, manufakturako sektorekoak, eta, nagusiki Business-to Business (B2B) merkatuetan aritzen dira. Ekimenak enpresa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikorako duten balio izugarria nabarmendu nahi du. Gainera, Ezkutuko Txapeldunen komunitate bat sortzea sustatuko du, enpresa horien berariazko erronkak eta beharrak identifikatzeko eta esperientziak trukatzeko bideak irekitzeko, ezaugarri horiek dituzten enpresa gehiagoren garapena bultzatu nahian.

Orkestrak azken urteetan garatu duen metodologiari esker, gure autonomia erkidegoan 38 Ezkutuko Txapeldun identifikatu dira, eta enpresa horiek gaur egun 15.000 pertsona baino gehiagori ematen diote lana. Beste 50 enpresa ere Ezkutuko Txapeldun izan daitezkeela ikusi da. Enpresa horien arrakastaren arrazoiak bikaintasunari ematen dioten garrantzia, nitxo jakin batean lortutako lehiatzeko abantailetan oinarrituta, nazioartekotzea eta berrikuntzarako orientazioa dira. 

Enpresa horien ezaugarri garrantzitsuenetako bat da enplegu egonkorra eta kalitate handikoa sortzen dutela. Ezkutuko Txapeldunek garrantzi handia dute euskal ekonomian, enpresa horietako gehien-gehienak gure ekonomiarako giltzarri edo bultzatzaile diren sektoreetakoak baitira. Haien hornidura kateak lurraldeari lotuta daude, eta nor bere sektorean abangoardian dago. 

Nazioartekotzea berezkotzat dute enpresa horiek, etxeko merkatuan ez baitute nahikoa eskari aurkitzen. Horregatik, salmenten % 75 atzerriko merkatuetara bideratzen dute. Produktu izarretako batzuetan, salmentei begiratuta, Europako rankingeko lehen postuan daude edo munduko rankingeko lehen hiru postuen artean, merkatu kuotaren arabera. Horrela, kanpo merkataritzako balantzaren saldo positiboari ekarpena egiten diote.

Berrikuntzarako bokazio argia eta izaera irekia dute; izan ere, desberdintzean oinarrituta lehiatzen diren espezialistak dira, eta fakturazioaren % 4 inbertitzen dute I+G+Bn, hau da, antzeko beste enpresa batzuen ohiko batezbestekoa halako bi. Etengabeko berrikuntza eta hobekuntza sustatzen dute ingurunean eta horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoa industria eta teknologia bikaintasunaren mapan kokatzen laguntzen dute. 

Nagusiki euskal jabetzako enpresak dira; haien artean pisu esanguratsua dute familia enpresek (% 34) eta kooperatibek (% 24). Hori dela eta, lurraldean oso errotuta daude eta ingurunearekiko konpromiso handia erakusten dute, eta, ildo horretatik, lurraldeko hornitzaileekin harreman sendoak eraikitzeko joera dute eta tokiko balio kateak dituzte, neurri handi batean. Gainera, etengabe lan egiten dute tokian tokiko jakintzako eragileekin, besteak beste, zentro teknologikoekin edo lanbide heziketako ikastetxeekin.

Ezkutuko Txapeldun gehienak tamaina ertaineko edo txikiko hiriguneetan daudenez, lurralde oreka sustatzen dute, eta biztanleria metropoli aglomerazioetan kontzentratzeko gero eta joera handiagoa arintzen dute, gero eta biztanle gehiago biltzen diren hiri handietatik ihes egiten baitute.  

Ezkutuko Txapeldunen Behatokia

Enpresa horiek euskal ekonomiarako duten balioa ikusarazteko asmoz, BKK-k eta Orkestrak www.ezkutukotxapeldunak.eus webgunea prestatu dute. Bertan, Ezkutuko Txapeldun gisa identifikatu diren 38 enpresak mapa interaktibo batean kokatu dira, eta bakoitzaren izena eta sektorea ikus daitezke. 

Plataforma bizia da, hazten jarraituko du eta atal berriak erantsiko zaizkio. Adibide bat “Azterketa kasuak” atala da, ibilbide arrakastatsua izan duten eta antzeko beste enpresa batzuentzat, nazioarteko merkatuetako nitxoetako lider bihurtzeko bidean, inspirazio iturri izan daitezkeen enpresen bilakaera azaltzen duena. Urtez urte enpresa horien bilakaera monitorizatzeko eta Ezkutuko Txapeldun potentzialak identifikatzeko metodologia hobetzen jarraitu nahi da. Hori bera berariazko beste azterketa batzuetarako oinarri izango da. 

Behatokia abian jartzea eta haren bide orria jakinaraztea mugarri garrantzitsua da ekimen honen garapenean. Enpresek oso ongi hartu dute ekimena, eta Ezkutuko Txapeldunen komunitateak datorren martxoaren 11n izango du lehen bilera, BBK Kuna gunean. Lan saio horretan, enpresa horiek aurrean dituzten erronkak identifikatzea izango da helburua, erronka horiek elkarlanean lantzeko. 

Behatokia Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak bultzatutako proiektua da. Institutuak urteak daramatza enpresa horien ezaugarriak sakon aztertzen. Proiektuak BBK Banku Fundazioaren babesa du. Fundazioa oso konprometituta dago gizarte garapenarekin eta ekonomiaren sustapenarekin eta, horretarako, lurraldean oso errotuta dauden enpresa proiektuak bultzatzen ditu.