2023ko irailaren 28a

IMG 6479 2

Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

  • Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Orkestrarekin, "Talentuaren aldeko konpromisoa" proiektuaren bigarren faseari ekiteko.

  • Proiektu hau 2022ko maiatzean abiatu zen, eta lurraldeko 25 eragile baino gehiago proposamen partekatu baten inguruan batzea lortu du STEM talentua sortzeko, garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko.

  • Orkestra arduratuko da eragileekin adostutako konpromisoen dekalogoan egindako aurrerapenak monitorizatzeaz, elkarlaneko gobernantza-eredu baten bidez

Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa berritu du Orkestrarekin, "Talentuaren aldeko konpromisoa" proiektuaren barruan. Lankidetza honen helburua Bizkaian talentua lehiakortasunaren zutabe gisa indartzeko lanean ari diren lurraldeko eragile nagusiekin abian jarritako lankidetzazko gobernantzaren eredua bultzatu eta monitorizatzea da.

‘Talentuaren aldeko konpromisoa’ proiektura Bizkaiko eragile nagusiak bildu dira talentua sortzeko, garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko proposamen baten inguruan; izan ere, talentua gakoa da lurraldearen eta Bizkaiko enpresa eta ikerlarien lehiakortasunerako.

Proiektu hau 2022ko maiatzean abiatu zen, STEM profilen eskariaren eta arlo horretan trebatutako profesionalen eskaintzaren arteko aldea murrizteko helburuarekin.

Lehenik eta behin, Orkestrak Bizkaiko eta Euskadiko talentuaren egoeraren eta defizitaren diagnostiko zehatza egin zuen. Azterketa horren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko eragile nagusiei dei egin zien Bizkaian talentua erakartzeko eta atxikitzeko inflexio-puntua izango zen ibilbide-orri bat adosteko.

Lan horrek 25 erakunde eta enpresa parte-hartzaileren arteko akordio bat ekarri zuen, konpromisoen dekalogo bat ezartzeko, proposatutako helburuetarantz aurrera egiteko helburuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, hainbat erakunde publikok eta beste eragile batzuek osatzen dute lantalde hori, hala nola EAEko hiru unibertsitateek, Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteek, funtsezko sektoreetako klusterrek, enpresa-elkarteek, fundazioek eta ekonomian liderrak diren enpresek.

Proiektuaren bigarren fasea

Eratu zenetik, "Talentuaren aldeko Konpromisoaren" parte den eragile-taldeak aktiboki lan egin du proiektua hedatzeko, hainbat konpromiso zehaztuz eragileek parte hartzen duten proiektuetan, haien ezagutzaren eta espezialitatearen arabera.

Proiektuaren bigarren fase honetan, Orkestra arduratuko da konpromisoen dekalogoaren garapena monitorizatzeaz, eragileekin adostutako lankidetzazko gobernantza-ereduaren esparruan.