2022ko urtarrilaren 19a 

Presentacion monográfico EKONOMIAZ 99

© ECCP Mapping Tool

Europako Batzordearen klusterren inguruko txosten nagusiak, Orkestrak egina, Estatu kideetako ekonomia jardueren klusterizazioa aztertu du, baita Europar Batasuneko 1.000 kluster erakunde baino gehiago ere.

Pandemiak agerian utzi du klusterrak garrantzi handikoak direla erregioen erresilientzia handitzeko. Krisiaren aurrean, Europa osoko enpresen eta gobernuen arteko zubi lana egin dute, hornikuntza katea eteteak ekarri dituen arazoei erantzuteko. Era berean, ekoizpeneko gaitasun berriak garatzen lagundu dute, esate baterako, norbera babesteko ekipoak eta txertoak egiteko.

Berriki, Europako Batzordearen Europako Klusterren Elkarlanerako Plataformak (ECCP) European Cluster Panorama 2021 txostena argitaratu du. Txostenak Estatu kideetako jardueren klusterizazioaren eta kluster erakundeen presentzia eta jardueraren azterketa zehatza eskaintzen du. Ikerketa Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileek egin dute. Europar Batasuneko 27 herrialde kideetako 201 erregioetako jarduera ekonomikoaren espezializazioaren mapaketa egin dute, enpleguari eta balio erantsiari lotutako datuak erabiliz. Eta erregio horietan dauden kluster erakundeen presentziaren eta ezaugarrien inguruko informazioa ere erantsi dute.

Euskal Autonomia Erkidegoa, kluster-erakunde gehien dituzten Europako eskualdeen artean

Txostenaren lehenengo ondorioa da klusterizazioa Europako ekonomiaren funtsezko ezaugarri bat dela. Mapaketa tresna erabiliz, ECCPk sektore espezializazioko 1.500 nodo baino gehiago eta 1.000 kluster erakunde aktibo baino gehiago identifikatu ditu, Ekonomia Jardueren Nomenklatura Orokorreko bi digituko sailkapeneko 88 sektoretatik 73tan.

Erregioei begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoa kluster erakundeek presentzia handiena duten Europako erregioen artean dago. Guztira 18 kluster erakunde daude eta Europako Batzordeak finantzatutako Europako Kluster Partenariatuetatik 6ren lidergoa dute horietako batzuek.

Azterketak erakusten digu kluster erakundeek kideei laguntza ematen dietela nazioartekotzean (klusterren % 85ek dio enpresei esparru horretan laguntza eskaintzen dietela), trantsizio digitalean (% 80), trantsizio berdean (% 62), gizarte berrikuntzan (% 49) eta prestakuntza jardueretan (% 21). Bazkideei zerbitzu aukera zabala eskaintzen diete, nagusiki lankidetza errazteko eta berrikuntza handitzeko

Klusterren rola trantsizio berdea eta trantsizio digitala sustatzeko

Txostenaren beste ondorioetako bat da klusterrak funtsezkoak direla trantsizio berdea eta trantsizio digitala bizkortzeko, bi trantsizioek merkatuan doikuntzak egite eskatzen baitute, sektore eta balio kate guztietan. Ildo horretatik, klusterrak garrantzi handikoak dira elkarri lotutako trantsizio horiek arrakastaz bideratzeko, hiru funtzio betetzen dituztelako: merkatuari buruzko informazio iturri dira, lankidetza sareak garatzeko bitartekariak dira, eta enpresei laguntzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Gainera, txostenak erakusten du Europako kluster erakundeek beren burua funtzio horietarako egoki ikusten dutela, bai tradizioan berde edo digitaltzat hartu izan diren sektoreetan eta bai zeharka, gainerako sektore guztietan. Hain zuzen ere, kluster erakundeen artean, % 80ek baino gehiagok esaten dute kideei laguntza eskaintzen dietela trantsizio digitalari aurre egiteko eta % 60k baino gehiagok, trantsizio berdeari aurre egiteko.

Erronka handia da klusterren lankidetza ahalmen hori eta Europa osoko industria jardueretan duten presentzia aprobetxatzea, trantsizio berdean eta digitalean aurrerapausoak bizkortzeko.

Klusterrak eta lehiakortasuna

European Cluster Panorama argitalpenak klusterren eta erregio mailako lehiakortasunari lotutako 24 adierazleren arteko erlazioa ere aztertu du. Txostenaren arabera, kluster erakundeen presentziak, nagusiki, lehiakortasunaren alderdi ekonomikoetan edo teknologikoetan errendimendua handitzea dakar.

Baieztapen hori bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde estrategia: trantsizio handietarako ikaskuntzak eta erronkak txostenean egindako azterketaren ondorioekin. Txostena orain dela gutxi argitaratu du Orkestrak eta erakusten du azken hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko kluster elkarteek zeregin garrantzitsua izan dutela enpresen lehiakortasunean, gobernuaren, industriaren eta prestakuntza eta ikerketa zentroen arteko lankidetza ahalbidetu baitute.