2020ko otsailak 4an

img noticia presentacion DESI

Euskal Autonomia Erkidegoa Europan bosgarren tokian dago bere gizarte eta ekonomiaren digitalizazioari dakogionez, Finlandia, Suedia, Herbehereak eta Danimarkaren atzetik.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea), Euskaltelek lagunduta, EAEko Ekonomia eta Gizarte Digitalak ikerketaren 2019ko txostena prestatu du. Txosten horren emaitzek erakusten dute Euskadik baliabideak badituela trantsizio digitalak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko. Ikerketak Europako Digitalizazio Indizea (DESI) osatzen duten 43 adierazleak aztertu ditu, bost dimentsiotan multzokatuta: Konektagarritasuna, Teknologia digitalaren integrazioa enpresetan, Zerbitzu publiko digitalak, Giza kapitala eta Interneteko zerbitzuen erabilera etxean. EAEko emaitzak EB-28ko herrialdeekin alderatzeaz gainera, 2017tik gaur egunera arteko bilakaera ere aztertzen da. 

Orkestrak aztertu dituen hiru dimentsioetan aurrera egin du eta horietako lautan Europako batezbestekoaren gainetik dago

Egindako azterketak erakusten digu 43 adierazleetatik Euskadik 35 adierazletan eusten diola iazko tokiari edo hobetzen duela toki hori eta 8 adierazletan egiten duela atzera. Horregatik, esan dezakegu egoera onean dagoela digitalizazioaren inguruko etorkizuneko erronkei aurre egiteko.  

 

Jarraian, txostenean aztertu diren bost dimentsioetako bakoitzeko ondorio nagusiak azalduko ditugu.

Konektagarritasuna

Konektagarritasunean egin den aurrerapena nabarmentzeko modukoa da. Azken urteetan banda zabal azkarra eta ultraazkarra zabaltzeko egin den lanari esker, Euskal Autonomia Erkidegoa (% 74,42) Europan liderra da esparru horretan. Bilakaerarik onena izan duen dimentsioa da. Hain zuzen ere, azken urtean % 8,45eko hazkundea izan du, aurreko urtekoaren bikoitza, eta Danimarkaren (% 73,60) eta Luxenburgoren (% 73,31) aurretik jarri da.

Teknologia digitalaren integrazioa enpresetan

Dimentsio honetan, Euskal Autonomia Erkidegoa seigarren tokian dago, % 57,68ko balioarekin, Europako batezbestekoaren gainetik (% 41,05). Teknologia digitala enpresetan nola txertatu den ikusteko, alde batetik negozioen digitalizazio maila aztertzen da eta, bestetik, merkataritza elektronikoa. Negozioen digitalizazioari dagokionez, EAEk lehenengo postuetan egoten jarraitzen du. Aurreko urteetako bilakaerari eusten zaio, nahiz eta azken urteko hazkundea (% 4,37) 2017-2018 urteetakoa baino txikiagoa izan (% 11,63).

Hobetzeko esparruen artean merkataritza elektronikoa dago: EAEko enpresa txiki eta ertainek Internet bidez egiten dituzten salmenta elektronikoak (% 24,84) Europako batezbestekoaren azpitik daude (% 38,15). Orkestraren txostenak aipatzen du beharrezkoa dela alderdi hori indartzea, ingurune digital berriaren aurrean.

Zerbitzu publiko digitalak

Administrazio publikoak zerbitzu publiko digitaletan egin dituen ahaleginek emaitza onak ekarri dituzte. Txostenaren arabera, dimentsio honen hobekuntza nabarmena da: % 9,35eko hazkundea izan du 2019an, aurreko urtean % 0,56 hazi zenean.

Osasun publikoko zerbitzuen digitalizazioan, EAE Europako bigarren tokian dago, Danimarka besterik ez du aurretik. Dimentsio honetan aztertutako adierazleen artean, % 100era iristen dira datu medikoen trukea eta errezeta elektronikoa. 

Giza kapitala

Giza kapitalaren dimentsioan ez da aurrerapenik ikusten azken bi urteetan, gainerako herrialdeetan gertatzen denaren antzera. Geldialdi horren arrazoi nagusia da Europar Batasunak trebetasun digitalak neurtzeko eskakizun maila igo duela. Horrela, erabiltzaileen softwareko gaitasunei lotutako adierazle berriak sartu dira (esate baterako, testu prozesatzaileen erabilera, marrazkiak dituzten aurkezpenak eta dokumentuak, programazio hizkuntza, edukien sorkuntza, etab.). Hurrengo urteetan, garrantzitsua izango da trebetasun digitalak bultzatzen jarraitzea, Euskal Autonomia Erkidegoa 25. tokian baitago erabiltzaileen software gaitasunen adierazlean.

Azpimarratu behar den beste alderdi bat da IKTetako langile espezialisten kopurua Europako batezbestekoaren azpitik dagoela. Hala ere, Euskadi toki onean dago IKTetako gradudunen kopuruari begiratzen diogunean.

Interneteko zerbitzuen erabilera etxean

Aztergai ditugun bost dimentsioetatik, Euskal Autonomia Erkidegoa bakarrean ez da iristen Europako batezbestekora: etxeetan Interneteko zerbitzuen erabileran. Atal hori xehetasunez aztertu ondoren, mailarik txikiena “onlineko transakzioetan” dagoela ikus dezakegu. Lehenengo tokia hartzen du, ordea, onlineko ikastaroen adierazlean. 

Trantsizio digitala Euskadin: 2020tik harantzago

Azterketaren emaitzek eta Europar Batasunak digitalizazioari lotutako adierazleak neurtzerakoan zorroztasun handiagoz jokatzeak adierazten digute digitalizazioari lotutako alderdiak hobetzeko lanean jarraitu behar dela. Aztertutako datuek agerian uzten dute hobekuntzak izan direla, nahiz eta horrek kokapenean aldaketarik ez ekarri, ekonomiaren eta gizartearen digitalizaziorako bidea EB-28 osatzen duten herrialde guztientzat delako.

 

 

Aztertu ditugun bost dimentsiotatik lautan, EAEko balioak Europako batezbestekoen gainetik daude, beraz, egoera aurreratuan dago negozio eredu berriei lotutako etorkizuneko erronkei erantzuteko. Era berean, horrek aukera emango dio erronka digitalari estrategia eta kudeaketa alderditik erantzuteko, teknologia produktuan edo prozesuan txertatzetik harantzago. Horixe da Trantsizio digitala Euskadin: 2020tik harantzago jardunaldian azaldu den gogoetako bat. Jardunaldia gaur izan da, Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean, Orkestrak antolatuta, Euskaltelen laguntzaz.

Saioan izan dira Lucas González Ojeda, Europako Batzordearen Espainiako Ordezkaritzako bozeramailea; Jordi Escale, Garnterreko bazkide exekutibo seniorra eta digitalizazioan aditua; Fernando Asenjo, IKUSIko Ingeniaritza eta Integrazio Proiektuen Unitateko EMEA zuzendaria; Jatsu Intxaurbe, BATZ Taldeko Berrikuntza eta Sustapen zuzendaria; Nerea Martiartu, Bizkaiko Foru Aldundiko Herritarren Arretako eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria; eta Patxi Pardo, Euskaliteko Komunikazio zuzendaria.

Herritarrei trebetasun digital berriei lotutako gaikuntza eskaintzeko bideak bilatzea eta enpresei, administrazio publikoei eta erakundeei digitalizazioan aurrerapausoak ematen lagunduko dieten politikak aplikatzen jarraitzea garrantzi handikoak dira ingurune digital berrian.

Esparru horretan aurrera egiteko, jardunaldian aipatu den bezala, arauketa egokia garatu behar da, enpresei, herritarrei eta administrazioei ziurtasuna emango diena, bereziki sortzen ari diren merkatu berrietan. Era berean, jardunaldiko parte hartzaileek negozio eredu berrien berrikuntzarako bideaz eta adimen artifizialaz ere hitz egin dute. Hain zuzen ere, adimen artifizialak ehun ekonomikoan eraginkortasunez hedatzeko estrategiak behar dituela aipatu dute.

Argitalpena