2019ko irailak 30

Larrea Aranguren Legebiltzarra

Klima aldaketaren, digitalizazioaren edo zahartzearen erronkek elkarrekin lan egitea eskatzen dute, lurraldearen ongizatea eta lehiakortasuna bermatuko duten irtenbide eraginkorrak aurkitu ahal izateko.

Mezu hori eman nahi izan zuten Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Miren Larrea ikertzaileak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Batzordearen aurrean egin zuten agerraldian, “Lurralde garapena: askotariko gobernantzetatik maila askotako gobernantzara”.

"Lan egiteko modu bat da, gizartean antolatzeko modu bat"; "Lurraldearen gaitasun kolektibo horietatik abiatuta joan beharko dugu eraikitzen"

Batzordekideei azaldu zieten Institutua azken 12 urte hauetan askotariko eragileen arteko elkarlanean oinarritutako gobernantza eraikitzeko lanean aritu dela, garapen eredu inklusiboa sortzen laguntzeko. “Lan egiteko modu bat da, gizartean antolatzeko modu bat”, adierazi zuen Mari Jose Arangurenek. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan gobernantza mota hori bultzatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen, lurraldeak ekonomia eta gizarte eredu inklusibo bat sustatzeko egin duen apustuarekin bat.

Bestalde, Miren Larreak Orkestrak urte hauetan, ikerketa-ekintzaren metodologiaz baliatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera landu dituen kasuetako ikaskuntza nagusiak aurkeztu zituen.

Prozesu horietan eskuratutako jakintza oinarri hartuta, “bestearen rola aintzat hartzeak eta besteari modu estrategikoan pentsatzeko gaitasuna aitortzeak” duen garrantzia nabarmendu zuen, irtenbideak modu eraginkorrean eta adostasunez bilatzea ahalbidetuko duen gobernantza eraiki nahi bada.

Larreak erantsi zuen beharrezkoa dela ulertzea “toki bakoitzean zein diren lurraldearen gaitasun kolektiboak”, “gaitasun kolektiboak ez baitira norberaren banakako gaitasunen edo erakunde bakoitzaren gaitasun kolektiboen berdinak”. “Lurraldearen gaitasun kolektibo horietatik abiatuta joan beharko dugu eraikitzen gaur egungo gizartearen erronka nagusiei –horien artean, klima aldaketari, digitalizazioari edo zahartzeari– eman nahi diegun erantzuna”.

Era berean, Larreak adierazi zuen estrategia ikasten eraikitzen dela, “baina egiten hasiz eta ekintzatik ikasten da”. Hala, Batzordearen aurrean azaldu zuen Institutuak gogoeta eta ekintza uztartzen dituen metodologia erabiltzen duela estrategia modu kolektiboan sortzen joatea errazteko. Eta, estrategia sortzearekin batera, egoera konplexuei eman behar zaizkien erantzunak aurkitzen joaten da.