2019ko urriak 15

NOT presentacion informe 2019

Orkestrak egin duen diagnostikoak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoa aurrerapausoak ematen ari dela gizarte eta ekonomia lehiakortasuneko eredu orekatu batera, bai ekonomia adierazleak eta bai gizarte adierazleak bilakaera egokia izaten ari baitira. Erronka batzuk ere badira eta Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenak etorkizun hurbilean intentsitate handiagoz landu behar diren lehentasunetan sartu ditu. Horien artean daude enpleguari eta merkatuaren beharrei egokitutako lanbide gaitasunen garapenari lotutako alderdiak.

Ikusi txostena

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostena

Ikusi online txostena

Euskal Autonomia Erkidegoak, oro har, kokapen ona du ekonomia eta gizarte adierazleetan. Hain zuzen ere, errenta mailarik handiena eta pobrezia tasarik txikiena duten Europako erregioen artean dago. Orkestraren 2019ko Txostenak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunak hobera egin duela hainbat arlotan eta herritarrentzat emaitza onak lortzen dituela, ongizateari dagokionez. “Biztanleko BPGn" aurreko urtean baino kokapen hobea du eta ezusteko gastuei aurre egiterik ez duten pertsonen ehunekoak behera egin du. Baina txostenak hobetzeko alderdi batzuk ere identifikatu ditu, ongizatearen oinarriak iraunkorrak izatea nahi badugu.

Ekonomia eta gizarte adierazle gehienek hobera egin dute

Erronka horietako batek enpleguaren hainbat alderdirekin du lotura. Langabeziak gazteengan eta 55 urtetik gorako pertsonengan du eraginik handiena. Iraupen luzeko langabetuek dituzte zailtasunik handienak lanpostu bat berriro eskuratzeko. Hala ere, datu horrek hobera egin du, aurreko urtekoarekin alderatuta (% 4,7 aurten eta % 5,5, iaz). Egoera horrek eskatzen du prestakuntza ekintzak eskaintzen jarraitzea, kolektibo horietako pertsonak kontratatzeko pizgarri fiskal berriak erabakitzea, eta gizarte politikak garatzea, lanik eza gizarte bazterketa bihur ez dadin. Era berean, beharrezkoa da kontratazio berrien kalitatea hobetzen jarraitzea, besteak beste, alderdi hauei dagokienez: soldata, aldi batekotasuna, lanaldi partzialeko lana, edo pertsonen ikaskuntza eta garapenerako lan ibilbide erakargarriak bultzatzea.

Enpresa portaeraren ikuspegitik, euskal enpresek lehiatzeko gaitasun egokia dute, produktibitateari eta kostuei dagokienez. Finantza ikuspegitik, enpresek ez dute arriskuak hartzeko joera handirik, eta zorpetzea gutxitzen eta funts propioak sendotzen jarraitu dute. Berrikuntza, nolabaiteko indargunea dugu berrikuntza teknologikoan eta ahultasuna, ordea, teknologikoa ez den berrikuntzan, bereziki enpresa txikietan. Enpresen artean, tamaina handieneko industria enpresak ahalegin handia ari dira egiten berrikuntzan. Enpresa horien % 17k merkatuarentzat berriak diren produktuak merkaturatzen dituzte. Europan, batez beste, % 6,5 da ehuneko hori.

Enplegua, berrikuntza eta nazioartekotzea dira erronka nagusiak

Azken urtean, sendo jarraitzen du euskal enpresen nazioartekotzeak, nahiz eta enpresa eta jarduera jakin batzuetan kontzentratuta egon. Produktuak eta zerbitzuak esportatzen dituzten enpresen kopuruak behera egin badu ere, handitu egin da bai erregulartasunez esportatzen duten enpresen ehunekoa eta bai enpresa bakoitzeko esportazioen batez besteko balioa. Euskal enpresen esportazioen balioa 25.000 milioi eurotik gorakoa izan zen 2018an, aurreko urtean baino % 6,8 handiagoa. Atal horretan, Txostenak gomendatzen du enpresa bakoitzaren esportazioen bolumena handitzeko ahaleginak egitea, hazkunde hori bultzatuko duten politikak aplikatuz. Gainera, enpresa aitzindariek trakzio lana egin dezakete kanpoko merkatuetara irekitzeko lehenengo pausoak ematen ari diren enpresekin.

Orkestrak prestatu duen txostenak mundu mailako hainbat joerek eta gizarte, politika eta ekonomiari lotutako ziurtasun ezek gure lurraldearen lehiakortasunaren eta ongizatearen bilakaeran izan dezaketen eraginaren inguruan ohartzen du. Joeren artean aipatzekoak dira zahartzea, digitalizazioa, ekoizpen prozesuen automatizazioa edo klima aldaketa; ziurtasun ezen artean, Brexita, Ameriketako Estatu Batuek hasitako merkataritza gerrak edo Latino Amerikako herrialde batzuetako egonkortasun eza, Argentina, Brasil, Venezuela edo Kolonbiakoa kasu, euskal enpresentzat merkatu gakoak baitira.

Ildo horretatik, Orkestrak gomendatzen du politika proaktiboak garatzea, euskal industriaren enpresa eraldaketa bizkortzeko. Era berean, enpresen finantza egoera osasuntsua aprobetxatu behar da, besteak beste, langileen prestakuntzan, enpleguaren kalitatearen hobekuntzan, I+Gko eta berrikuntzako jardueretan, eta nazioartekotzea sendotzean inbertitzeko

Etorkizuneko lanbide gaitasunak

Enpleguaren etorkizunari lotutako alderdien garrantziaz jakitun, Orkestrak sakon aztertu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide gaitasunak, gaur egungo egoera, hezkuntza sistemak eta enpresek abian jarri dituzten ekimenak, eta eraldatzen ari den ekonomia baten beharrak. Diagnostiko honek garrantzi berezia du, Europar Batasunak berak, RIS3 politikaren fase berrian, gaitasunen garapenean sakontzea proposatzen baitu.

Orkestrak identifikatu dituen doikuntza ezen artean azpimarratzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoa gehiegizko kualifikazioa duen Europako erregioetako bat dela. Hala ere, emaitza orokorren atzean askotariko errealitateak ezkuta daitezke, lanbide profilen arabera. Analisiak erakusten du, oro har, ez dela ikusten lanbide gaitasunetan gabeziarik dagoenik eta, kasu askotan, lan ibilbideak eta lanari lotutako beste zenbait alderdi hobeto definitzeak lagundu dezakeela enpresek, zenbaitetan, aipatzen duten lanbideko profil jakin batzuen gabezia murrizten.

Ildo horretatik, gehiegizko kualifikazioa dugula jakinik, talentua erakartzeko estrategiek bertan betetzen ez diren profiletara, aniztasuna eta nazioarteko lotura erraztu dezaketenetara eta enpresetako zuzendaritza taldeen kultur aniztasuna bultzatu dezaketenetara mugatu beharko lukete.

Aurreikuspenen arabera, aldaketa sakona izango da sektore eta lanbide egituran

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoak hezkuntza politikaren eta industria politikaren ikuspegi osagarria indartzeko lan egiten jarraitu behar du. Are gehiago, prestakuntza arloko beharrei heltzeak eskatzen du eragile guztien lankidetza eta diziplina askotako eta epe luzeko begirada, eta enpresen, hezkuntza sistemaren, gobernuaren eta gizartearen arteko elkarrizketa erraztea.

Enpleguaren aurreikuspenen arabera, aldaketa sakona izango da sektore eta lanbide egituran. Manufakturak pisua galduko du lan merkatuan eta industriari lotutako enpresa zerbitzuek irabaziko dute pisua. EAEn, maila ertaineko lanbideek hazkunde nabarmena izango dute 2018 eta 2030 urteen artean, % 46,7tik % 51,7ra handituko baita haien pisua. Goi mailako kualifikazioen pisuak, ordea, behera egingo du, % 33,9tik % 32,2ra. Aldi horretan bertan, EAEko enpleguaren guztizko aukeren % 85etik gora ordezkapen prozesuetatik eratorriko dira.

Teknologiek enplegu suntsiketan izango duten eraginari dagokionez, nazioarteko esperientziak ikusiz esan daiteke ez dagoela eredu uniformerik. Beraz, ekiteko tarte asko dago. Horretarako bide bat izan daiteke gaitasunak egokitzea, automatizazio arrisku handieneko lanbideak sofistikatzea eta arrisku txikiagoko lanbideetarako trantsizioa erraztea.

Hezkuntza politikaren eta industria politikaren artean osagarritasun handiagoa behar da

Etorkizuneko ikuspegi horretan, alde batetik enplegu sofistikatuagoko aukera berriak sortuko dira, baina lanaren kalitateak kezka sortzen du, handitu egingo baita lan autonomoa, aldi batekoa eta nahitakoa ez den lan partziala. Horrenbestez, areagotu egingo dira langileen arteko desberdintasunak. Horregatik, enpleguaren ikuspuntutik sektore ahulenetara bideratutako neurriak garatzen jarraitu beharra ikusten da, gizarte bazterketa ekar dezaketen egoerak saihesteko.

Prestakuntza sistemari dagokionez, EAEko unibertsitateak eta lanbide heziketako eredua ongi ari dira erantzuten gaitasunak sortzeko sistemek dituzten erronkei. Azken urteetan, EAEko unibertsitate sistema ekimen berritzaileak garatzen hasi da (prestakuntza duala, lanbide heziketako ikastetxeekin itunak…), erreferentzia izan daitezkeenak. Lanbide heziketako euskal ereduari dagokionez, erreferentzia da nazioartean. Baina, hala ere, bigarren mailako ikaskuntza izatearen hautematea gainditu behar du eta hirugarren sektoreko eta hiriko ekonomia baten eskariei erantzun, emakumeak eta atzerrian jaiotako ikasleak erakartzea ahantzi gabe.

Gaitasunak sortzeko sistemaren ikuspegi berri honetan, enpresa eragile gakoa da eta ikaskuntza eremu bihurtu behar du. Enpresek berariazko gaitasunen eskasiari aurre egin behar diote eta gaitasun horiek garatzeko paper aktiboa izan.

Enpresa txikietan ikaskuntza espazioak garatzeko zailtasunak laguntza bereziak eskatzen ditu, pizgarri ekonomikoak, arauketa egokiak, bitarteko erakundeak eta prestatzaileei laguntza ematea. Eta beharrezkoa da, halaber, gaur egun prestakuntzari ematen zaion zerga hobaria berrikustea, euskal enpresen artean estrategikoak ez diren prestakuntza ekintzak garatzea bultzatzen baitu. 

 

Ikusi txostena

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostena

Ikusi online txostena