2019ko urriaren 2a

ivan marten JIEEC2019 2

Sare adimendunak garatzeak, energia eta ingurumen helburuak lortzen laguntzeaz gainera, ekonomiaren lehiakortasuna hobetzen ere lagunduko du, hainbat dimentsiotan. Halaber, balio erantsia sortuko du, askotariko balio kateetan, adierazi du Iván Martén Orkestrako presidenteak, JIEEC sare adimendunei buruzko nazioarteko hamaseigarren jardunaldia inauguratzerakoan.

Batzarra Orkestrak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Tecnaliak antolatu dute eta energiaren esparruan lan egiten duten enpresa, arautzaile eta erakundeentzat erreferentziazko topagunea da. Bi egunez, 200 profesional baino gehiagok sare mota horien garapenak teknologia, lege eta ekonomia aldagaietan ekarriko dituen disrupzioak landuko dituzte Bilboko Euskalduna Jauregian.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak; Alejandro Belausteguik, Tecnaliako Batzorde Exekutiboko bokalak; eta Iván Martenék, Orkestrako presidenteak, inauguratu dute energiaren esparruko hainbeste aditu batzen dituen topaketa hau.

Sare adimendunek autogestiorako ahalmen handia eta automatizazio maila handia izango dituzte eta, gainera, energia kontsumitzaileen zeregina indartuko dute, haiek izango baitira energia sistema berrien protagonistak

Marténen hitzetan, “energia trantsizioak energia sektorearen balio kate osoa aldatzea ekarriko du”. Sareek, erantsi du, “autogestiorako ahalmen handia eta automatizazio maila handia izango dituzte eta, gainera, energia kontsumitzaileen zeregina indartuko dute, haiek izango baitira energia sistema berrien protagonistak".

Energia paradigma berriak kontsumitzailea energia ekoizle bihurtuko du. Horretarako, ez da nahikoa izango energia hornidura seguru eta fidagarria bermatzeko teknologia eta prozesu berriak garatzea. Aitzitik, eragile, zerbitzu eta negozio eredu berriak bultzatuko ditu, energia sistema adimendunei eta energia kontsumoaren eta banatutako energia baliabideen kudeaketa efizienteari lotuta. Era berean, orain arteko arauketa eredua egokitzea eskatuko du horrek.

Sare adimendunen inguruan egituratzen ari den jokaleku berri horren aurrean, Martének sareetako enpresei eta elektrizitate sistemako gainerako parte hartzaileei pizgarriak emateko deia egin du, inbertsio, ekoizpen eta eragiketa erabaki egokiak har ditzaten, 2030 eta 2050eko helburuak eta energia trantsizioaren baitan planteatutako energia eta klima politikak betetzeko.

Hala, sareen ordainketa sistemak teknologia eta prozesu berrien berrikuntzan inbertitzea bultzatu beharko luke, azken kontsumitzaileak gehiegizko kostuak ordaindu gabe eta emaitza efizienteak bermatuz, energia eta ingurumen ikuspegitik.

Jardunaldia ABB, Iberdrola, Aclara, Arteche, Ingeteam, Ormazabal, Schneider Electric, Siemens eta ZIVren laguntzarekin ospatu da.

Etiketa: Energia lab-a