2019ko irailaren 27a

ase orkestra

Orkestrak elektrizitatearen kontsumoari eta kostuei dagozkien datuak aztertuko ditu, nagusiki industria enpresetako elektrizitate hornidurako 700 puntu baino gehiagoko lagin esanguratsu bat hartuta. Datuak ASE Taldeak eman dizkio, Espainiako energia batzaile independente handienak, Bilbon kokatuak.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) eta ASE Taldeak lankidetzari ekin diote, energia elektrikoak euskal industriarentzat duen kostua aztertzeko asmoz. Helburu horrekin hitzarmen bat sinatu dute, 'Elektrizitatearen prezioak Euskal Autonomia Erkidegoan' azterketa egiteko, ASE Taldeak elektrizitatearen kostuen eta kontsumoen inguruan emango duen informazio erreala abiapuntu hartuta.

Datuen analisiak aukera emango du energiaren kontsumoen eta kostuen bilakaera aztertzeko, bezero motaren, jarduera ekonomikoaren, kokapen geografikoaren edo konexioaren tentsioaren arabera.

Orkestrak "Elektrizitatearen prezioak Euskal Autonomia Erkidegoan" lana egingo du

Orkestrak datu lagin batekin lan egingo du, azken bost urteetan goi tentsioko 732 puntutan jaso den informazioaz baliatuz. Informazio hori anonimoa da. Energia batzaile independente izanik, ASE Taldeak hainbat konpainia elektrikok kontratu mota desberdinen pean eskaintzen duten hornidura hori guztia kudeatzen du. Enpresen kostuen eta kontsumoen inguruko informazio zehatza du, hortaz.

Horrela, prezioek denbora izan duten bilakaera ezagutu nahi da eta haien aldakuntza aztertu, hainbat aldagairen arabera. Horien artean, elektrizitatearen prezioarekin lotutakoak edo prezioen eta tarifen egituraren aldakuntzei dagozkienak.

Azterketaren faseak

Azterketak bi fase izango dituela aurreikusten da. Lanaren lehenengo fasean, dokumentu bat prestatuko da, enpresen kontsumoen, kostuen eta kontratatuta duten potentziaren erabileraren bilakaera aztertzeko. Datuak hainbat irizpideren arabera bereiziko dira: autonomia erkidegoa, lurralde historikoa, bezero mota, jarduera sektorea… Gainera, tentsio mailak elektrizitatearen kostuan duen eragina ere ebaluatuko da.

Bigarren fasean, Orkestrak aurreikusten du industriako kontsumoen profilak aztertzea, profil horien eta energia kostuen arteko harremanei begiratuta. Arreta jarriko zaie, halaber, potentziaren profilei, energia ordu puntetatik beste une batzuetara eramateari eta kontratatutako potentzia aldatzeak kostuetan duen eraginari.

Etiketa: Energia lab-a